Titirijai, txotxongiloek merezi duten Jaialdia

  • Titirijai, txotxongiloek merezi duten Jaialdia

Urtero, azaroan, Tolosako Nazioarteko Titere eta Txotxongilo Jaialdia egiten du; hiri gipuzkoarrak ikur bihurtu du topaketa eta, gainera, lortu ere lortu du sektore horretako mapan errotzea nazioartean. Idoya Otegui, Titirijaiaren zuzendariak, azaldu digu haren ibilbidea.

 

Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdia duela hiru hamarkada baino gehiago sortu zen. Nolakoak izan ziren topaketaren hastapenak? Ba al zuen Tolosak horrelako antzerkiaren tradiziorik?

Bai, duela 36 urte abiatu zen Jaialdia. Lehen fasea, egia esateko, benetako abentura izan zen... Miguel Arreche izan zen Jaialdiaren sortzailea; baina berak, eta gutako beste inork ere, ez zuen aurretiko ezagutzarik Txotxongilo Antzerkiaren munduan. Antzerkizale amorratua zen Miguel, eta antzerki-zuzendari afizionatua.

TEEan erabaki genuenean antzerkiaren eta haur-antzerkiaren inguruko jarduera berri bat antolatzea, Txotxongilo Antzerkia aipatu zigun norbaitek. Gogotik hartu genuen ideia, eta Jaialdi bat antolatzeko hautua egin genuen.

Orduan esan ziguten Enkarni Genua eta Manolo Gómez, Donostiako Txotxongilo konpainiakoak, izan zitezkeela aholkulariak gai horretarako. Haiekin harremanean jarri zen Miguel, eta esan behar da bat-bateko maitemina izan zela. Harez geroztik gaur arte iraun duen harremana izan da. Oso harreman emankorra eta arrakastatsua. Haiek gabe Titirijairik ez litzateke izango; haiek ireki ziguten Txotxongiloen Arteen atea, eta mundu horretan norbait zen jendea ezagutarazi ziguten.

Egia da, aurretik Tolosan ez zen inolako tradiziorik Txotxongilo Antzerkiaren munduan; baina lehen jaialdien arrakastak, konpainien hautaketak..., asmatu egin zen benetan, eta denbora gutxiren buruan Jaialdia nahitaezko ekitaldia bilakatu zen Tolosako udazkenetan.

 

("Hathi", Centre de Titelles de Lleida)


Egia da, urteko ekitaldi kultural nagusietako bat da Titirijai gaur egun herrian, eta nazioarteko eredu bat bere alorrean. Nola bizi izan duzue bilakaera hori?

Zerbait berri eta ezezagunari ekiten diozunean, beti beldur izaten zara zer gerta ote daitekeen, jendeak ulertuko ote duen, gustatuko ote zaien... Horri gehitu behar zaio Txotxongilo Antzerkia behe mailako arte bat izan dela luzaro, eta oraindik ere sektore batzuentzat hala dela, mespretxuz begiratzen zen zerbait...

Beraz, geurea bezalako Jaialdi bat finkatzea lortzen duzunean, nolabaiteko asetasuna sentitzen duzu, eta bide horretan aurrera egiteko gogoa, lortu ahal izateko Txotxongiloen arteak (gizateria bera bezain zaharra den arteak) merezi duen lekua izan dezala.


Jaialdiaren eragina hain handia izanik, Topic inauguratu zuen Tolosak 2009an. Zer da eta zer zerbitzu eskaintzen ditu zentro horrek?

Txotxongiloen Zentro Integrala da TOPIC, hau da, Txotxongiloen munduarekin zerikusia duten era guztietako zerbitzuak eskaintzen ditugu:

Zabalkundea – 250 jarleku dituen antzokia daukagu, eta hilean behin gutxienez emanaldiak eskaintzen ditugu bertan.

Sorkuntza – Badugu konpainientzako esparru bat, beren sorkuntza-egonaldiak egin ahal ditzaten; hau da, TOPICera etor daitezela beren emanaldiak, osorik nahiz zatika, sortzera. Sorkuntza-gune horrek badu bizileku txiki bat artistak, sortzen ari diren artean, edo lanera etorri behar dutenean, bizi ahal izan daitezen.

Prestakuntza – TOPICen hiru gune daude txotxongiloen alorrean prestakuntza emateko, bai neska-mutikoei bai pertsona helduei, irakaskuntzan lan egiten dutenei, txotxongiloen munduan dihardutenei, e.a. Prestakuntza presentziala eskaintzeko dira guneetako bi, eta urrutiko prestakuntzak lantzeko da hirugarrena.

Babesa – TOPICek Artxibategi eta Dokumentazio Zentro bat du; haien betekizuna da Txotxongiloen Arteari buruzko dokumentazioa jaso, dokumentatu eta katalogatzea, arte mota horretan interesa duen edonork eskueran izan dezan jasota eduki eta zaintzeko.

Kontserbazioa – TOPICek badu museo bat ere; txotxongilo-ondarea zaintzea da haren xedea. Zoritxarrez, Euskal Herrian eta Espainian oro har, beste herrialde batzuetan gertatu ez dena gertatu da: galdu egin da zegoen txotxongilo-ondare gehiena. TOPICen ardura da ez dadila hori gehiago gerta, leku bat egon dadila material hori egoki jasota egon dadin. Era berean, museoaren bidez Txotxongiloen Artearen mundu miresgarria eta liluragarria ezagutarazi nahi dugu.

 

Zein dira txotxongilo-antzerkia bakarra eta berezia bihurtzen duten bereizgarriak?

