60 jaialdi eta ekitaldi publikok izango dute aurten ekitaldi jasangarrien "Erronka Garbia" ziurtagiria

Argitalpen-data: 

festival_erronka_garbia.jpg
  •  BBK Livek hirugarren urtez jarraian lortu du ziurtagiria, eta bere ingurumen-aztarna neurtuko du

Euskadin antolatutako hirurogei jaialdi eta ekitaldi publiko edo pribatu jendetsuk baino gehiagok izango dute aurten "Erronka Garbia" ingurumen-ziurtagiria. Horrek islatzen ditu erakunde antolatzaileek hartutako konpromisoak, hots, ekitaldi bakoitzak ingurumenean eta baliabide naturaletan duen inpaktua minimizatzeko hartu dituzten konpromisoak. Euskadin egiten diren musika-jaialdi nagusiak, bai rock arlokoak eta bai jazz arlokoak, eta baita herrietako jai ugari eta bestelako ekitaldi jendetsuak atxiki zaizkio Ingurumen Sailak 2016az geroztik sustatzen duen ziurtagiri honi, sortzen duten ingurumen-aztarna minimizatzeko xedez.

BKK Live horietako bat da; izan ere, “Erronka Garbia” lortu du hirugarren urtez jarraian. Nazioarteko musika-jaialdi honen antolatzaileek edizio honetan hartu dituzten neurrien artean, honako hauek nabarmentzen dira: autobus hibridoak kontratatzea eta haien ibilbideak  optimizatzea; edontzi bakarra esparru osoan ezartzea; birziklapenerako  edukiontziak areagotzea edari- eta janari-establezimenduen inguruan, backstagean eta ekoizpen-eremuetan; eta antolakundearen pertsonala prestatzea, besteak beste. 

Gainera, BBK Livek neurtuko ditu bere gasolio, ur eta energia kontsumoak, baita sortutako hondakinak ere. Ingurumen-adierazle horiek ahalbidetuko diote, kanpo-erakunde egiaztatzaile baten laguntzarekin, ekitaldiaren ingurumen-monitorizazio programa bat egitea, beraren ingurumen-aztarna ezagutzeko.

Neurri horiekin batera, jaialdiaren antolatzaileek ingurumen-mezu ugari hedatuko dituzte ekitaldiaren  hiru egunetan, bertaratutako pertsona guztiei zuzenduta, hondakinen kudeaketa zuzenaz eta baliabideen kontsumo neurritsuaz kontzientziatzeko.

Musikaldi jasangarriak

BBK Livek jasangarritasunaren alde egindako apustuak “Jaialdi Jasangarriena” saria ekarri dio “Fest Sarien” azken edizioan. Sari horiek aitortza handiena dutenak dira sektorean, Estatu osoan. BBK Livek sari horietara aurkeztutako 170 jaialdien parte-hartzearekin egindako bozketa-prozesu baten ostean lortu zuen saria. Bertan, publikoak emandako 50.000 boto baino gehiago kontabilizatu ziren.

Uda honetan, BBK Livek lortutako ingurumen-ziurtagiriari gehitu zaizkio Euskadin egingo diren rock eta jazz jaialdi  nagusiak, hala nola Azkena Rock Festival, Bay of Biscay eta BIME, horiek bigarren aldiz eskuratu baitute “Erronka Garbia” zigilua, eta baita BBK Music Legends Festival, Donostia Festibala eta Heineken Jazzaldia ere.

Gero eta hedatuago dagoen ziurtagiri bat

“Erronka Garbia” metodologia hobekuntza etengabeko eredu batean oinarritzen da, eta horrek ahalbidetu dio onarpen zabaleko aitortza izatea ekitaldien antolakuntza-sektorean; horren froga da 2016. urteaz geroztik 75 ekitaldi ziurtatu direla Euskadin, hainbat motatakoak: batzarrak, konferentziak, akziodunen batzarrak, ekitaldi ludikoak, kirol ekitaldiak, musikaldiak, edo herrietako jaiak, besteak beste.

Ekitaldi jasangarrien “Erronka Garbia” ziurtagiria ingurumen-aitortzarako tresna bat da, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak garatua Ihobe sozietate publikoaren lankidetzarekin. Ziurtagiriak frogatzen du ekitaldien erakunde antolatzaileek hartutako konpromisoa, hau da, ingurumen-inpaktua ekitaldiaren zikloko etapetan murrizteko konpromisoa.

“Erronka Garbia” aplikatzen duen metodologia hiru funtsezko printzipiotan oinarritzen da: kutsaduraren prebentzioa, egon litezkeen inpaktu negatiboak saihesteko eta/edo murrizteko; gardentasuna; eta sentsibilizazioa. Horrekin batera, sei lehentasunezko jarduera-ardatz identifikatzen ditu ekitaldien ingurumen-hobekuntzan: mugikortasuna, energia, ura, erosketak, azpiegiturak eta hondakinak.