Berrikuntza, jasangarritasuna, ibilbide profesionala, ekintzailetza eta kontsumitzaileen babesa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sarien ardatz

2019.eko abenduak 12

Sailburuak turismoaren esparruko gobernantza eta indarra, merkataritzaren erronkei aurre egiteko babesa eta kontsumo arduratsuaren inguruan kontzientziatzeko premia azpimarratu ditu

Eusko Jaurlaritzaren 2019ko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sariak emateko ekitaldia Donostian egin da, eta sektoreko profesionalek hiru arloetan egindako lana saritu da bertan. Ekitaldia Euskadiko turismoaren sintonia sortu duen Antonio Garamendiren emanaldiarekin girotu da. Sintonia hori duela hilabete aurkeztu zen, #Basquexperience leloarekin batera, eta protagonista izan da ekitaldian.

Sailburuak Sailak bultzatutako eta duela gutxi aurkeztu den Euskadiko Turismoaren Kode Etikoan islatutako turismo-eredua azpimarratu du: “genero-berdintasuna, inklusioa eta tolerantzia errespetatzen duen turismoa. Besteak beste ingurumen-jasangarritasunaren, turismoa urtaro guztietara zabaltzearen, mugimenduen deszentralizazioaren eta ekoturismoaren edo industria-turismoaren sustapenaren alde egin duen industria”.

Sonia Pérez Ezquerrak, halaber, goraipatu egin du merkataritzaren sektoreko profesionalek erronka-garai honetan modernizaziorako laguntzen, digitalizazio-programen, etengabeko prestakuntzaren eta proiektu berrien (hala nola Retail Euskal Eskolaren eta Erosketa-turismo arduratsuaren) babesarekin egindako ahalegina.

Hala ere, sailburuak gogorarazi duenez, merkataritza babesteko nahitaezkoa da kontsumitzaileen sentsibilizazioa. “Tokiko erosketa prezioa baino gehiago da. Laguntasuna da, hiri-eredua da, segurtasuna da. Erosteko lekua erabakitzen dugunean, gure etorkizunerako nahi dugun gizarte-eredua aukeratzen dugu”. Hori dela eta, Sailak kontsumo arduratsuaren inguruan kontzientziatzeko deia egin du, kontsumo mota “kontzientea baita, gainerako pertsonak eta gure planeta errespetatzen dituena”.

Ondoren, saritutako pertsonen eta enpresen zerrenda emango dugu, kategoriaren arabera. 12 sari izan dira guztira.

Turismo Sariak 2019

Berrikuntzaren kategoria. Mimo San Sebastián Food; berrikuntza ez dago teknologia berrietara mugatuta, eta balio erantsiko turismo-esperientzien sorkuntzari, merkaturatze-bideei eta negozioaren posizionamenduari lotutako beste kudeaketa-arlo batzuk hartzen ditu. Mimo San Sebastián Food-ek etengabe berritu du jarduera-arlo horietan, mailarik handieneko turismo-produktu bat sortzen jakin du, eta balioa sortu du bere eskaintzan.

 

Turismo jasangarriaren kategoria. Jardines de Uleta Suites hotela, Gasteizen. Hotelean garatutako ekimen arduratsu eta jasangarriagatik (buffet gosarian eta harreran kontsumoa murriztera bideratutako jarduketak). Gainera, emisio kutsatzaileen murrizketa, ekitaldien eremu osoan ontziak, beirak eta papera birziklatzeko sistema bat eta, azken urte honetatik aurrera, hondakin organikoen birziklatzea sustatzen ditu.

Ibilbide profesionalaren Saria. Arbelaitz familia, Zuberoa jatetxea, Oiartzunen. Establezimendua 600 urtetik gorako historia duen euskal baserri batean kokatuta dago, eta Michelín izar bat du 1987. urteaz geroztik. Gainera, bigarren Michelín izarra izan du 15 urte baino gehiagotan.  

Aipamen berezia.  Epaimahaiak Itxaslehor enpresari aipamen berezi bat ematea erabaki du, Euskadiko turismoaren bilakaeran (plangintzaren zein turismo-jomugen kudeaketaren eta sustapenaren arloan) eta jomugan kalitate- eta berrikuntza-parametroei jarraikiz garapen turistiko, sozial eta ekonomikoaren sustapenean laguntzen bete duen zeregin garrantzitsuagatik.

