3.000 industria-enpresa, zentro teknologiko eta ekintzaile egongo dira Basque Industry 4.0-The Meeting Point jardunaldian

BI40.PNG

2019.eko azaroak 17

Ia 3.000 industria-enpresa, zentro teknologiko eta ekintzailek azaroaren 20an eta 21ean BECen antolatuko den “Basque Industry 4.0-The Meeting Point” biltzarrean parte hartuko dutela egiaztatu dute. Topaketan, hainbat herrialdetako 100 aditu inguruk beste horrenbeste hitzaldi emango dituzte, eta eragile, enpresa eta startupen 170 stand izango dira ikusgai.

4.0 Industria gizartearen zerbitzuan jartzea, Basque Cybersecurity Day ekitaldian txertatuta ospatzea, eta erakusketa-eremua handitu eta Basque Research & Technology Alliance (BRTA) euskal partzuergo teknologikoari, Basque Digital Innovation Hubeko (BDIH) 4.0 aktiboei nahiz Bind 4.0 azeleragailu publiko-pribatuko startupei protagonismo handiagoa ematea dira, SPRI Taldeak laugarren industria-iraultzari buruz antolatutako Euskadiko erreferentziazko ekitaldiaren berritasun nagusiak.

Zibersegurtasuna da teknologia digitalak industrian aplikatzerakoan kontuan hartu beharreko funtsezko gaietako bat. 4.0 Industriari buruzko ezagutza partekatzea xede duen jardunaldi batek sareetako segurtasunaren parametroa sartu behar du programaren barruan.

Bestalde, “Basque Industry 4.0-The Meeting Point” topaketak seigarren edizioa beteko du, eta aurten ere, gogoeta egiteko aukera erraztuko die 4.0 Industriaren giltzarrizko eragileei: erakunde publikoak, enpresak, klusterrak, zentro teknologikoak eta unibertsitateak. Gainera, gai honi buruzko hitzaldi nagusiak 4.0 Industriaren garapena gizartearen mesedekoa izan eta inpaktu sozial positiboa lortzea izango du ardatz.

Azkenik, BECeko 2. pabilioiak erantzuna emango die enpresek, zentro teknologikoek eta startupek aurreko edizioetan erakusketa-eremua handitzearen alde egindako eskaerei. Ildo horretan, Basque Industry 4.0 topaketaren aurtengo erakusketa-eremuak 170 stand bilduko ditu, eta horietan, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) partzuergoko zentro teknologikoak, Basque Digital Innovation Hubeko (BDIH) 4.0 aktiboak, 4.0 Industriaren arloko puntako euskal enpresak eta BIND 4.0 azeleragailu publiko-pribatuko startupak izango dira, gerora kontratuak eskainiko dizkieten enpresekin harremanetan jartzeko aukera izan dezaten.