Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroan inskripzioa
Argitalpen-data:
Apirilaren 17tik aurrera Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroan inskribatua egotea ezinbesteko baldintza izango da laguntzak eta dirulaguntzak jasotzeko
Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza soziala edo delegaritza duten entitateek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web orrialdearen bitartez inskribatu ahal izango dira
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak (GLEA) garapenerako lankidetzako eragileen Euskal Autonomia Erkidegoko doako erregistroa sortu zuen joan den urrian entitateen gaitasuna eta kaudimena identifikatzeko asmoz. Horrela, aurretik erregistroan inskribatzea ezinbestekoa izango da Eusko Jaurlaritzak garapenerako GLEAren bitartez urtero ematen dituen laguntzak eta dirulaguntzak jaso ahal izateko. Hauen artean daude ekintza humanitarioarekin, garapenerako lankidetzarekin eta hezkuntzarekin, edo genero-berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketarako prozesuekin zerikusia dutenak, besteak beste.
Erregistroan inskribatu ahal izango dira garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak (GGKE) eta garapenerako lankidetza-ekintzak aurrera eramaten dituzten beste entitate batzuk, hala nola unibertsitateak, erakunde sindikalak edo bestelako erakunde sozialak. Entitateek hainbat baldintza bete beharko dituzte, horien artean nortasun juridikoa eta jarduteko lege-gaitasuna izatea, irabazi-asmorik gabekoak izatea, helburu bezala garapenerako lankidetza izatea eta egoitza soziala edo delegazioa Euskadin egotea.
Bestalde, erregistratu ahal izateko garapenerako eragileek identifikazio elektronikoa erabili beharko dute. Eskatzen diren agiriak PDF formatuan erantsi beharko dira eta honako hauek dira:
-Entitateak Euskadin duen legezko ordezkariaren izendapenaren kopia baldin eta pertsona hori ez badago Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren Ordezkarien Erregistro Elektronikoan.
-Egoitza soziala edo ordezkaritza Euskadin izatearen egiaztagiria.
Eusko Jaurlaritzaren erregistro ofizialen batean izena emanda ez dauden entitateek honako dokumento hauek erantsi beharko dituzte:
-Dagokion erregistroan inskribatuta izanaren ziurtagiria.
-Entitatearen estatutuak edo haren nortasun juridikoa egiaztatzen duen agiria.
-Garapenerako lankidetza helburutzat duela ziurtatzen duen dokumenturen bat.
Informazio gehiagorako www.elankidetza.euskadi.eus web orrialdea kontsultatu daiteke edo 945018087 telefonora deitu.