200.000 euro kongresuak eta zientzia bilerak egiteko laguntzatan (Gobernu Bilera 2019-05-28)

fotoconsejo.jpg

2019.eko maiatzak 28

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du ikerketa zientifikoaren arloko kongresu eta bilera presentzialak antolatzeko dirulaguntzak ematen dituen agindua. Kongresu eta bilera horiek Euskal Autonomia Erkidegoan burutu beharko dira, 2019ko bigarren seihilekoan. Deialdi honek 200.000 euroko diru-kopurua du.  

Laguntza hauen onuradun izan daitezke Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente kreditatuak, haien kategoria edozein dela ere.

Diru-laguntza hauek, honako gastu arrunt hauek ordaintzeko erabili beharko dituzte: kongresu edo bileraren antolamendua eta zabalkunde gastuak, hizlari gonbidatuen parte-hartze gastuak, edo kongresuen kasuan, ekarpen zientifikorik onenari eman ohi zaion saria, beste hainbat gasturen artean. Jardunaldiok 2019ko uztailaren 1a eta abenduaren 31 artean burutu beharko dira.

Deialdi honetatik kanpo geratuko dira, bereziki prestakuntzakoak diren ikastaroak eta jarduerak, hala nola irakaskuntzako eta ikaskuntzako trebakuntzarako prestakuntza-jardunaldiak, tailerrak edo mintegiak, besteak beste.

33 kongresu edo bilera lehen seihilekoan

Deialdi hau sei hilean behin argitaratzen da, eta Euskadin burutzen diren 60 kongresu edo bilera inguru finantzatzen laguntzen du, urtero. 2019ko lehen seihilekoan, 33 kongresu edo bilera lagundu dira diruz, epe horretarako deialdiaren bidez. Kongresu horien antolatzaile izan dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea osatzen duten honako eragile hauek: UPV/EHU, DIPC (Donostia International Physics Center), Bcam (Basque Center for Applied Mathematics), Biomagune IKZ, BCBL (Basque Center on Cognition, Brain and Language), Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Azti Fundazioa, edo Aranzadi Zientzia Elkartea, beste zenbaiten artean.

Ikerketa zientifikoaren arloko kongresu eta bilera hauek oso tresna egokiak dira ideiak eta ezagupen zientifiko eta teknologiko aurreratuak trukatu eta zabaltzeko, prestigio handiko ikertzaile eta irakasleen parte hartzea bultzatzen baitute.