Landarte Nafarroako landa ingurunean arte garaikidea bultzatzeko programa eragile gisa indartu da bigarren edizioan

  • Landarte Nafarroako landa ingurunean arte garaikidea bultzatzeko programa eragile gisa indartu da bigarren edizioan

  • DataUrriak 19
  • Gaia Ikusizko arteak

15 herrik parte hartu dute aurten Arte eta Landartasun programan

Landarteren bigarren edizioak arte garaikidea Nafarroako landa ingurunera hurbiltzeko erreferente gisa indartu du Arte eta Landatartasun programa. 1.500 biztanle baino gutxiago dituzten 15 herritako 600 lagun inguruk era aktiboan parte hartu dute tailer eta aurkezpen artistikoetan, diziplina bakoitzeko erreferentziazko artisten zuzendaritzapean. Gainera, 2.500 pertsona inguru bildu dira bukaerako ekitaldietan, Nafarroako beste eskualde batzuetatik eta inguruko autonomia-erkidegoetataik etorritako bisitariekin batera.

Ekimenean parte hartu duten herriek kulturaren inguruko baterako proiektuaren inguruan bildu ahal izan dituzte tokian tokiko bizilagunak, eta ordainetan, kultura-ondare materiala lortu dute, haiek sortu eta haiexen komunitateei atxikita gelditu diren artelanei esker, baita kultura-ondare immateriala ere, proiektu bakoitzean historia eta ohituren sustraietan sakondu behar izan baitute artistekin batera, ondarearen balioa aintzakotzat hartuz eta horri buruzko kontzientzia kolektiboa areagotuz.

Landarte 2018

Urriaren 6an, Sesman, bukaera eman zitzaion Con sólo una gota de agua obraren aurkezpenarekin, maiatzetik urrira bitartean garatuz joan den aurtengo programari. Proiektuak bi fasetan landu dira: tailerretan, zeinetan artistek eta herritarrek artelanak taxutu dituzten, eta proiektuen bukaerako aurkezpenetan.

Lurra izan da bigarren edizio honen ardatz nagusia: harriak, arrokak, zelaiak, mendiak, landareak, etab. Tailer guztietan, kontuan hartu dira erabilitako elementuen iraunkortasuna eta ingurunearekin bat egiteko gaitasuna.

Landarte artea eta paisaia uztartzen dituen “Land Art” deritzon arte garaikidearen korrontean inspiratzen da, baina harantzago jotzeko xedez, artista egoiliarren aholkularitza eta zuzendaritzapean eta hainbat diziplina artistiko bilduz landutako jardueren sorreran, kudeaketan, ekoizpenean, marketinean eta jarraipenean tokian tokiko bizilagunak inplikatuz.

2018an, Nafarroako osoko 15 herrik parte hartu dute: Uharte Arakil, Orbaibar, Eugi, Aurizberri, Ezkaroze, Petilla de Aragon, Eslava, Monteagudo, Artaxoa, Mañeru, Iguzkitza-Azketa, Sartaguda, Galipentzo, Zuñiga eta Sesma. Azken hiru herri hauek jarraipena eman diete Landarteren aurreko edizioan izarren, muralismoaren eta espartzuaren gainean landu zituzten esperientziei. Arte garaikideko bilduma bat duen Bodega Otazu upategiak ere edizio honetan parte hartu du Carlos Ollo idazlearekin antolatutako topaketa literario baten bitartez.

Bigarren edizio honek Nafarroako Gobernuko Museoen Zerbitzua eta Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentua izan ditu lankide eta bidelagun.

Landarte 2019ko hitzordua prestatzen hasia da. Hirugarren edizioan, Nafarroako Arte eta Landatartasun Programak jarduera artistiko berriak abiaraziko ditu hainbat herritan. Oraingo edizioan bezalaxe, zenbait herrik esperientzia errepikatu eta jarraipena emango diete berarien proiektu artistikoei, eta honek eboluzionatzeko aukera emango die proiektuei, herrien ongizate sozial eta ekonomikoaren mesedetan.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri