2019ko Euskadi Ikerketa sariaren deialdia (Gobernu Bilera 2019-10-15)

fotoconsejo.jpg

2019.eko urriak 15

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 2019ko Euskadi Ikerketa Saria deitzen duen Agindua onartu du, jarduera zientifikoa sustatzeko asmoz. 2019an, Gizarte Zientzien eta Humanitateen modalitatean deitzen da saria.

Euskadi Ikerketa Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusi, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea ere, betiere horien lanak oso eragin positiboa badu Euskadirako.

Euskadi Ikerketa Sarirako hautagai izan daitezke doktore tituluaren jabe diren ikertzaileak. Horrez gain, hautagaiak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko ikerketa zentroren batean aritu edo bertara atxikia izan beharko du, eta bere ibilbide zientifikoa Euskadin garatua izan, gutxienik 12 urtez, doktoregoa eskuratu ondoren. Era berean, Ikerbasque Fundazioak kontrataturiko irakasleen hautagaitzak ere onartuko dira, arestian aipaturiko sareko ikerketa zentroren batera atxikita badihardute.

Hautagaitzak proposatu ditzakete bai erakunde zientifikoek, bai beste ikertzaile batzuek, eta baita hautagaiak berak ere. Hautagaitzak aurkezteko epea deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean irekiko da, eta hilabeteko epez egongo da zabalik.

Euskadi Ikerketa Saria bi urtean behingo errotazioz deitzen da, jarraian azaltzen den eran: urte bikoitietan gaiak Zientzia eta Teknologiari buruzkoak izaten dira, eta urte bakoitietan berriz, oraingo kasu honetan bezala, Gizarte Zientziei eta Humanitateei buruzkoak.

Gizarte Zientzien eta Humanitateen modalitateak arlo hauek hartzen ditu: Gizarte eta Ekonomia Zientziak, Zientzia Juridikoak eta Humanitateak. Zientzia eta Teknologiaren modalitateak, berriz, Oinarrizko Zientziak, Bizitza eta Osasun Zientziak, Teknologia eta Arkitektura.