Madeleine: "Abestitzarrak egin nahi dituzten lau lagun gara, besterik ez"
- DataUrriak 16
- Gaia Musika
Donostiar taldea bueltan da aurreko diskoa kaleratu eta bost urtera, etenaldi baten ostean. Gartxot Unsain rock taldeko gitarrista eta abeslariarekin hitz egin dugu ‘Su hura’ lanaz
Madeleine taldearen sua ez da itzali. Mugarri 2013ko diskoko kea elikatzen zuen garrak, laukotearen lan hartako doinu trinko baina aitzigaitzen oihartzunak, pizturik dirau Su hura taldearen hirugarren diskoan.
Denbora ez da alferrik pasatu, baina, zorionez, eta, bost urteren eta ia hiru urteko etenaldi baten buruan, Madeleineren eremu musikala, beste koordenada batzuetara lerratuta ez ezik (popa eta indiea argiago nabari dira orain, kantuetako rocka zipriztintzen), zehatzago ageri da Su hura honetan: kantuak dira langai, bere osotasunean, eta ez, lehen bezala, riffak.
Eñaut Gaztañaga ekoizle gero eta lanpetuagoa (Grises, Rural Zombies, Olatz Salvador, Voltaia…) lagun, lehen hainbat zati ezberdinek osatzen zituzten kantuak findu eta zedarritu dituzte hirugarren disko honetarako, beren soinuari nortasuna ematen dioten intentsitate aldaketa hunkigarriak eta pasarte atmosferikoak erabat baztertu barik betiere. Konposatze lanean “burua” ere erabili dute, “bihotzaz gain”, Gartxot Unsain gitarrista eta abeslariak azaldu digunez.
Lortu dut Su hura diskoaz hitz egitea heldutasuna hitza erabili barik, baina, dudarik ez, horixe izango da gehien erabiliko den hitza lan honetaz hitz egiteko orduan. Atzeraka eragin ohi dit hitz horrek musikaz ari garela, baina egia da laukoteak ikuspegia aldatu duela musika sortzeko orduan, eta ez dira mugatu kantuetan zati hunkigarriak kateatzera (ezagun zen hori oso ondo egiten dakitela), ezpada kantu biribilak sortzen saiatu dira, arriskua beren gain hartuta.


