26,4 milioi euro 2019-2020 ikasturteko unibertsitate-beketarako (Gobernu Bilera 02-07-2019)

fotoconsejo.jpg

2019.eko uztailak 02

  • 2018-2019 ikasturtean 11.542 euskal ikasle izan dira unibertsitate-beken onuradun

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuak proposatuta, gaurko bilkuran onartu du 2019-2020 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko diru-laguntzetarako deia egiten duen agindua. Deialdi honetan, mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko diru-laguntzak eta etekin handiko unibertsitate-ikasleak aitortzeko eta saritzeko bikaintasun akademikoko bekak ere jasotzen dira. Orotara, Hezkuntza Sailak 26.480.000 euro bideratzen ditu unibertsitate-beketarako, gorago aipaturiko hiru laguntza-lerroetan.

Beken deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-egoitza duten ikasleentzat da, 2019-2020 ikasturtean Autonomia Erkidego honetan edo Estatuaren gainontzeko tokietan kokatuta dagoen edozein zentrotan ondorengo ikasketak egin behar badituzte:

  • Graduko unibertsitate-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak
  • Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak
  • 25 urte baino gehiagokoak unibertsitatean sartzeko prestakuntza-ikastaroak, unibertsitate ez-presentzialetan emandakoak
  • Goi-mailako arte-ikasketak.

Deialdi honen bidez, jende askok du unibertsitate ikasketak edo goi-mailako bestelako ikasketak burutzeko aukera, egoera ekonomikoa horretarako oztopo izan gabe.

1.- 2019-2020 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko bekak: 26.260.000 euro

Beka hainbat osagaitan zatituko da, unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteagatik dirulaguntza jaso dezaketen kontzeptuen arabera. Bekadun bakoitzari dagokion bekaren azken zenbatekoa zein den jakiteko, aplikagarriak zaizkion osagai guztiak batu beharko dira, honen guztiaren arabera: bekadunaren gorabehera pertsonala, familiarra, akademikoa zein ekonomikoa, eta osagai horien arteko bateraezintasun-erregimena. Bekaren osagaiak bi multzotan banatzen dira:

-Oinarrizko zenbatekoa; horren barruan honako hauek hartzen dira: Matrikularen prezio publikoa; Familia-errentari lotutako oinarrizko zenbatekoa; Egoitzari lotutako oinarrizko zenbatekoa; Aprobetxamendu akademikoari lotutako oinarrizko zenbatekoa.

-Zenbateko osagarri aldakorra; horren barruan honako hauek: Ikaskuntzari laguntzeko prozesuari lotutako zenbateko osagarri aldakorra; eta Hiriarteko joan-etorriari lotutako zenbateko osagarri aldakorra

2018-2019 ikasturte honetan, 11.542 euskal ikaslek eskuratu dute unibertsitateko beka orokorra.

2.- Beren ezaugarri fisikoak edo psikikoak direla-eta, mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko diru-laguntzak: 100.000 euroko diru-kopurua

Diru-laguntza hauek ematen dira mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleek euren ikasketa-zentrora iristeko garraiobide publikoak, egokituak izanik ere, ezin badituzte erabili; edo garraiobide publikoak erabili ahal izan arren, beste pertsona baten laguntza behar badute. Azken 2018-2019 ikasturte honetan 10 unibertsitate ikaslek eskuratu dute laguntza hau Euskadin.

3.- Bikaintasun akademikoko bekak: 120.000 euroko diru-kopurua.

Bikaintasun akademikoko bekak etekin akademiko handia duten ikasleei zuzenduta daude. Ikasleek Euskadiko edo Estatuko unibertsitateetan matrikulatuta egon behar dute, gradu-ikasketak egiteko. Beka hauen helburua da, unibertsitateko ikasleen ikasketetan eta ikerketa-zereginetan bikaintasuna sustatzea, ikasle horien etekin akademikoa sarituz. Urtero 120 beka ematen dira modalitate honetan