BALA, artista liburuen parada
Abenduaren 14tik 16ra burutuko da BALA, Bilboko Artista Liburuen Azoka. Banizu Nizuke kultur elkarteak sustatuta, sistematik kanpo aritzen diren artisten ikusgarritasuna hobetzea helburu duen azokak sei urte beteko ditu aurten. Olaia Cervera, arduradunetako bat, gurekin mintzatu da ekimenari buruz.
Zer da artista liburu bat? Zein ezaugarri ditu berezko?
Artista liburu bat, berez, sormen obra bat da. Bertan artistek modu estetiko batean planteatzen dituzte euren lanak, horregatik dira estetikoki bereziak. Batzuetan oso modu sinplean egiten dira, argazkilaritza-liburu batean, adibidez. Besteetan, aldiz, formatu eta material artistiko ezberdin erabiliz sortzen dituzte. Esan dezakegu liburua “objektu” bihurtzen dela, eta ez bakarrik duen edukiagatik, baizik eta hartzen duen formagatik ere bai. Eskuz egindakoak dira gehienetan (eskuz josiak, pegatuta… ) ekoizpen txiki bat planteatuz… Ondo ulertzeko, grabatuaren adibidea erabil dezakegu, ezaugarri asko partekatzen baitituzte: ekoizpen serie bat planteatzen da eta gero plaka apurtzen da. Errepika ezinak dira, kopia ezinak nolabait esateko.
Artista liburu bat ez da ohiko artelan bat bezain garestia, erabilgarriagoa da eta zabaltzeko aukera ere ekonomikoagoa da. Beste bide artistiko bat da, non errazagoa den argitaratzea, erosoagoa eta askotan kuriosoagoa ere bai. Publikoari iristeko bide zuzenago bat.
Aurten sei edizio beteko ditu azokak. Zein helbururekin jarri zenuten martxan?
Gure helburua gaur egun ere mantendu egiten da: arte mailan “alboratuta” edo nolabait kasu egiten ez zitzaion alor horri plaza ematea da, hastapen urratsak ematen ari diren artista horiei tokia ematea, esparru propioa zabaltzea (ezagunagoak diren artistek ez dute behar, baina gure herrian bada jende asko bere lana aurkezteko tokia bilatu nahian…). Euskal Herrian hainbat alorretako azoka arrakastatsuak egon badaude, ateak itxi berri dituen Durangokoa, esaterako. Baina arte esparruan ez zegoen horrelakorik. Guk arte mundutik gatoz, ez dugu printzipioz liburuaren munduarekin zerikusirik. Eta arnasgune eta elkargune hori sortzearen beharra sentitu genuen. Hori zen helburua. Eta horretan gabiltza urtez urte.

(Iazko edizioko irudi bat, La Granja tabernan)
Denbora honetan, zein izan da ekimenak izan duen ibilbidea?
Hasiera oso gogorra izan zen, benetan zaila. Dena da berria, eta oztopo asko topatzen dituzu. Baina egia da urtez urte antolaketa kontuak eta ekonomiaren aldetik ere, gero eta errazagoa dela lan egitea. Oso erantzun baikorra sentitu dugu, konfidantza izan dute guregan eta laguntza topatzea ez da hasieran bezain aldapatsua. Gero eta lasaitasun handiagoarekin aritzen gara, hasierako estresa ahaztuta dugu. Hori horrelakoa da, gurpila martxan jartzen denean, lan dinamikak ezartzen dira eta dena doa jarraian. Horrek asko lagundu digu, ez bakarrik babesa bilatzean, parte-hartzaileak kontaktatzean ere bai. Izen bat baduzu buruan eta ekarri nahi baduzu, honek erreferentzia bat dauka jada, gurea ez delako zerotik abiatzen den egitasmoa. Eta ezagutzen ez gaituztenean ere, erraza da web gunean aurreko edizioetako materiala eta programak topatzea…
Lehen komentatu duzun bezala, BALA, sikiera edukien aldetik, ezohiko proposamena dugu Euskal Herrian. Zer eskaintzen dio bai egileei zein argitaletxeei?
Bai, hala da. Guk azoka sinplea eskaintzen dugu: espazio egoki bat bilatzen eta atontzen dugu eta zerbait erakutsi nahi duen artistak bertara hurbil daiteke. Aldez aurretik harremanetan jartzen dira gurekin, lantzen duena publikoaren aurrean aurkezteko.
Gainera, guk ez dugu kobratzen stand-agatik, eta horrek ere laguntzen die. Azokak oso garestiak dira, batzuetan saltzen dutenaren ehuneko bat eskatzen diete, eta egileak oso baldintzatuta daude. Guk erraztasunak eman nahi dizkiegu. Askatasun osoa dute.
Honetaz gain, inguruan dauden beste sortzaileekin ere egoteko parada izaten dute gurean, bertan dauden hitzaldietan parte-hartzeko aukera… Oso interesgarria da, ohituta daudelako modu bakarrean lan egitera eta hau bezalako hitzordu batean parte-hartzeak ideiak interkonektatzeko aukera eskaintzen die.
Eragin zuzenik izan al du garapen teknologiak mota horietako ekoizpenetan?
Eragina izan duela esan dezakegu, baina ez oso modu “iraultzaile” batean, beste alorretan gertatu den moduan. Euskal Herriko inprenta garrantzitsuak etortzen dira gurera, adibidez, eta edizio digitala edo formatu digitalak lekua izan badituzte, bai, eta proiektuak hortik ere atera dira.
Baina arte esparruak bere berezitasunak ditu, eta aurrerapenak, oro har, adierazteko moduetatik etorri dira, “tresnak” eskuratuz: artean denarekin egiten da lan, tradiziozkoa den tresna batekin edo azken momentuko teknologiarekin. Baina hori besterik ez da, adierazteko beste “tresna” bat.

