"Alokairu eskuragarriaren erronkarako irtenbideak" jardunaldiak 300 profesional bildu ditu Bilbon

2019.eko azaroak 28

  • García Montalvo katedradunak, Parisko Alkatetzako Etxebizitzako arduradunak, Housing Europa-ko idazkariak eta Europako beste aditu gailen batzuek parte hartu dute elkarraldian

Zer egin dezakete administrazio publikoek alokairuaren burbuila geldiarazteko? Bideragarria eta eraginkorra da errentamenduei gehienezko prezioak inposatzea? Zer politika publiko behar da etxebizitzaren arloan? Galdera horiei erantzuten saiatu dira gaur, Bilbon, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren menpeko Etxebizitzako Euskal Behatokiak antolatu duen analisi-jardunaldian.

Iñaki Arriola sailburuak hasiera eman dio gaur goizean Euskalduna Jauregian Europa mailako hainbat aditu bildu dituen topaketari. Bertan, alokairuko etxebizitzen parke publikoen sorreran izandako esperientzia arrakastatsuak errepasatu dira, hala nola, Viena, Berlin edo Parisekoak. Jardunaldi horretan, honako hauek parte hartu dute: Ian Brossat, Parisko Alkatetzako arduraduna Premiazko Etxebizitzaren eta Alojamenduaren arloan; Alexis Mundt, etxebizitza konparatuko politiketan aditua, Vienako Eraikuntza eta Etxebizitza Institutuan; Reiner Wild, Berlingo Maizterren Elkarteko zuzendari nagusia, eta Sorcha Edwards, Housing Europa-ko idazkari nagusia.

Iñaki Arriolak gogorarazi duenez, "krisiaren inpaktuak eta susperraldi prekarioak etxebizitza bat jabetzan izateko aspaldiko nahia lortu ezinda utzi dute pertsona asko, eta, horrez gain, alokairuan edukitzeko bide alternatiboa oso baldintzatuta egon da txikitzen ari diren soldatengatik eta alokairuen prezioaren gehiegizko igoerarengatik". Eta gaineratu du: "erakunde publikoak — eta ez haiek bakarrik — ezin gara geldirik egon errealitate honen aurrean, etxebizitza lehen mailako behar soziala baita".

Jardunaldiari hasiera eman diotenak dira Gonzalo Bernardos, Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea, eta José García Montalvo, Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea. Gure herrialdeko alokairuaren merkatuaren oraingo egoerari heldu diote, eta egokientzat dituzten neurriak garatuko dituzte populazioaren gehiengoarentzat arrazoizko prezioan alokairuak sustatzeko. Ondoren, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jaureguik eta Plangintzaren eta Prozesu Operatiboetako zuzendari Mario Yoldik alokairu soziala bultzatzeko Etxebizitza Saila Euskadin martxan jartzen ari den jarduerak azaldu dituzte.

Arratsaldean mahai-inguru bat egingo da alokairuaren merkatuko interbentzio-bide posibleei buruz eta bertan parte hartuko dute: Jaime Palomera, Bartzelonako maizterren Sindicat de Llogaters-eko ordezkaria; Francisco Javier Martín, Espainiako Gobernuko Arkitektura, Etxebizitza eta Lurzoruko zuzendari nagusia; Iker San Romá, Casa Alternativa taldeko sortzailea; Alejandra Mora, Locare higiezinen agentziako zuzendaria, eta Mario Yoldi.

Arriola sailburuaren hitzaldia erantsi da (pdf)