Arte Garaikideko Dokumentazio Zentroak: erronka berriak
16 urte dira Arte Garaikideko Dokumentazio Zentroen Topaketa burutzen dela Artiumen, sektoreko hainbat profesionalei hitza emanez. Gasteizko hiriburuak bi urtean behin jasotzen duen hitzorduak azpiegitura hauei dagokien edukiak eta euren testuinguruak ditu ardartz. Elena Roserasek, Artiumeko Liburutegiko arduraduna eta topaketen sustatzailea, urriaren 24 eta 25ean izango den ekimenaren xehetasunak hurbildu dizkigu.
Zer da Dokumentazio Zentro bat? Zein da bere zeregina eta zertan datza bere garrantzia?
Dokumentazio-zentro bat informazio-unitate bat da, gehienetan erakunde publiko baten parte dena, eta haren zereginen artean dago, besteak beste, erakunde horien informazio-beharrei erantzutea.
Dokumentazio-zentroetan identifikatu, bildu, antolatu, kudeatu eta erabiltzaileen eskura jartzen da ezagutza arlo espezializatu bati buruzko informazioa.
Urtero informazio kopuru handia sortzen da, eta ezinezkoa da fisikoki dena edukitzea: kongresuak, aldizkari espezializatuetan argitaratutako artikuluak, monografiak, katalogoak, erreferentzia-lanak, doktorego-tesiak, eta abar. Ildo horretan, erabiltzaileentzat informazioa lortzeko zentro baten edukiaz harago hedatzea funtsezko elementua da informazio-zerbitzuen kudeaketan. Hainbat zerbitzu eta tresna, hala nola sareak, elkarlana eta liburutegien arteko maileguak, zentro bakoitzaren mugak gainditzeko erabili behar ditugun bitartekoak dira.
Zentro hauen kudeaketari heltzeko beharrezkoa da benetako eta ustezko erabiltzaileen beharrak ezagutzea, behar berezien arabera sailkatzea, erakundea aurkitutako beharretara doitzea, eskaintzen diren zerbitzuak eta produktuak erabiltzaileei ezagutaraztea eta haien asetasun maila ebaluatzea, programa horiek egokitu ahal izateko.
Dokumentazio-zentro baten funtzioen artean aipatzekoak dira:
- Ikuspuntu orokor eta integratzaile batetik, informazio eta operaziozko baliabide eta prozesuen kudeaketa optimoa lortzea.
- Espezializazio esparru baten gaineko ikerketa eta analisia sustatzea, jorratutako gaien inguruan jardueren antolakuntza bultzatuz eta balio erantsiko zerbitzuak programatuz.
- Kapital intelektuala kudeatzeko, ezagutza sortzeko eta erabiltzaile-sareen artean modu dinamikoan batetik bestera mugitzeko bidea emango duen esparru komun bat zehaztea.
- Informazioaren kudeaketari aldaketarako, lehiakortasunerako eta ezagutzari eusten dion funtsezko habe gisa heltzea.
- Aurrez aurreko eta onlineko zerbitzuak eskaintzen dira, eta erabiltzaileek parte hartzen dute haiek zehazten, sortzen eta zabaltzen.
- Askotariko aplikazio eta tresna teknologikoak erabiltzea ezagutza partekatu eta zabaltzeko eta era guztietako erabiltzaileengana iristeko.
- Informazio-zerbitzuen garapena bultzatzea, zentroen arteko lankidetza sustatuz haien ahalbideak ahalik eta maila gorenera eramateko.
Arte Garaikideko Dokumentazio Zentroen Biurteko Topaketak 2002an abiatu ziren. Zein helbururekin jarri zenituzten martxan?
