1,22 milioi euro pertsonala Irale programan duten ikastetxe pribatuetarako (Gobernu Bilera 2019-04-30)

fotoconsejo.jpg

2019.eko apirilak 30

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran Agindu bat onartu du, 2019. urtean eskola-orduetan eman beharreko IRALE (Irakasleak Alfabetatu eta Euskalduntzea) programako euskara ikastaroetan parte hartzeko irakasleak liberatu nahi dituzten ikastetxe pribatuei edo ekimen sozialeko ikastetxeei eman beharreko diru-laguntzen deialdia argitaratzen duena.

1.222.787 euroko zenbateko globala duten diru-laguntza horiek, euskara ikasteko liberatutako irakasleak ordezkatzearen ondoriozko gastuak diruz laguntzea dute helburu. Plazaren jabeak eta ordezko irakasleak titulazio berdina izango dute, edo bateragarria.

Hezkuntza Sailak laurogeikoen hamarkadan ekin zion irakasleak euskaldundu edo alfabetatzeko lanari. Irakasleak hizkuntzetan gaitzeko IRALE programak, beraz, hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidea egin du dagoeneko. Guztira 80 irakasletik gora ari da bertan, bost irakastegitan (Bilbon bi eta Donostian, Gasteizen eta Eibarren bana), eta kanpo-euskaltegien laguntzaz osatzen du bere eskaintza.

Urteek aurrera egin ahala hezkuntza-sisteman irakasleen hizkuntza-gaitasunean izan den aldaketa tipologikoak behar berriak sortu ditu, hasierakoekin alderatuta erabat desberdinak. Horregatik, IRALEK egun eusten dio oraindik ere irakasleak euskalduntzeko helburuari, baina haien hizkuntza gaitasuna sendotzeak hartzen du programaren zatirik handiena, izan sare publikoko zein itunpeko ikastetxeetako irakasleak. Horrekin batera, irakasleak hizkuntzaren didaktikan eta metodologietan gaitzeaz eta hauei prestakuntza sozio-kulturala emateaz ere arduratzen da.  Era berean, euskarazko ikasmaterialen hizkuntza-kalitatea bermatzeko lanetan ere parte hartzen du, materialak edukiz, moldaera teknikoz eta hizkuntza-trataeraz egokiak izan daitezen bermatzeko.