2020ko Makina Erremintaren Bienala aurkeztu dute Hannoverreko EMO azokan

2019.eko irailak 18

  • Bienala maiatzaren 25etik 29ra bitartean egingo da BECen.
  • Tapiak nabarmendu du Euskadik balio erantsiaren alde egiten duen apustua erakusteko tokia izango dela.

Hannoverreko EMO azokan aurkeztu dute Makina Erremintaren Bienalaren hurrengo ekitaldia, 2020ko maiatzaren 25etik 29ra bitartean Bilbao Exhibition Centrean egingo dena.

Makina-erremintaren sektoreko enpresarik garrantzitsuenen ordezkaritza zabalaren aurrean, Arantxa Tapia sailburuak, Xabier Basañez BECaren zuzendari nagusiak eta Xabier Ortueta AFM klusterreko zuzendari nagusiak aurkeztu dute Bienalaren hurrengo ekitaldia, berrikuntza eta digitalizazioa izango dituena ardatz nagusi. Ekitaldian izan dira, halaber, Javier Zarraonandia Industriako sailburuordea eta Alex Arriola SPRIko zuzendari nagusia.

Aurkezpenean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak nabarmendu du, batetik, Euskadin manufaktura-enpresek duten pisua —barne Produktu Gordinaren % 24,2— eta, bestetik, “industria aurreratu baten” parte diren zerbitzuek duten garrantzia. Ildo horretan, Tapia sailburuak Basque Industry 4.0 estrategia nabarmendu du, eta adierazi du estrategia horri, duela hilabete batzuetatik, BRTA (Basque Research & Tecnology Alliance) itunaren gaitasun berritzailea batu zaiola, “industria-sistemaren osotasunarekin modu estrategikoan elkarlanean jarduteko”.

Tapiak, gainera, ekonomiaren egoera global konplexuaz hitz egin du, eta adierazi du Euskadi, Basque Industry 4.0 estrategiaren bidez, lan egiten ari dela balio erantsia eskaintzeko eta nazioarte erreferente izateko.

BECen antolatuko den Bienala da Europan makina-erremintaren arloan egiten diren hiru azoka garrantzitsuenetako bat, eta ekitaldi guztietan punta-puntako teknologien erakusleiho bihurtzeaz gain, sektore osoaren topaleku ere izaten da.