2002an hasi zen Artiumen Liburutegia bi urtez behin Arte Garaikideko Dokumentazio Zentroen Topaketak antolatzen. Dokumentazio-zentroen zeregina aztertzeko foro izateko xedez sortu ziren, informazioa kudeatzeko eta zabaltzeko estrategia berriei dagokienez eta, aldi berean, komunikazioaren teknologiak aprobetxatzeko zentro horien arteko lankidetza programak bultzatzeko.
Informazioaren profesionalek beren esperientziak partekatzeko, kudeaketa-estrategia berrien inguruan gogoeta egiteko, eztabaida sortzeko eta herritarren beharren araberako kalitateko produktu eta zerbitzuak eskaintzeko, eta ikerketa bultzatzeko lankidetzako ekintzak sustatzeko esparru izateko antolatu ziren topaketa horiek.

Bederatzi edizio pasa dira. Nola baloratzen duzue egitasmoaren ibilbidea?
Urte hauetako guztietako topaketen errepaso bat eginez gero, balorazioa oso ona da.
Antolatu ditugun edizio guztietan kultura garaikidean espezializatutako museo eta dokumentazio-zentroekin eta unibertsitate-irakasleekin esperientziak partekatzeko aukera izan dugu. Euskarri dokumental berriak aztertu ditugu, nola sartu diren teknologia berriak dokumentazio-zentroetan, eta baita teknologia horiek zentro horietako jardueren garapenean eragin dituzten eraldaketak ere. Berrikuntzarekin eta informazioaren kudeaketa orokorrarekin, web semantikoarekin, eta ondare-erakundeetako datu irekiekin lotutako proiektuak ezagutzeko aukera izan dugu, eta inguru eta erronka profesional berrien inguruan eztabaidatzekoa.
Topaketa horiek gogoeta egiteko aukera eman digute teknologiaren eta berrikuntzaren inguruan kultur ondarearen dinamizatzaile gisa, dokumentazio-zentroen esperientzia, eragin eta ikuspegi estrategikoan oinarrituz.
Urte hauetan guztietan hizlari asko pasa dira Artiumetik, eta , zuk zeuk arestian esan bezala, beste hainbeste gai jorratu dira. Bada azpimarratuko zenukeen ekarpenen bat? Topaketak abiapuntu duen dokumentazio zentroetako profesionalen arteko nolabaiteko lan sare edo talderik garatu al da?
Urte hauetan, Topaketak direla eta, profesional asko igaro da Artiumenik, ondoko erakundeetakoak, besteak beste: Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, MoMA (Museum of Modern Art), Victoria and Albert Museum (Londres), Centre Pompidou, Museo Nacional del Prado, Museo Thyssen-Bornemisza, Museu Nacional d'Art de Catalunya, Museu d'Art Contemporani de Barcelona, Bilboko Arte Ederren Museoa, Tabakalera, Fundación Sancho el Sabio, Koldo Mitxelena Kulturunea, ERESBIL (Musikaren Euskal Artxiboa), Montehermoso Kulturunea, Institut Valencià d'Art Modern, Caixaforum, Museo Oteiza, MUSAC, Instituto del Patrimonio Histórico Español, Biblioteca Nacional de España, Euskal Herriko Unibertsitatea, Universitatd de Barcelona, Universidad Complutense de Madrid, Universidad Carlos III de Madrid, Universidad Politécnica de Madrid, Universidad de Málaga, Universidad de Murcia, Universitat Politècnica de València, Universidad de Zaragoza, Universidad de Salamanca eta University of Helsinki, Rijksmuseum.
Parte-hartzaile horien guztien ekarpenek beste museo, unibertsitate eta dokumentazio-zentroetan garatzen ari ziren proiektuak ezaguzeko aukera eman digute, guztiok elkarrekin ikastekoa, eta zentro horietako profesionalek elkarren artean esperientziak trukatzekoa.
Topaketa horien bidez beste zentro batzuekin elkarlanean aritzeko aukera izan dugu hainbat proiektu, programa eta jardueratan. Era berean, informazioaren kudeaketarekin lotutako alderdi berri ugari ikasteko bidea eman digute, sektoreko profesionalen arteko jardunbide egokien bidez.