BALAk bere kokapena aldatzen du urtez urte. Zeintzuk dira egoitza aukeratzeko kontuan izaten dituzuen irizpideak?
Ba egia da nahiko prozesu bitxia dela. Bilbo hiri berezia da, leku enblematikoz josita, eta egun bizi dugun egoeraren eta globalizazioaren ondorioz, hauetako asko itxita daude. Derrepentean, kalean, oso eskuragarri, hutsik topatzen ditugu. Eta bete betean ikusten dugu gure ekimena barnean: leku zabalak eta handiak, behar dugun azpiegitura jasotzeko oso aproposak eta ikusgarritasun handia ematen digutenak.
Egoitzaren bilaketa urteko lehen lauhilekoan abiatzen dugu. Prozesu zaila eta aldapatsua da. Eta lan hori balorean jarri nahi dugu, benetan gogorra delako. Beti dago momentu bat non dena zapuztuko delakoan zauden –eta proiektu batzuk bidean gelditu dira, noski–, baina oso pozik gaude lortu dugunarekin. Eta behin lekua aurkituta, beste fase bat hasten da: ikerketa, egokitzapena edo lokalaren nagusiekin negoziaketa, konpondu, garbitu, egokitu…
Azokaren baitan ekitaldi ezberdinak antolatzen dituzue, hala nola hitzaldiak edo tailerrak. Nolakoak izaten dira jarduera hauek? Zer gehitzen diote azokari?
Ekimen parte-hartzailea izan nahi bu BALAk, non proposamen ezberdinen informazioa publikoaren esku uzten diren. Beste esperientzietatik asko dugu ikasteko, eta parada ezin hobea da BALA honi bidea emateko.
Ostiralean, adibidez, Amsterdametik datorren Werker Collective taldea izango dugu, “gerrilla” estiloan aritzen direnak gizartean ematen ari diren bidegabekeriak kritikatuz, euren fanzineen bitartez. Euren lanak emaitza praktikoa dauka, eta oso aktiboak azaltzen dira gaur egun gure gizartean pil-pilean dauden gai batzuei aurre egiten: zentsura, adierazpen askatasun eza… Giza planteamendu eta erantzun berriak luzatzen dituzte, mundua eraldatzeko nahi dugunentzako oso beharrezkoak direnak.
Proposamen berriak ezagutzeko eta publikoa eta egileen arteko fluxuak errazteko aukera ederra eskaintzen dituzte antolatutako jarduerek.
Aurrera begira, nola sumatzen duzue BALAren etorkizuna?
Ba etorkizuna zein izango den ez dakigu. Gaur egungo gizartea oso azkar doa, eta guk ez dakigu zer punturaino gure proiektu honek ere bere askatasuna edo errebeldia puntu hori mantentzeko aukera izango duen… Ez genuke “zahartu” edo testuingurua bistatik galdu nahi… Ez genuke nahi BALA “instituzionalizatzea” edo formatua nolabait kadukatzea”.
Horregatik gabiltza urtero nola gauden, zer nahi dugun, zer lortzen dugun… “berraztertzen”. Momentua gozatzen, bai, baina ondo aztertzen zertan gauden. Ez diogu beldurra formatua aldatzeari edo dena hankaz gora jartzeari gauzak aldatu direla ikusten badugu. Horretarako hartzen diogu pultsua azokari urtero. Eta aurtengoa azterketa modukoa izango da guretzako, zer nolako egoeran gauden hausnartzeko balioko zaiguna. Geldituta edo gogortuta gelditzen bazara, formatuaren esentzia galtzen duzu, eta ez genuke inolaz ere hori nahi. Seigarren urtea da, ikusi behar dugu ea freskura galdu dugun... Askotan, erritmoa hartzen duzunean, oso erraza da inertzietan erortzea…

Guk, zorionez, askatasun guztiarekin egiten dugu lan, eta aurrera egiteko gure lana beti “zalantzan” jartzea biderik onena iruditzen zaigu. Beraz, batek daki!
(Berezi hau 2018ko abenduaren 10ean argitaratu da)


