Aurrera doaz Tranbiaren lanak, Castro Urdiales eta Nieves Cano kaleetako trenbidearen muntaiarekin

Argitalpen-data: 

Aurrera doaz Gasteizko tranbiaren hegoaldeko lanak, Castro Urdiales eta Nieves Cano kaleetan trenbidearen muntaiarekin. Lanek trafiko-mozketa berriak eragingo dituzte bihartik aurrera, bost astez.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak egiten ditu lanak. Lan horiek egunez egingo dira. Eraisteak, indusketak, zerbitzuen berrezartzea, trenbidearen muntaia, hormigoitzeak, aglomeratuak eta seinaleak. Urriko lehenengo hamabostaldian bukatzea espero da.

Lanen fase berri honek eragina izango du Castro Urdiales kalean, eta horrek, Alberto Schommer, Heraclio Fournier eta Zendaguren kaleetako bidegurutzeei eragingo die. Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren 10 milioi eurotik gorako inbertsio bat jasoko dute tranbiaren lanek.

Trafiko-mozketa horiek bost aste inguruko iraupena izango dute, Espazio Publiko eta Trafiko Zerbitzuek egindako kalkuluen arabera, eta Castro Urdiales kalearen ‘iparraldean’ egingo dira. Hain justu ere, Heraclio Fournier, Zendaguren eta Luis Orgaz kaleetara doan trafikoa itxi egingo da (Alberto Schommer kaletik).

Heraclio Fournier kalera iristeko, beraz, San Cristobal zubitik joan beharko dugu, Izarduy Komandantea eta Nieves Cano kaleetatik barrena. José Uruñuela kalera joan nahi duten herritarrek arazorik gabe egin ahal izango dute Trenbide kaletik, mozketa hori Castro Urdiales kalean egingo delako. Zendaguren kalearen kasuan, bestetik, kale horren egungo sarbidea itxi egingo da. Ibilgailuek, beraz, kale horren egungo ‘irteera’ erabiliko dute sartzeko nahiz ateratzeko.

Luis Orgaz kalearen mozketak, azkenik, Alberto Schommerretik Unibertsitateko ibilbidera joan nahi duten ibilgailuak desbideratzera behartuko ditu. Unibertsitateen ingurura joateko hiru alternatiba erabili ahal izango dira: San Cristobal Zubitik barrena orain arte erabili izan dena (orain bezala); Zumakadi ibilbidetik barrena Herminio Madinabeitia-Domingo Martínez de Aragón kaleetara (Justo Vélez de Elorriagako parkingeraino bakarrik); eta Aguirre Miramón eta Juan Ibáñez de Santo Domingo kaleetatik Unibertsitateko ibilbideraino.