Artiumen Liburutegiak orain hamar urtetik hona sustatu eta koordinatutako topaketak direla eta, museo eta arte eta kulturako zentroetako 60 bat liburutegik egiten du bat urtero Liburuen Nazioarteko Eguna ospatzeko, bookcrossing izeneko liburuak askatzeko esperientzia baten bidez. Ekintza horretan, hiriak liburuz betetzen dira liburutegietan bikoizturik dauden aleak erabiliz. Parte hartzen duten zentroen asmoa da, liburu horietako bat hartzen duen pertsonak, irakurri ondoren, munduko beste puntu batean askatzekoa. Guztiaren xedea zera da: museo eta kultur zentroetako liburutegi eta dokumentazio zentroak batzea irakurketa sustatzeko ahaleginean eta, zehazkiago, kultur diziplina batzuen era besteen ezagutzaren zabalkundean.
Orobat aipatu behar da, Topaketa horiek lankidetza sustatu dutela ondare zentroen arteko kultur luzapeneko jarduerak antolatzerakoan, eta erakundeen arteko argitalpenen trukea erraztu eta optimizatu dutela.
Zalantzarik gabekoa da aurrerapen eta garapen teknologikoak Dokumentazio Zentroetako ohiko lantresnen gainean izan duen eragina. Nola bizi izan duzue prozesu hau? Eragin zuzenik izan al du beste arlo jakin batzuetan, erabiltzaileen eskakizunetan edo euren profiletan, esaterako?
Aurrerapen teknologikoek eragin zuzena izan dute gure lanaren garapenean eta dokumentazio-zentroetatik aldaketa horietara egokituz joan gara, kudeaketa-prozedurak eta erabiltzaileekiko harremanak eguneratuz.
Dokumentazio-zentroek dokumentazioa kudeatzeko sistemen bilakaeran eta hobekuntzan jarri dute arreta, eta kudeatzen eta sortzen dituzten informazio-baliabideen ikuspegi integratzaile batean.
Gizartea etengabe aldatzen ari da, eta baita gure zentroetara iristen diren pertsonak ere. Erabiltzaile konektatuago, kritikoago eta parte-hartzaileagoa daukagu, kalitateko informazioa behar duena, bakoitzak bere behar eta interesen arabera, eta ahalik eta denbora laburrenean.
Informazioaren eta komunikazioaren teknologien aurrerapenetatik eratorritako sinergiak aprobetxatu nahi dituzte dokumentazio-zentroek, eta ezagutza antolatu, aurkeztu eta zabaltzeko eta erabiltzaileekin harremanak izateko formula berriak saiatzen diren zentro ireki bihurtu nahi dute.
Gizarte-webaren, eduki digitalen eta, azken batean, erabiltzaileek webean informazioa kudeatzeko eta bilatzeko modu berrien eskakizunetara egokitutako informazioa kudeatzeko sistemak garatzen ari gara.
Lankidetza eta komunikaziorako tresnak izateak erkidego birtualak sortzeko bidea ematen du, bere berezko informazio-fluxu dinamikoekin, zeinen bidez ekartzen eta trukatzen baitira edukiak, esperientziak eta ezagutza. Beharrezkoa da gizarte-webaren teknologiek eskaintzen dizkiguten lankidetzarako aplikazioak ezagutzea dokumentazio-zetroen prozesu, produktu eta zerbitzuak hobetzeko, parte-hartzaileagoak eta erabiltzaileari zuzenduagoak egiteko.
Zentro hauetako materialen irisgarritasuna erabiltzaileen esperientzia errazteko gakoa dugu. Bada zentzu honetan hobetzeko tarterik, aukerarik? Zein irizpide jarraitu beharko lituzkete ekintza horiek?
