«17 urteko Pello Reparazek ez luke ulertuko Vendettaren agurra»
- DataAbenduak 26
- Gaia Musika
Vendetta taldearen historiako azken hitzak idatzi eta liburua ixteko atarian, paper zuria du aurrean Pello Reparaz musikariak orain, doinu eta erritmoetarako grinari bide egiten jarraitzeko.
Pello Reparazek (Arbizu, 1990) azken hamar urteotan adierazpide izan duen taldeak, Vendettak, agur esango die zaleei ostiral honetan, abenduak 28, Atarrabian, Hatortxu Rock jaialdiaren eremuan bere ibilbideko azken kontzertua eskainiz.
Reparaz geldigaitzak, baina, ez daki musikarik gabe bizitzen –“oxigenoa kentzea hobe, agian, musikarik gabe bizi baino”, esan digu–, eta paper zuriaren aurrean pausatuko du laster bere burua, kantuen xerka bultzatzen duen “hunkiduraren” bila, sortzaile zein ekoizle paperean biharra doinu berriz janzte aldera, halabeharrez.
Berarekin hitz egin dugu, agurraren atarian, nondik datorren ulertu eta nora doan jakiten saiatzeko.
Nolakoa izango da agur kontzertua?
Aurreikuspenen aurrean, bai esango nuke azken kontzertua Vendettaren kontzertu batizango dela, ez Vendetta eta lagunak kontzertu bat, horrelakoetan maiz egiten den bezala.
Sortu dugun azken urteotako Vendetta hor egongo da, noski, baina urte hauetan guztietan egindako guztiaren errepasoa ere egingo dugu. Hortaz, Vendettak sekula egin duen kontzerturik luzeena egingo dugu 28an.
Sorpresak egongo dira, eta, Vendettako bost kideoz gain, bestelako instrumentazioa ere egongo da agertoki gainean, baina ez da gonbidatuen errenkada bat espero behar.
Eta maila pertsonalagoan, zer aldarterekin igotzen da artista agertokira, amaierarako atzerako kontaketa bat egiten ari dela jakinda?
Orain artekoa oso-oso polita izan da, eta esan dezaket asko disfrutatu ditudala agur luze honetan emandako kontzertu guztiak. Hala ere, pentsatzen dut ez dela gauza bera izango agertokira igotzea azken kontzertua izango dela jakinda.


