Josu Goiri: "Instrumentu aberatsa da oso txalaparta"
- DataUrriak 17
- Gaia Musika, Ondarea, Bestelakoak
Tradizioz, sagardoaren eta baserriaren munduari atxikia egon da txalaparta. Herri askotan, adibidez, upeletako sagardoa edateko puntu egokira iristen zenean, txalaparta jotzen zuten inguruko jendeari jakinarazteko. Gaur egun perkusiozko musika tresna bezala erabiltzen da Euskal Herrian, baita munduko beste hainbat tokitan ere, Oreka Tx bikoteari esker. Josu Goiriak (Zaratamo) ere zabaldu du txalaparta munduan zehar. Txalaparta irakaslea da Goiria Zaratamon, baina hura jotzeaz eta irakasteaz aparte, sakon ikertu du haren inguruan. Liburu bat idatzi du instrumentuaren inguruan, frantsesera ere itzuli dutena, eta musikoterapiarekin ere uztartu du txalaparta zaratamarrak.
Musikoterapia eta txalaparta uztartzen dituen ikastaroa eman duzu Bordelen. Zertan datza?
Musikoterapian txalapartak izan dezakeen eragina aztertu dugu. Bada, musikak eragin zuzena du gure gorputzean eta burmuinean. Hain zuzen ere, musikaren bidez pertsonaren ongizatea eta osasuna hobetzea helburu du musikoterapiak. Kasu honetan, txalaparta erabili dugu musika iturri bezala: zuraren zarata ezberdinak, honen dardara, xaflen arteko loturak… Audizioa, erritmoa edo koordinazioa landu ditugu horiekin. Azken batean, txalapartarekin eraikitzen ditugun kadentziak gure arnasketarekin lotu daitezke, gure ahots tinbrearekin, ibiltzeko erarekin… Txalaparta, gainera, zutik jotzen den instrumentua da, beraz gorputzeko atal ezberdinen arteko oreka nola zaindu ere aztertu dugu. Txalapartaz gain, irrintzia eta adarra ere landu ditugu.
Eta, nolatan Bordelen? Nola lortu duzu bertan ikastaroa eskaintzeko aukera?
Bilbon ere antzeko ikastaro batean parte hartzen dut, musikoterapia zentro batean. Aittor Loroño medikua eta musikoterapeuta da zuzendaria eta bere bitartez Gerard Ducorneau, Bordeleko zentroko zuzendaria, ezagutu nuen. Txalapartari buruz nik idatzitako liburua frantsesez argitaratzeko asmoa azaldu zidan hark eta animatu nintzen. Ordutik, hainbatetan joan naiz bertara liburua aurkeztera eta ikastaroak eskaintzera.