Informazioa kudeatu eta igortzen, eta ezagutza zabaltzen ahalegindu izan gara Informazio unitateetan, gure produktu eta zerbitzuekiko erabiltzaileen esperientzia aintzat hartzen baino gehiago. Dokumentazio-zentroak ikerketarako, ikasteko, edukiak eta esperientziak sortzeko inguruak izan behar dute gero eta gehiago, begia erabiltzaileengan dugula.
Beharrezkoa da igortzen dugun informazioa, sortzen ditugun edukiak eta eskaintzen ditugun zerbitzuak erabiltzaile-profil batzuen eta besteen interesetarako esanguratsuak izatea. Arreta pertsonalizatua eskaini behar dugu, ikastea sustatuko duena, gogoeta kritikoa eragingo duena, elkarreragilea izango dena eta gure zentroekin harremana duten pertsonei balio erantsia emango diena.
Harkorrak eta proaktiboak izan behar dugu, berrikuntzara irekiak, informazioa ugaldu eta baita haiek zab altzeko bideak ere. Kalitateko edukiak sortzea funtsezkoa da erabiltzailearen esperientzia hobetzeko et erabiltzaile berriak erakartzeko.
Baliabide analogiko eta digitalen bizikidetza kudeatu behar da. Aintzat hartu behar dugu gailu mugikorrene rabiltzaileen artean duten garrantzia eta haien funtzionalitatea ustiatu, esate baterako, geolokalizazioa, erreaitate handitua, gamifikazioa, elkarreragitea, eta abar, kudeatzen dugun informazioa eta sortzen ditugun baliabideetara iristea ahalik eta errazena izan dadin, ikertzeko testuinguru berriak eskaini behar ditugu, esplorazioa eta deskubrimendua sustatu eta ikaseremua zabaldu.
Dokumentazio-zentrook erakunde iritserrazak izan behar dugu, bai gure instalazioei dagokienez eta baita kudeatzen dugun ondarearekiko sortzen ditugun diskurtsoei dagokienez ere. Datuak ireki eta ezagutza iritserraza egin behar dugu, ezagutza, lotura, erabilera eta esperientzia berriak sor daitezen.
Aurtengo ardatza Ondare-erakundeen ezagutzaren ustiaketa, integrazioa eta zabalkundea izango da. Zein da gai hauei heltzeko osatu duzuen programa?
Topaketen bederatzigarren edizio honetan, besteak beste, ondoko gaiak jorratuko dira: ondare artistiko eta dokumentalaren erabilera eta iritserraztasuna ahalbidetuko duten erronkak, erabiltzaileen esperientziaren balioa, kudeaketako estrategia eta lanabes integratuak eta ezagutza elkarlanean eraikitzea.
Horretarako ondoko profesionalen esperientzia izango dugu:
Javier de la Cueva-rena, abokatua eta Filosofian doktorea. Honako izenburu hau eman dio bere aurkezpenari: Aurarik gabeko artetik metadatudun artera.
Oscar Corcho-rena, Ingeniari Informatikoen Goi Eskola Teknikoko katedraduna (Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa). Eta hark jorratuko duen gaia: Web semantikoaren eta Datu estekatuen funtsezko oinarriak, eta haien aplikazioa Gobernu irekian.
Albert Díaz Mota-rena, Bartzelonako Museu del Disseny-ren Dokumentazio Zentroaren arduraduna. «Objektu estekatuak» eta beste zabalkunde proiektu batzuk Bartzelonako Museu del Disseny-ren Dokumentazio Zentroan izeneko aurkezpenaren bidez une honetan lantzen hari den zenbait proiektu azalduko ditu.
Kultur ondare digitala zabaldu eta berrerabiltzea: Espainiako Nazio Liburutegiaren esperientziak eta estrategia ezagutzeko aukera izango dugu, Eduki digitalen, Atarien eta Gizarte Sareen zerbitzuburu Elena Sánchez Nogales-en eskutik.
