Accua Hpp Solutions enpresa, elikagaien industriara aplikatutako Goi Presioen Teknologietan aitzindaria

Accua_Hpp_Solutions_.jpg

2019.eko azaroak 28

• Elikagaiak ganbera hiperbarikoetan goi presioekin tratatzean produktuen bizitza luzatzen da, kontserbatzaileak edo bestelako prozesuak erabili beharrik gabe.

• Enpresa Elgoibarren dago, eta Euskadiko, Akitaniako eta Estatuko enpresetan teknika horiek erabili duen lehen enpresa da Euskadin

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburu Bittor Orozek eta Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendari Peli Manterolak parte hartu dute, erakundeetako eta sektoreko ordezkari ugarirekin batera, Accua Hpp Solutions enpresak, Elgoibarren dagoen eta Euskadin Elikagaien industrian aplikatutako Goi Presioen Teknologian (HPP) aitzindaria den enpresak, dituen instalazioak inauguratzeko ekitaldian.

Elikagaiak ganbera hiperbarikoetan goi presioekin (HPP) tratatzeko modu berriarekin produktuen bizitza luzatzea lortzen da, kontserbatzaileak edo beste prozesu mota batzuk erabili beharrik gabe, eta teknologia berrien eta mekanikan eta fisikan zentratutako ikerketen garapenaren emaitza da, industrian eta, bereziki, elikagaien industrian eragin handia edukitzen ari baitira.

Teknologia hau bereziki egokia da zukuak eta edariak, arrainak eta itsaskiak, plater prestatuak, haurrentzako janariak, barazkiak, haragi produktuak, esnekiak, eta farmaziako eta kosmetikako produktuak tratatzeko eta kontserbatzeko. Era berean, bereziki egokia da eko eta bio produktuen tratamendurako. Goi presioen teknologiak ahalbidetzen du elikagaien kutsaduren agerraldiak prebenitzea –salmonella edo listeria, esaterako–, eta produktu aurreratuagoak eta berritzaileak garatzen jarraitzeko ere balio du.

Inaugurazioko bisitan –bertan parte hartu dute, halaber, Eva Alonsok eta Jon Irasizabalek (Accua HPP Solutions lantegiko gerentea eta arduraduna, hurrenez hurren), Alex Arriolak (SPRIko gerentea), Jon Ander Egañak (Elikaduraren Klusterra, eta Elgoibarko Udaleko eta finantza erakunde batzuetako ordezkari batzuek– instalazioak ikusi dira eta makinen funtzionamenduaren erakusketa bat egin da.

Accua HPP solutionsi buruz

ACCUA HPP Solutions© euskal konpainia da honelako soluzioak era guztietako bezero eta sektoreentzat eskaintzen dituen enpresa bakarra inguruan. Aztik ikerketa zentroa eta Hiperbaric enpresa dira bere bazkide teknologikoak, eta Alkorta Bakailaoak, Geroari Agour eta Campos-Salica enpresak, berriz, bere bazkide industrialak, Alkorta Bakailaoak izanik bazkide industrial nagusia, enpresaren %40arekin.

Proiektu hau duela urtebete sortu zen horien guztien eskutik. Italian ezagutu zuten HPP teknologia (High Pressure Processing edo Goi Presioen bidezko Prozesaketa), eta erabaki zuten makila zerbitzua eskaintzeko proiektu bat batera abiaraztea, hau da, enpresei edo partikularrei goi presioen bidezko prozesaketarako makina bat erabiltzeko aukera ematea beren produktuen edo elikagaien tratamendurako. Euskadin ditu bezeroak, bai eta Nafarroan, Akitanian, Kantabrian, Errioxan edo Gaztela eta Leonen ere.

Nola funtzionatzen du makinak?

Ganbera hiperbarikoa bat da funtsezko elementua. Ganbera horretan produktuari aplikatuko zaion presioa aukeratu daiteke, 1.000 eta 6.000 bar artean, bezeroarekin adostutako denboran aplikatzeko. Presio horrek bakterioen zelulen mintzak hausten ditu, eta ez die zelulei ugaltzen uzten. Horrela, beraz, produktuaren bizitza baliagarria 2-3 aldiz gehiago handitzen da eta kontserbatzailerik erabili gabe. Zuku baten iraupena 5 egunetik 21 egunera igaro daiteke, eta arrain fresko batena 3 egunetik 10 egunera. Produktu motaren eta bere tratamenduaren arabera da. Edozein motatako jakiak tratatu daitezke, betiere plastikozko poltsetan, ‘skin’ erretiluetan, ‘pouches’ edo ‘doypack’ delakoetan ontziratuta baldin badaude.