Barrualde-Galdakao ESIak euskarazko arreta espezializatuaren eskaintza aktibatu du

2019.eko abenduak 03

  • Ospitaleko espezialitate gehienek oinarrizko eskaintza egingo die euskaraz, 2019ko urrtitik, erreferentziazko bere biztanleei.  
  • Arreta eskaintza hori, aurrerantzean modu aktiboan egingo zaie erakunde sanitarioarekiko hartu-emanetarako, gaur-gaurkoz, euskara aukeratuta daukaten 45.000 erabiltzaileei, zein hala eskatzen duen beste edonori.
  • Eskaintzaren aktibazio horrez gain, Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuak urrats sendoak eman ditu euskara lan- eta komuikazio-hizkuntza ere izan dadin.

 

"

2016an, Barrualde-Galdakao ESIko Traumatologia (2016an) eta Ginekologia (2017an) Zerbitzuak izan ziren lehenak erakunde honetan euskarazko arreta espezializatuaren eskaintza aktiboa egiten. Harrezkero, aurrepauso sendoak eman dira, eta 2019ko urritik, aldiz, ospitaleko espezialitate gehienetara hedatu da eskaintza hori.

Helburu hori lortzeko, zerbitzuetako burutzekin elkarlanean jardun dugu, dauzkaten giza baliabideak berrantolatzeko, eta hizkuntza gaitasuna daukatenen eskutik euskarazko zirkuitu asistentzialen eskaintza finkatzeko. Ginekologiaren kasuan, esaterako, zerbitzu-buru den Jose Maria Aritzetak azaltzen digu zelan antolatu diren euren Zerbitzuan eskaintza egitea posible izateko: “Pertsonen Zuzendaritzarekin eta Euskara Zerbitzuarekin bilera egin eta gero, gure Zerbitzuaren hizkuntza-egoera aztertu genuen, baita euskarazko arretarako eskaintza adostu ere. Ondoren, gure profesionalen hizkuntza gaitasuna egiaztatu genuen, eta aztertu baita ere, horiek kontuan hartuta, posible ote zen anbulatorioetako kanpo kontsultetan euskarazko agendak eskaintzea, eta hala egin ezin izanez gero, Galdakao-Usansolo Ospitaleko kanpo kontsultetan eskaini ote zitekeen”. Bestalde, gaineratu du: “Zerbitzuko profesionalen konpromisoari eta inplikazioari esker lortu da gurean ekimen hau bideratzea”.

Horrela bada, gaur egun, espezialitate medikoaren arabera, euskarazko arreta egiteko bi modu daude: bata, eskaintza deszentralizatua da, anbulatorioetako kanpo kontsultetan eskaintzen dena (zonalde euskaldunetan eskaintza zabalagoa eginez, betiere), espezialitateak halako kontsultak dauzkan kasuetan. Eta bestea, Galdakao-Usansolo Ospitalean zentralizatutakoa, anbulatorioetan kontsultarik ez daukaten espezialiteetarako.

Bide batez, datuak biltzen dihardugu, erizaintza ere eskaintzara batzeko; Lehen Mailako Arretan egin den eran, osasun-arretako zirkuitu osoa euskaraz egitea ahalbidetuko duten talde asistentzial elebidunak osatzeko. Eskaintza hori egiten ari gatzaizkie gure erakundean osasun arretarako ahozko komunikaziorako euskara lehenetsita daukaten 45.000 erabiltzaileei, baita hori eskatzen duen beste edozeini ere.

Arreta espezializatu elebiduna antolatzeko, batetik prozedura zehaztu da, eta bestetik eskaintzaren datuak jaso hitzorduak emateko eskuliburuetan. Eta, zelan ez, harrerako profesionalei dagokien prestakuntza eskaini ere bai.

Laburbilduz, “gure zerbitzuetan profesional euskaldunak badauzkagu, eta eskaera ere badago, hortaz, bi aldagaiok aintzat hartuta, eskaintza antolatu dugu” azpimarratu du Barrualde-Galdakao ESIko Pertsonen zuzendari Miren Josu Ormaetxeak. Eta gaineratu du: “oraindik bidean aurrera egitea dagokigu. Zelan? Agenda elebidunak aplikazio informatikoan identifikatzeko aspaldiko eskakizunari erantzunez bateko, eta besteko, arestian esan dugun eran, erizaintzako profesionalak ere eskaintzara bilduz. Zerbitzu-eskaintzaren dinamika berri honek, jakina, etengabeko jarraipena galdatzen du, gerta daitezkeen intzidentziak antzemateko eta konpontzeko, eta hedatzen jarraitzeko”.

Ekimen honek, berriz, gure mugetatik kanpoko oihartzuna izan du. Hala, oraintsu, Coleg Cymraeg-ko ordezkaritzaren ¾unibertsitate mailako irakaskuntzan gales hizkuntzaren erabilera sustatzen duenaren¾ bisita izan dugu, Euskal Herriko Unibertsitateko kideekin batera. Gure zerbitzu-erakundean ekimen hau zelan kudeatzen ari den bertatik bertara ezagutu ez eze, euskararen erabilera eta presentzia zelan sustatzen den ere  ezagutu dute, unibertsitateko irakaskuntzan zein erakunde sanitarioen jardueran.

Beste ekimen batzuk

Bestalde, azpimarratu behar da, aurten bestelako lorpenak izan direla gurean, euskara lan- eta komunikazio-hizkuntza izan dadin, esaterako: Larrialdietako Zerbitzuan altako txosten medikoak euskaraz idatzi daitezke, baita erizaintzako altako txostenak ere. Aipatzea, baita ere, Euskal Herriko Unibertsitateak sustatutako Itzulbide proiektua. Testu librea modu automatikoan itzultzeko sistema da, eta profesional sanitarioek euren borondatez parte hartzen dabiltza. Asmoa Historia Klinikoan txertatzea, hala behar denean bermedun itzulpenak egiteko.

Amaitzeko, irakaskuntzaren arlora egingo dugu jauzia. EHUarekiko lankidetzari esker, aurtengo ikasturtean, Medikuntzako euskal adarreko graduatu aurreko ikasleak hasi dira gurera etortzen. Bestalde, Irakaskuntza Unitatearekin koordinazioan jardunez, zera lortu da: 2019tik aurrera, mediku egoiliarrei euren prestakuntza ibilbidea euskaraz egitea ahalbidetuko dien tutore euskaldunak esleitzea, espezialitate guztietan. 

Komunikazioa Barrualde-Galdakao ESI

 

Galdakaon, 2019ko abenduaren 3an