Conxa Rodà, Kataluniako Museu Nacional d’Art (MNAC)-eko Estrategia, Berrikuntza eta Eraldaketa digitalaren burua kultura kontsumitzeko ohitura berriei eta erabiltzaileen itxaropenei buruz mintzatuko zaigu bere aurkezpenean: Publikoarekin lotuz: erabiltzailearen esperientzia.
Gaspar Domínguez-ek, proiektuen dokumentalistak, scqLab (kultura digitalaren dokumentazio eta errepertorio kritikoko laborategia) proiektuaren emaitza nagusiak aurkeztuko dizkigu, Dokumentazioa elkarlaneko prozesuetan.
Emilio Ruíz Trueba-k, Gaztela eta Leongo Museo Etnografikoko Liburutegi eta Dokumentazioaren arduradunak Colección fotográfica de arquitectura popular Carlos Flores: ondarea berreskuratzeko ariketa bat aurkeztuko du.
Miguel Ángel Marzal García-Quismondo-k,Madrilgo Carlos III Unibertsitateko Bibliotekonomia eta Dokumentazio saileko irakasleak Museoetako bildumen birtualizazioa eta jarraipena Dokumentazioaren ikuspuntutik: aukerak eta erronkak. VOREMETUR proiektua ikerketa-proiektuaren hipotesia aurkeztuko digu. Errealitate birtualerako, Errealitate areagoturako eta ikonismorako programen aurrerapenak eragin handia dute museoetan, eta aukera bihurtu dira bisualizazio eta irisgarritasun estrategia baten bidez.
Lluís Anglada i de Ferrer-ek, Kataluniako Consorci de Serveis Universitaris-eko Zientzia Irekiaren arloaren zuzendariak GLAM, Zientzia Irekia eta humanitateak proposatuko du.

Virginia Bazán Gil-ek, RTVEko Dokumentazio Funtseko Proiektuen arduradunak, Artxiboen berpiztea: adimen artifizial eta semantikoa ikus-entzunezko edukien deskribapenari aplikatua izeneko bere hitzaldiaren bidez ikus-entzunezko edukietara iristeko hobekuntzan RTVEko Dokumentazio Funtsak duen paper eraginkorra nabarmentzen duten proiektuetako bat ezagutaraziko digu. Proiektu horrek, Journal Innovation HUB izenekoak, erabiltzaileekiko komunikazio-modu berriak bilatzeko artxiboek duten eginkizuna nabarmentzen du, eta komunikazio-prozesuaren fase guztietan egiten ditu berrikuntzak, albisteak jasotzen direnetik zabaldu arteraino.
Euskal Herriko Unibertsitateko Josu Aramberri Miranda-k,GLAM sektorea (Museoak, Liburutegiak eta Artxiboak) aro digitalean: erronkak eta aukerak gaia jorratuko du. GLAM sektoreko ia entitate guztiek (Museoak, Liburutegiak, Artxiboak) eduki digitalak eskaintzen dituzten arren, batzuek bakarrik aukeratu dituzte estrategia irekiak, lankidetzakoak eta erkidegoak sortzeko xedea dutenak, kultur eragile gisa duten eginkizuna indartzeko.
María Luisa Cuenca García-k, Pradoko Nazio Museoko Liburutegi, Artxibo eta Dokumentazio Arloaren buruak, Pradoko Museoaren artxibo digitala: erakundearen memoria webean aurkeztuko du. Pradoko Nazio Museoak artxiboen parte bat digitalizatu eta erabiltzaileen eskura jarri du bere webgunearen bidez. Interneten 12.000 administrazio-dokumentu historiko baino gehiago partekatzen dituela, Pradoko Nazio Museoak ikasle, ikertzaile, zaletu eta jakinguren helmenean jarri du bere dokumentu-altxorra.
