36 aldaketa nagusi sartu dira Herenegun heziketa-materialeko bost bideoen zatiaren Inguruan adostasuna sustatzeko prozesuan

2019-11-13

  • “Sartutako aldaketa guztiak elkarren arteko begiradak hurbiltzeko eta topaketa-puntuak sortzeko ahalegina dira”
  • “Piztutako eztabaida ez da arazotzat hartu behar, errealitatearen adierazletzat baizik. Beraz, topaketa-puntuetan aurrera egiteko aukeratzat jo behar dira”
  • “Jasotako ekarpenei buruzko elkarrizketa, denbora eta abegi-prozesu honek Herenegun hobetu du, haren edukiari buruzko adostasuna handitu duelako”
  • “Adostasuna balio kualitatiboa da oroimen eta bizikidetza prozesutarako. Hain zuzen, sinesmen irmo horregatik, material hori jendaurrean jarri zen ikusgai”

Herenegun heziketa-materialaren inguruan piztutako eztabaidek agerian utzi zuten zailtasun handiak ditugula terrorismo, indarkeria eta zatiketako gure iragan hurbilari buruzko begirada bateratu bat adosteko. Material berberak guztiz kontrako balorazioak biltzen zituen. Eztabaida hori ez da arazotzat hartu behar, errealitatearen adierazletzat baizik.

Topaketa-puntuak eta adostasuna bilatzen aurrera egiteko aukeratzat har daitezke. Eusko Jaurlaritzak hala adierazi zuen hasieratik. Joan den urtarrilean, Eusko Jaurlaritzak esan zuen “elkarrizketaz, denboraz eta abegiz kudeatu” nahi zuela “heziketa-material horri buruzko adostasuna”. Hau da ordutik egindakoa.

Elkarrizketa-prozesu sendo bat egin da material didaktikoari ekarpenak egin zizkioten erakunde guztiekin. Topaketa-puntuak bilatu dira ideia bat eta, batzuetan, kontrakoa iradokitzen zuten ekarpenak aurkezten zirenean.

Nolanahi ere, prozesuak merezi izan du, emaitza ona ekarri duelako. Sartutako aldaketa guztiak elkarren arteko begiradak hurbiltzeko eta topaketa-puntuak sortzeko ahalegin bat dira.

Herenegun heziketa-materialaren inguruan adostasuna sustatzeko prozesuan, 36 aldaketa gehitu zaizkio osotasunari. Aldaketa horiek bost bideotan islatu dira nagusiki. Gainera, koska txiki ugari berdindu dira. Aldaketa horietako gehienek jasotako ekarpenetan dute jatorria. Aldaketa batzuk Eusko Jaurlaritzaren ekimenez sortu dira, adibidez, atal bakoitzaren goiburuan izango den gogoeta.

Laburbilduz, esan daiteke jasotako ekarpenei buruzko elkarrizketa, denbora eta abegi-prozesu honek Herenegun hobetu duela, haren edukiari buruzko adostasuna handitu duelako. Oroimen eta bizikidetza gaietan, adostasuna da edozein prozesu hobetzeko balio kualitatibo gailena. Hain zuzen, sinesmen irmo horregatik, Eusko Jaurlaritzak jendaurrean eta gardentasunez jarri zuen ikusgai material hori, behin betikotzat onartu baino lehen.

Gaurdanik, material didaktiko hau proba modura zortzi ikastetxetan kontrastatzeko prestatuko da hurrengo udaberrian. Probako esperientzia-fase horren bitartez, berriz ebaluatu eta aztertuko da material horren pedagogia-eragina, baita hura hobetzen jarraitzeko aukera ere; horretarako, elkarrizketaren eta egindako ekarpenekiko abegiaren irizpide berberari eutsiko zaio.

Herenegun material didaktikoari ekarpenak egin zizkieten erakundeekin maiatzean hitzartutako aldaketa gidoira bideoen egokitzapenari buruzko txostena