10,8 milioi euro Hezkuntzarako, 2019ko aurrekontu-luzapenean jaso ez ziren hainbat jarduera gauzatzeko (Gobernu Bilera 2019-05-14)

fotoconsejo.jpg

2019.eko maiatzak 14

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza Sailarentzako kreditu globala 10.872.746 euroan handitzea, 2019ko aurrekontu-luzapenean aurreikusita ez dauden hainbat jarduera finantzatzeko helburuz.

Kopuru-handitze hau, otsailean Legebiltzarrean Lege bidez Hezkuntza Sailarentzat onarturikoari gehitzen zaio; haren bidez, besteak beste, langile guztientzako soldata igoeratarako partidak jasotzen ziren.

Erabaki berri honekin, Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio itunpeko ikastetxeei zuzenduriko deialdi bat 2,6 milioi euroan handitzeari, 2019-2020 ikasturterako. Diru-kopurua handitu duen deialdi horrek, hezkuntza-premia bereziak dauzkaten ikasleak eskolatzen dituzten itunpeko ikastetxeei dirulaguntzak ematen dizkie, Hezkuntza-laguntzako Espezialistak kontratatzeko. Horrela bada, Gobernu Kontseiluak aipaturiko deialdi horren 2019ko ordainketari dagokion (irailetik abendurakoa) 928.400 euroko kopurua onartu du.

2018-2019 ikasturte honetarako, itunpeko sarean Hezkuntza-laguntzako Espezialistak kontratatzeko laguntza deialdi honek 11,8 milioi euroko kopurua du. Gaur onarturiko handitzearekin, beraz, 2019-2020 ikasturterako deialdiak 14,4 milioi euroko kopurua izango du orotara.

Gobernu Kontseiluaren gaurko saioan Hezkuntza Sailarentzat onarturiko kopuru osoak, gainera, beste hainbat jarduera ere jasotzen ditu: Digitalizazio Planerako; Udal Musika Eskolen deialdirako; Haurreskolak Partzuergoaren zerbitzuaren doakotasuna bermatzeko, 18.000 euroko errentak dituzten familientzat; edo Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetako ekipamendutarako.

Hezkuntza-laguntzako Espezialistak 

Hezkuntza-laguntzako Espezialistak funtsezko figura dira hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak eskola-ingurunean integratzeko zereginean. Espezialista hauek ezgaitasun fisiko, psikiko edo jokabide-nahasmendu larria duten ikasleen jarduera-planetan parte hartzen dute, autonomiarekin, eta ingurunerako nahiz eskola-curriculumerako irisgarritasunarekin zerikusia duten premietan esku hartuz.

Ikasle hauen inklusioa bermatzeko, eta batez ere horiek beren bizilekutik hurbil dagoen hezkuntza-ingurune batean egoteko eta parte hartzeko duten eskubidea bermatzeko, ezinbestekoa da ikastetxeek profesional espezializatuak izatea, ikasle elbarrituen autonomiari eta irisgarritasunari lotutako premiak direla-eta egin beharreko esku-hartzean espezializatutako laguntza-pertsonala izatea, bereziki.