Denik eta arte-adierazpen osoena da txotxongiloen antzerkia. Bestelako adierazpen guztiak barnebiltzen ditu haren barnean: musika, dantza, idazketa, eskultura, pintura, antzerkia...

Gizakiak antzeztu ezin dituen gauzak antzez ditzakete txotxongiloek edo objektuek; zuzeneko antzezpena da, biziduna, eta horrek bereizten du zinemagintzatik, esate baterako, eta zuzeneko beste adierazpen artistikoetatik.

 

Pentsatu ohi da horrelako ekoizpenak haurren ikus-entzuleria batera begira egindakoak izan behar dutela. Noraino da egia hori? Zer profil dute Titirijaiko ikus-entzuleek?

Beno, txotxongilo-antzerkia sortzez pertsona helduentzako da. Geroztik bideratu zen haurrengana, jabetu ere jabetu zirelako nolako hurbiltasuna sortzen den txotxongiloaren eta haurraren artean, zein erraza den txotxongiloaren bidez harekiko komunikazioa sortzea.

 

(Teatri mobile", Girovago & Rondella / Dromosofistas)

 

Beraz, alderantzizkoa da errealitatea... Txotxongiloen Antzerkia era guztietako ikus-entzuleengana bideratzen da, adin-tarte guztietara, nahiz eta egia den oraindik pertsona heldu askok uste dutela Txotxongiloen Antzerkia haurrentzat soilik dela; baina txotxongilo-ikuskizun oso-oso onak badaude ikus-entzule helduentzat ere.

Titirijaien badugu Txotxongilo Antzerkiaren helduentzako atal bat, oso arrakastatsua; haurren publikoa eta helduen publikoa, biak ditugu.


2008an kaleratu zen Bitxikeriak. Andanzas de títeres y titiriteros de Unima Euskal Herria argitalpena; bertan, euskal txotxongilo-konpainien 30 urteko ibilbidearen berrikuspen bat eskaintzen zen. Hamar urte igaro eta gero, nola ikusten duzue sektore horren sasoia gure ingurumarian?

Gure ingurumarian badira oso konpainia onak; baina asko geratzen oraindik egiteko, batez ere prestakuntzaren alorrean.

Gure konpainiek gogoan izan behar dute «lehiatzeko» behar-beharrezkoa dela prestakuntza; badirela beste erkidego eta beste herrialde batzuetan oso sendo dabiltzan konpainiak, batez ere prestakuntzan inbertsioa egiten ari direlako. Txotxongilozale autodidaktaren profila iraganeko kontua da jada. Txotxongiloen munduan, gainerako guztietan bezala, bilakaera handia izan da eta gero eta gehiago eskatzen da...


Jaialdira itzuliz, aurkeztu duzue jada programazioa, eta bertan azpimarragarria da Fabrizio Montecchiren presentzia, itzal-antzerkiaren munduan erreferentziazkoa baita. Zer esan nahi du hura Tolosan izateak? Programako beste zein jarduera azpimarratuko zenituzkete?

Bueno, arestian eman dizudan erantzunarekin lotu-lotuta dago galdera hori. Guretzat, Fabrizio Montecchiren mailako profesionalak ekarri ahal izatea –UNIMA Euskal Herria eta UNIMA Internationalen eskutik dator, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren laguntzarekin– pozgarria da eta aurrerapauso bat da TOPICen helburuetarantz, kasu honetan Txotxongiloen profesionalen prestakuntzaren alorrean.

Bikaintasunaren bilaketa funtsezko langaia da guretzat eta horretaz arduratzen ari gara; horregatik ekartzen ditugu profilik jasoenak, hemen bertan ditugun profesionalek haien lanaren etekina jaso dezaten. Pena da batzuetan ez ulertzea eta aprobetxatzea gertuen ditugunen partetik... Tailerra guztiz arrakastatsua izan bada ere, plaza guztiak beteta daude eta itxaron-zerrenda luze-luzea daukagu, baina halaz eta guztiz egia da hemen oso jende gutxi dagoela...

Programazioaren gainerako guztiari dagokionez, beti bezala, geure baliabide apalen barruan, ahalegintzen gara jaialdira teknika eta estilo desberdinak ekartzen, gure ikus-entzuleek haiek guztiak ezagutu eta goza ditzaten. Ikuskizun berri-berriak ere badakartzagu, horrek berezkoa duen arriskuarekin; esate baterako, Jojo, Kataluniako Y tú qué pintas konpainiarena, eta Trabajos de interior, Behibi’s euskal konpainiarena; autobus-antzoki bat eta kamioi-antzoki bat ere bai: Teatri Mobili, Italiako Girovago e Rondella eta Dromosofistas konpainienak, bi ikuskizun, Manoviva eta Antipodi, eskainiko dizkigutenak. Euskal Herriko LaEnaNaranjak eskainiko digu bere azken ikuskizuna, Kontu Kantari; eta beste hainbat konpainia ere, hamazazpi guztira, zazpi herrialde eta zazpi autonomia-erkidegotatik etorritakoak, arituko dira.

 

Argi dago Titirijai dagoeneko jaialdi finkatua dela. Ba al da, ordea, eginkizun geratzen den zerbait zuen agendan?

Bai, gustatuko litzaiguke koprodukzioak egin ahal izatea. Bai TOPICen bidez bai Jaialdia dela eta, proposamen asko jasotzen ditugu koprodukzioak egin ahal izateko; eta TOPICerako dugun egitasmoaren barruan dago horrelakoak egitea. Hurrengo helburuetako bat izango litzateke, baina beti geratzen dira egiteko asko...

 

Material gehigarria:

(Titirijai 2011, TOPIC [0'-14'])

 

(Berezi hau 2018ko azaroaren 21ean argitaratu zen).