Astigarragako Urumea Berriko ibai-parkeak, ibaiaren joera naturala berreskuratuz, herrigunea ur-goraldietatik babestu du maiatzaren 19an, lehenengoz, berme guztiekin. Urumea Berriko ibai-parkea Ergobiako zubitik ibaian behera atondu berri da; era berean, espezie inbaditzaileak kendu, eta tokiko landaredia birlandatu da eremua.
Ibai-parkea naturan oinarritutako azpiegitura bat baino ez da: alegia, ibilguari tokia egiten zaio ur-goraldien emari oparoei ongietorria emateko. Ibaiak bere ohiko emariarekin doanero, ohiko ibilgua baino ez du bere egiten; alabaina, ibilgu hori ez da nahikoa izaten ur-goraldien emari handiagoei eusteko, eta ezinbestean, uholde-lautadarantz jotzen dute, natural-natural.
Ageriko errealitate horren jakitun izanda ere, duela urte gutxi batzuk arte, pertsonak eta zoru-erabilera hauskorrak ibaiari hurbiltzen jarraitu izan dira; ondorioz, herriguneak ia ibilguan bertan eraikitako azpiegitura bertikalez defendatzea baino beste aukerarik ez zen aurreikusten: bideratzeak, motak, estaldurak…
Ibai-ekosistemaren izaera aintzat hartu izan duten araudi zorrotzagoak indarrean sartu direnetik, eta aurrerantzean, uholdeei aurre egiteko lehentasuna da erabilera hauskorrek ez dezatela okupatu uholdeak bere egin behar duen eremua; posible denero ibaiari errepikakorki hazteko eremuak itzularaztea; eta, uholde-lautadetan kontsolidatutako erabilera hauskorrak defendatu behar direnero, ahalik eta ingurumen-erasan txikiarekin egitea, ahalik eta inibertsio eraginkorrarekin.
Ibai-parke bat, hortaz, bide eraginkor bat da uholde errepikakor eta naturalaren bidean pertsonak jartzeak sortzen duen arriskuari aurre egiteko: ibaiaren egoera ekologikoa aintzat hartzen du, uholdearen emari oparoak bera eremuan hartzen ditu, pertsonon segurtasuna xede; herriguneetan balio nabarmeneko espazio publikoak sortzen ditu,eta ibaiaren errealitatea herrigune horretan txertatzen du.