200.000 euro kongresuak eta zientzia bilerak antolatzeko laguntzatan (Gobernu Bilera 2019-11-26)

fotoconsejo.jpg

2019.eko azaroak 26

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du ikerketa zientifikoaren arloko kongresu eta bilera presentzialak antolatzeko dirulaguntzak ematen dituen agindua. Kongresu eta bilera horiek Euskal Autonomia Erkidegoan burutu beharko dira, 2020ko lehen seihilekoan. Deialdi honek 200.000 euroko diru-kopurua du. 

Laguntza hauen onuradun izan daitezke Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente egiaztatuak, haien kategoria edozein dela ere.

Dirulaguntza hauek, honako gastu arrunt hauek ordaintzeko erabili beharko dituzte: kongresu edo bileraren antolamendua eta zabalkunde gastuak, hizlari gonbidatuen parte-hartze gastuak, edo kongresuen kasuan, ekarpen zientifikorik onenari eman ohi zaion saria.

Deialdi honetatik kanpo geratuko dira, bereziki prestakuntzakoak diren ikastaroak eta jarduerak, hala nola irakaskuntzako eta ikaskuntzako prestakuntza-jardunaldiak, tailerrak edo mintegiak, besteak beste.

33 kongresu edo bilera 2019ko lehen seihilekoan

Deialdi hau sei hilean behin argitaratzen da, eta Euskadin burutzen diren 70 kongresu edo bilera inguru finantzatzen laguntzen du, urteko. Aurtengo lehen seihilekoari dagokion deialdiaren bidez, 33 kongresu edo bilera lagundu dira diruz,  2019ko urtarriletik ekainera bitartean. Kongresu horien antolatzaile izan dira: UPV/EHU, BCBL (Basque Center on Cognition, Brain and Language), Deustuko Unibertsitatea, Azti Fundazioa, DIPC (Donostia International Physics Center), Bcam (Basque Center for Applied Mathematics), Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, CIC BiomaGUNE, edo Aranzadi Zientzia Elkartea, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea osatzen duten beste zenbait eragileren artean.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren iritzian, ikerketa zientifikoaren arloko kongresu eta bilera hauek oso tresna egokiak dira ideiak eta ezagupen zientifiko eta teknologiko aurreratuak trukatu eta zabaltzeko, prestigio handiko ikertzaile eta irakasleen parte hartzea bultzatzen baitute. Era beran, euskal zientzia arloa ikusgarri egiten dute nazioarteko esparruan.