14,38 milioi hezkuntza-laguntzako espezialistak kontratatzeko laguntzatan (Gobernu Bilera 2019-07-30)

fotoconsejo.jpg

2019.eko uztailak 30

  • 2018-2019 ikasturtean, deialdi honen bidez, 232 itunpeko ikastetxe pribatuei laguntza eman zitzaien 535 EAE kontratatu ahal izateko

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza sailburuaren Agindu bat onetsi du gaurko bileran. Agindu honen bidez, hezkuntza-premia bereziak dauzkaten ikasleak eskolaratzen dituzten itunpeko ikastetxeei, 2019-2020 ikasturterako Hezkuntza-laguntzako Espezialistak kontratatzeko beharra dutenei, laguntzak emateko deialdia egiten zaie.

14.382.522 euroko diru-kopurua duen deialdi honen helburua da, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak integratzeko programa gehiago garatzea; horretarako, itunpeko ikastetxeei Hezkuntza-laguntzako Espezialistak kontratatzeko diru-laguntzak emango zaizkie. Hezkuntza-laguntzako Espezialistek ezgaitasun fisiko, psikiko edo jokabide-nahasmendu larria duten ikasleen jarduera-planetan parte hartzen dute, autonomiarekin, eta ingurunerako nahiz eskola-curriculumerako irisgarritasunarekin zerikusia duten premietan esku hartuz.

Deialdi honen arabera laguntza jaso dezaketen hezkuntza premia bereziak curriculumerako sarbiderako eta ondorengoekin erlazionatutako gaitasun egokitzaileetarako dira:

  • Zainketa pertsonala.
  • Jokaera eta komunikazioa.
  • Trebetasun motorrak.
  •  
  • Komunitatearen erabilera.
  • Osasuna eta segurtasuna.

Diru-laguntza hauek jasotzeko eskubidea Euskal Autonomi Erkidegoko ikastetxe pribatuen titularrek izango dute, baldin eta eskaera aurkezteko unean itundutako unitateak badituzte; betiere, Berritzeguneko aholkularien diagnostikoz hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak dauzkaten ikastetxeak izango dira, ikasle horiek normal integratzea eta eskolako jardueretan eskola-orduen barruan parte hartzea errazteko laguntzaileen beharra dutenak.

Hezkuntza Sailak bere egiten du elbarritasunari edo portaeraren arazo larriei lotutako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen inklusioaren aldeko konpromisoa. Bere bizilekutik hurbil dagoen hezkuntza-ingurune batean egoteko eta, batez ere, parte hartzeko elbarritasun fisikoa, psikikoa eta sentsoriala edo portaeraren arazo larria duten haur edo gazteen eskubidea bermatzeko, ezinbestekoa da ikastetxeek profesional espezializatuak izatea, ikasle elbarrituen autonomiari eta irisgarritasunari lotutako premiak direla-eta egin beharreko esku-hartzean espezializatutako laguntza-pertsonala, besteak beste.

Itunpeko ikastetxeetan ikasi eta parte hartzeko oztopoak kendu ahal izateko bitartekoak jarri nahi ditu deialdi honek. Horrela, kalitateko hezkuntza-erantzun egokia, haien premiei egokitua eta ohiko ingurunean, bermatu ahal izango zaie elbarritasun psikiko edo nahaste autista batengatik autonomiarekin mugitzeko muga inportanteak dituzten ikasleei, gurpil-aulkia erabili edo ez; 2018-2019 ikasturtean, deialdi honen bidez, 232 itunpeko ikastetxe pribatuei laguntza eman zitzaien 535 EAE kontratatu ahal izateko hezkuntza-premia bereziko ikasleekin autonomia, irisgarritasuna, ezintasuna eta portaera-nahaste larriak duten 1.628 ikasleekin lantzeko.