Bere doktore tesia oinarri, "Inor ez delako profeta bere mendean" saiakera idatzi du Asier Amezagak
- DataUrriak 24
- Gaia Literatura
Liburuko atalak segidan irakurtzea gomendatzen badu ere, banaka, solte ere har daitezkeela azaldu du Amezagak, bakoitzean une eta gune ezberdinak lantzen baititu. «Dela Nire aitaren etxea poema, dela Euskal Harria, euskara bera, Arantzazu, Bilbo... Halako gaiak jorratzen ditu liburuak. Azken batean, asmoa da aztertzea zelan egiten dugun poesia hezur-haragizko». Azken urteotan idazleari egin zaizkion omenaldiak izan daitezke azaleratze une edo gune horietako batzuk. «Alde horretatik, nik poemak nola gorpuzten diren aztertu nahi nuen, nola biziarazten den Aresti; azken batean, horrelako omenaldietan, poemen errepiketan, kantaldietan... biziarazten dugun poeta delako».
Egilearen ustez, «Aresti madarikatua, Aresti espainolista, Aresti komunista... euskal kulturako totem» bihurtu da, eta totem gisa ere aztertu du liburuan, «literaturarekin osatzen dugun harremana liburuez harago doalako, badagoelako nolabaiteko harreman magiko bat, ia xamanikoa, zeinetan omenaldiak eskaintzen zaizkion une horietan nolabaiteko erritual batzuk jarraitzen diren. Bilboko Udalaren sariak dira horren lekuko: Unamuno, Blas de Otero eta Aresti sariak».


