2019ko Lotzen Sariak Lanbide Heziketako ikasleen belaunaldiarteko lankidetza-proposamenik onena saritu du

2019.eko azaroak 29

  • Lanbide Heziketako Belaunaldi arteko Jardunaldiak 600 ikasle inguru eta hauekin elkarlanean aritu diren adinekoak elkartu ditu Donostiako Kursaal Jauregian
  • Zarauzko Monte Albertia LHII-ko taldeak irabazi du 2019ko Lotzen Saria, bakardadea belaunaldien arteko ikuspegiz lantzen duen bideo batekin

Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak parte hartu du gaur goizez, 2019ko Lotzen Saria emateko Donostiako Kursaal Jauregian egin den Belaunaldien arteko Jardunaldian. Ekitaldiak Lanbide Heziketako 600 ikasle inguru elkartu ditu Donostian, guztiak ere 2019an zehar belaunaldien arteko lankidetza ardatz izan duten jardueratan parte hartu dutenak. Ekitaldian izan dira, era berean, ikasleekin elkarlanean aritu diren eta haiek egindako bideoetan parte hartu duten adineko pertsonak ere.

Jardunaldian, 2019ko Lotzen Saria banatu da. Aurten lehen edizioa duen sari honek zaintzaren arloan belaunaldien arteko lankidetzan proposamenik onenari aitorpena egitea du helburu. Proposamenok, noski, Lanbide Heziketako ikasleek eginak dira. Lanbide Heziketako adar soziosanitarioetan ari diren 51 ikaslek aurkeztu dituzte lanak aurten, 16 taldetan banatuta.

Lehen edizio honetan, Zarauzko Monte Albertia Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko taldeak aurkeztu duen lana izan da irabazle. Irudi Pertsonala arloko goi mailako ziklo bat ikasten ari diren sei ikaslek bakardadearen gaia jorratzen duen bideoa aurkeztu dute, arazo hau belaunaldi guztiei eragiten dien gai gisa aurkeztuz: gazteei zein adinekoei. Talde honek Bruselarako bidaia bat irabazi du sari, eduki sozio-kulturalekoa; horrez gain, taldeko kideek tablet bana ere jaso dute.

Jardunaldian zehar, aipaturiko saria banatzeaz gain, ikasleek eginiko bideoak ere eskaini dira, eta Lanbide Hezikatako ikastetxeetan belaunaldien arteko elkartasunaren inguruan egiten ari diren proiektuak ere aurkeztu dira. Horrez gain, gazteek eta adinekoek elkarrekin parte hartzen duten zenbait ekimen aurkezteko beta ere izan da, itxaropen telefonoa, kasu.

2019ko Lotzen Saria emateko ekitaldia Hezkuntza Sailak –Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren bidez- eta Aubixa Fundazioak Antolatu dute. Laguntzaile izan dira Gipuzkoako Foru Aldundia eta Laboral Kutxa.