Laida Aldaz: «Zinetikak urtez urte modu anitzagoan jorratzen ditu mugimendua eta teknologia»
Zinetika, diziplina askotariko jaialdi bat da, dantza eta ikus-entzunezko arteen artean, gorputzaren eta teknologiaren artean eratzen diren harreman desberdinak aztertzen dituena. Egoitzak eta programazioa hedatu ditu proposamen horren hirugarren edizioak. Laida Aldaz Arrieta, topaketaren fundatzaile eta zuzendariak azaltzen digu.
Zer helbururekin abiarazi zenuten Jaialdi hau?
Atzerrian 18 urte eman ondoren, etxera itzultzeko gogoa sentitu nuen, ekarpen kultural berriak eskainiz, zerbait eskainiz etxeratzeko. Zinetika Jaialdia sortu zen ikuslearengan arte modu desberdinekiko jakin-mina sortzeko asmoarekin, diziplina arteko proposamen bidez dantzaren aniztasuna azaldu asmoz. Bideo-dantzako obrak proiektatzea izan zen lehen urratsa, mugimendua eta teknologia gaitzat dituen eta urtetik urtera zabaltzen eta dibertsifikatzen den jaialdi hau abian jartzeko.
Gure helburuetako beste bat da lankidetza-sareak sortzea esparru desberdinak bateratu nahi dituzten artisten artean. Artisten eta entitateen artean harremanak ezartzen eta kultura-harremana aberasten duen plataforma da Zinetika.
Arreta-gunea ezartzen duzue dantza eta ikus-entzunezkoaren arteko elkargunean, zentraltasuna eskainiz mugimenduan dabilen gorputzari. Zein da zuen interesgunea esparru horri buruz?
Dantzak, zinemak bezala, mugimenduaren, espazioaren eta denboraren arteko harremana lantzen du; baina mugimenduaren hizkera abstraktuak proposamen bakoitzari interpretazio-gunea uzten dio.
Gero eta gehiago, geure iruditegian barrena ibilaraziko gaituzten obrak behar ditugu, begiratzeko modu berriak eskainiko dizkigutenak.
Mestizaia –hitzaren adiera zabalenean– nahitaezkoa eta ezinbestekoa da, eta horregatik gure interesak iraun egiten du generoen eta proposamenen eraldaketa eta berrikuntza etengabean.
Iruñean hasi zenuten zuen ibilbidea, eta hiru urteren buruan lortu duzue proposamenaren eszenatokia Donostia eta Bilbora ere hedatzea. Nola balioesten duzue Zinetikaren ibilbidea?
Urtetik urtera hazi egin da jaialdia. Hiru urteren buruan, hirukoiztu egin ditu bere egoitzak Iruñea, Donostia eta Bilbo hirietara, bakoitzaren lurraldeen arteko kultura-trukea ahalbidetuz.
Beren obrak aurkezten dituzten artisten partaidetza esponentzialki biderkatu da, eta Zinetika finkatzen ari da esparru nazionalaren zein nazioartekoan. Urtetik urtera hazi egin da publikoak eta artistek jaialdiko jarduketetan duten esku-hartzea, eta horrek berak adierazten digu norainoko interesa pizten ari den Zinetika.
Jaialdiko proiekzioak hautatzen dira nazioarteko deialdi baten bitartez jaso diren lanen artean, eta 2018ko deialdirako 1.200 pieza baino gehiago jaso dira. Nolako obrak iritsi zaizkizue eta nola egin da haien arteko hauta-lana?
1.200 film horien artean denetariko obrak iritsi zaizkigu. Aurten, hauta-lana Bertha eta Maite Bermúdezek egin dute, eta benetan ezin zehatzagoa izan da. 1.200 film horietatik 6 besterik ez dira hautatu lehiaketa ofizialerako eta 8 Open Screen atalerako.
Hautaketa-irizpidea oso zehatza izan da; urtetik urtera hobetzeak esan nahi du oso modu zorrotzean kudeatu behar direla hautaketa-irizpideak.
Eta azpimarratu behar dugu urtetik urtera hobetzen ari dela obren kalitatea.

(Atal ofozialean ikusiko da "Strophe")
Nolako programa eratu duzue 2018ko saio honetarako?
Urtero, oso programa anitza eta zinemagintza-balio jasokoa eskaintzen du Zinetikak; baina, gainera, aurten ildo artistikoa zabaldu eta lekua egin nahi diegu proposamen berriei, demagun performance bidezko ariketa eszenikoei.
Gainera, 2018an apustua egin dugu bertakoa eta nazioartekoa sintonia bakarrean uztartzen dituen programazioaren alde, eta horrek ahalbidetzen digu bertako artisten lanean sakontzea eta nazioarteko esparrutik datozkigun proposamenak ezagutzea.
Zinetikaren eskaintza borobiltzen da hainbat masterclass eskainiz programazioan; aurten, Gabriel Villota eta Patxi Araujok emango dituzte. Nolako profila duen publikoari zuzentzen zaizkio jarduketa horiek?
Masterclass horietara edozein artista profesional edo artean interesa duen edonor joan daiteke. Beste urte batzuetan izan ditugu esparru eszenikoan, bisualean, arkitekturakoan, idazketakoan edo psikologiakoan ziharduten artistak, baita artearekiko harremana beste ikuspuntu batetik bizi izan nahi zuten pertsona zaletuak ere. Guzti-guztiek ikasi eta gozatu dezakete masterclass horietan, doakoak baitira eta oso eduki jaso dutenak.

(Patxi Araujo hilaren 15ean izango da Iruñean, 17an Donostian eta 20an Bilbon)
Zer erronkari uste duzue aurre egin behar diela Zinetika Video Dance Jaialdiak etorkizunean?
Biziraupena da berehalako etorkizuneko erronka. Jaialdi independentea gara, eta horrek esan nahi du urtero finantzazioa bilatu behar izaten dugula. Publikoarentzat ia doakoa den jaialdia da (soilik kobratzen dira Tabakalerako zinema, 3,5€, eta La Fundicioneko performanceak, 6€), hain zuzen ere uste dugulako publikoak eskueran izan behar duela kultura, dena delarik bere ekonomia. Beraz, urtero eskatu behar izaten ditugu diru-laguntzak eta babesak; horrek esan nahi du ia urtea amaitu arte ez dugula jakiten nolako aurrekontua izango dugun hurrengo urtean.
Gure antolakunde- eta programazio-lanak ziurgabetasun horren mende egoten dira urtero eta, beraz, esango nuke hori izaten dela gainditu behar izaten dugun erronka handiena eta etengabeena.
(Berezi hau 2018ko azaroaren 15ean argitaratu zen).


