100.000 euro hezkidetza lantzeko eta genero-indarkeria prebenitzeko proiektuetarako (Gobernu Bilera 2019-05-7)

fotoconsejo.jpg

2019.eko maiatzak 07

2019-2020 eta 2020-2021 ikasturteetan hezkidetza landu eta genero-indarkeria prebenitu ahal izateko jarduera-proiektuak garatu ditzaten Euskadiko Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako itunpeko ikastetxeak deitzen dituen Agindua onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran Gobernu Kontseiluak.

Gorago aipaturiko hezkuntza-etapak eskaintzeko baimendutako EAEko 50 ikastetxe (gehienez) aukeratzea du deialdi honek helburu, hezkidetzaren eta genero-indarkeria prebenitzearen arloan jarduera-proiektu bat diseina dezaten aipaturiko ikasturteetarako. Jarduera-proiektu horri esker, izango dute hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa ikastetxean era global, sistematikoan eta integratuan lantzeko aukera.

Hautatutako ikastetxe bakoitzari diru-laguntza bat emango zaio. Irakasleen nahiz eskola-komunitatearen prestakuntzarako eta proiektua koordinatu eta hedatzeko jarduerei aurre egiteko baliatuko da laguntza hori.

Jarduera-proiektuak 315 ikastetxetan

2013-2014 ikasturtean Hezkidetza eta Genero-indarkeriaren Prebentzioa lantzeko Gida-Plana abian jarri zenetik, Euskadiko 236 ikastetxe publikok eta 79 itunpekok gartu dute euren proiektua, eta aplikatzen ari dira dagoeneko arlo horietan (hezkidetzan eta genero-indarkeriaren prebentzioan).

Aipaturiko Gida-planaren helburua da, hezkuntza sisteman hezkidetza eredua bultzatzea: pertsonen garapen osoa bideratzen duen eskola eredua, sexuaren araberako estereotipoak eta rolak albo batera utzita, eta diskriminazio eta genero indarkeria mota guztien kontra eginez. Ikasketak eta lanbidea aukeratzerakoan sexuaren arabera orientatzen ez duen eredua, eskola-komunitateko kide guztien parte-hartze eta laguntzarekin.