Merkataritza Sariak 2019

Enpresa-lankidetzaren kategoria. Pepita Uva, vino, artesanía y rutas SL. Guardia. Turismo-arloko erosketa arduratsuko betekizun guztiak betetzen ditu, eta zerbitzuak dibertsifikatzen eta zeharkako bihurtzen dituen merkataritza bat eskaintzen du. Ardandegiaren kontzeptu desberdin bat da; izan ere, saltokia ez ezik, askotariko alderdiak (ardoa, kultura, historia eta gastronomia) lantzen dituen zerbitzu-zentroa ere bada.

Merkataritza-berrikuntzaren kategoria.  Carolina Archeli Saralegui (Espe arrandegia). Donostiako Bretxako Azoka. Udal-azoketako postuen balioa nabarmentzen laguntzen du, eta elikaduraren sektorearen barruan eskaintzen dituen zerbitzuen berrikuntza planteatu du. Oso ongi landutako webgune bat du, eta apustu irmoa egin du sare sozialen eta IKTen erabileraren alde. Bere berrikuntza nagusien artean, harpidetuta dauden bezeroei goizero bidaltzen dizkien bideoak azpimarra daitezke.

Ibilbide profesionalaren Saria. Almacenes Caype SA. Gasteiz. Gasteizko enpresa hau 1972ko ekainean sortu zuen Constancio Beltrán de Herediak, eta meza-liburuak eta estanpak egiten zituen ESET argitaletxerako. 2006. urtean, berrikuntza-proiektu berri batzuei ekin zien, eta hobera egin zuen e-merkataritzak eta teknologia berriek eskaintzen zituzten aukerak baliatzearen eta webgunea ateratzearen bidez (online zerbitzua urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan eskaintzen du).

Hiri-inguruneen dinamizazioaren kategoria. Muchas Telas. Donostia. Espainiako oihal-denda nagusietako bat da. 2016. urtean, bat egin zuen SShops Donostiak hiriko erakusleihoak zinemaren gaiarekin girotzeko sortutako ekimenarekin. Urte hauetan, bilakatu egin da eta establezimendu eta pertsona gehiagok egin dute bat ekimenarekin. Horren guztiaren helburua irailaren azken larunbatean Hondarribia kaleko inguruak eta saltokiak girotzea eta dinamizatzea da, eta Donostiako Zinemaldiaren elementu esanguratsu bihurtu da urtez urte.

Ekintzailetzaren kategoria. Mundaka Basque Country SL. Enpresa honek etengabeko ekintzailetzaren ezaugarri guztiak betetzen ditu: saltoki gisa hasi ziren, eta dagoeneko turismoaren sektorean aurrera egiten ari dira nabarmenki. Gainera, saltokiaren beraren barruan, ekin egin dute, marka propioa sortu dute eta ekintzailetza beren negozioaren DNA bihurtu dute.

Kontsumo Sariak 2019

Kontsumitzaileen babes handiagoa eta kontsumitzaile arduratsuak izateko prestakuntza lortzeko jardunen Saria. Bilboko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoa (KIUB). KIUBa 1984ko abenduaren 18an sortu zen, eta 2006an ziurtatu zuen bere zerbitzu-karta. Estatuan ziurtatu zuen lehen KIUBa izan zen.Kontsumo arduratsuaren aldeko enpresa-jardunbide egokien Saria. Bizi Slow, Barakaldon. Dendaren kontzeptu berri honen leloa "zaindu zure burua eta zure ingurunea" da. Besteak beste, garbiketa-produktu biodegradagarriak eskaintzen ditu, ontziratu gabe. Azpimarratu beharrekoak dira hainbat elkarterekin lantzen duen lankidetza, ematen dituen informazio-hitzaldiak eta ohitura jasangarriak izaten ikasi nahi duten talde eta elkarteei eskainitako zerbitzua.

Aipamen berezia: Santurtziko KIUBa. Aipamen berezia eman zaio Santurtziko KIUBari, 1983. urteaz geroztik etengabe egindako jardueraren bitartez kontsumitzaileen eskubideak babesteko egin duen ekarpen handiagatik.