Belaunaldien arteko elkartasun topaketa Lanbide Heziketan

Belaunaldiartekoa.png

2019.eko maiatzak 14

  • Lanbide Heziketako ikasleak eta adineko pertsonak elkartuko ditu jardunaldiak, nagusien zein gazteen bakardadeaz aritzeko

Lanbide Heziketaren Ikerketa eta Berrikuntza Aplikatuko Zentroak, Tknikak, Aubixa Fundazioarekin elkarlanean, Lanbide Heziketako ikasleei eta adineko gizon-emakumeei zuzenduriko jardunaldia antolatu du biharko, maiatzaren 15erako. “Bi belaunaldi… bide bakarra” leloarekin, adinekoen nahiz gazteen bakardadearen gaiari helduko dio topaketak.

Javier Yanguas Geriatria adituaren zuzendaritzapean, Donostiako Easo Politeknikoan elkartuko dira Lanbide Heziketan Gizarte eta Kultur Zerbitzuak arloko zikloak ikasten ari diren ikasleak. Zehazki, honako sei ikastetxe hauetako ikasleak izango dira: Meka LHII (Elgoibar); Monte Albertia LHII (Zarautz); Easo Politeknikoa LHII (Donostia); Aretxabaleta Lanbide Eskola LHII (Aretxabaleta); Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastola BHIP (Tolosa); eta Plaiaundi BHI (Irun).

Ikastetxe bakoitzeko ikasleek bideo bana egin dute aurrez, adineko pertsona bat elkarrizketatuz. Bideo horiek guztiak jardunaldian emango dira. Lan dinamikarako, 10 talde osatuko dira, horietako bakoitza gutxienik sei ikaslez eta adineko bi pertsonaz osatua.

Belaunaldien arteko topaketa hau Euskadiko Lanbide Heziketaren elkartasun jardueren baitan kokatzen da, eta honako asmo hauek ditu:

  • Gazteen eta gainerako belaunaldietako jendearen arteko debatea sustatzea, belaunaldiarteko itun berri baten oinarriak ezartzen lagunduko duten alderdi nagusiak identifikatzeko.
  • Belaunaldien artean adostea zeintzuk diren zainketaren balore positibo partekatuak.
  • Zainketa berrikuntza sozial gisa ulertzen duten baloreetan hezteko hezkuntza-edukiak lantzea.
  • Belaunaldiarteko boluntariotza sustatzea.
  • Belaunaldiarteko Foroa abian jartzea.