138.500 euro IMH-Makina Erremintaren Institutuari, 4.0 industria gela finantzatzeko (Gobernu Bilera 2019-12-26)

logoconsejo.jpg

2019.eko abenduak 26

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran adostu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, 138.500 euroko dirulaguntza zuzena ematea IMH-Makina Erremintaren Institutuari. Laguntza hau gorabidean diren teknologietan oinarritutako erakustaldi- eta prestakuntza-soluzioak garatzeko eta aplikatzeko ekipoak erosteko da, 4.0 Industria Gela deituriko proiektuaren barruan.

IMH garatzen ari den proiektu hau urrats berri bat da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen duen Unibertsitatea+Enpresa Euskal Estrategiaren ezarpenean.

IMHren 4.0 Industria Gela proiektuan elkarlanerako espazio bat izatea planteatzen da, ikasleentzat zein ekoizpen-sareko eragileentzat, Fabrikazio Aurreratuaren fenomenoa ulertzen laguntzeko, hau da, Fabrikazio Aurreratua, Prestakuntza eta Transferentzia berezko jarduerak diren ekosistema bat sortzeko, aldi berean honako alderdi hauek ere garatu ahal izateko:

  • Maila anitzeko prestakuntza: ikuspegi estrategikoa, prestakuntza teknikoa, prestatzaileen prestakuntza
  • Traininga eta zuzeneko esperimentazioa: jardunaldi teknikoak eta zabalkundekoak
  • I+G+b proiektu bateratuak
  • Ezagutza sortzea eta transferitzea
  • Proiektuak inplementatzeko informazioa, erakustaldia eta/edo laguntza
  • Lankidetza eta coworkinga: berrikuntza irekia eta sinergiak prozesu osagarriekin

Azken batean, Fabrikazio Aurreratuarekin eta haren teknologiekin lotutako ezagutzaren sortzaile eta hedatzailea da 4.0 Industria Gela, hurbilekoa eta pertsonek zein ekoizpen-ehunak eskura dutena.