Enrique Martínez Goikoetxea-k, Artiumeko Bildumaren eta Erakusketen artatzaileak eta neronek, Liburutegi, Dokumentazio eta Berrikuntzaren arduradunak Artiumen ondare artistikoari eta ondare dokumentalari buruzko informazioaren kudeaketa integratzea gaiari helduko diogu. Museoaren esparru guztietan sortutako informazioa elkartzea ahalbidetuko duen proiektu baten diseinuan ari gara lanean,interfaze bakar bat eskaintzeko asmoz, non erabiltzaileak ondare artistikoari, ondare dokumentalari eta esperientzien ondareari buruzko informazioa aurkituko baitu.
Nola ikusten duzue Dokumentazio Zentroen etorkizuna? Zeintzuk dira gaur egungo erronka nagusiak?
Informazioaren eta ezagutza irekiaren gizarte berrian beren datuak zabaltzeko erronkari aurre egin behar diote dokumentazio-zentroek. Datu publiko horiek berrerabiltzeak lagunduko du ezagutza erakutsi, partekatu eta lotzen ezagutza berria, balio erantsiko zerbitzuak eta produktu berritzaileak sortzeko.
Zalantzan jarri behar ditugu jarduketa-ereduak eta paradigmak hausteko gai izan behar dugu. Beharrezkoa da bultzatu eta kudeatzea ideia berriak eta gauzak egiteko beste modu batzuk sortu eta zabaltzea, lankidetza prozesu baten emaitza gisa, zeinaren oinarria baitago kultur balio berrietan. Testuinguru horretan, berrikuntza prozesu sortzailea da, baina, hala ere, horrek ez du esan nahi prozesu desegituratu eta anarkikoa denik, aurretik jakin ezin diren jarduerekin.
Datu horiek irekiak izan behar dira, gardentasunerako joera duten erakundeek sortu dituztelako baina, batez ere, liburutegi, museo eta dokumentazio zentroek eskaintzen dituzten informazio-produktu eta -zerbitzuak aberasteko eta optimizatzeko berriz erabil daitekeen ezagutza delako. Baina, gainera, TIaren garatzaileek aplikazio berritzaileak sortzeko erabil ditzaketelako; ezagutza irekia ezagutza berria sortzeko oinarri izan daitekeelako eta, azkenik, Datuen webarekin elkarreraginean aritzen diren erabiltzaileentzako, haietan datuak egituratuta baitaude eta informazio-zerbitzuek zeresan handia baitute.
Testuinguru digital berrian kontuan izan behar da ezagutzaren izaera banakari, lotu, elkarlaneko eta parte hartzekoa. Paradigma berri hori lankidetza eta parte-hartze jardueretan gauzatzen da; eta jarduera horiek, berriz, ezagutzak irekia izan behar duelako eta askatasunez mugitu behar duelako ideian oinarritzen dira. Ezagutzaren kultura berri honen xedea elkarlanerako inguruak garatzea da, non parte-hartzeko, eztabaida sortzeko, gogoetako eta ideiak elkartrukatzeko prozesuak baitira nagusi.

Lan partekatuko sare iraunkorrak sortu behar dira, elkartrukerako eta elkarrizketarako guneak, eta informazio-zerbitzuen ezagutza sortu eta partekatzeko gaitasuna areagotu behar da. Hark inklusiboa izan behar du, erkidegoarekin lan egin behar du, prestakuntza, kezka eta parte-hartze maila batzuetako eta besteetako kolektiboak integratuz eta egungo gizartean eragile aktibo eta erreferente izateko asmoz.
Murgiltze digitaleko estrategien barruan, aintzat hartu behar dira azken urteetan gertatu diren sozializazio prozesuak. Ildo horretan, kontuan izan behar ditugu ezagutza sortu, banatu eta kontsumitzeko modu berriak. Eraldaketa hori aldaera ugarirekin lotuta dago, hala nola erabiltzaile batzuekin eta besteekin elkarreraginean aritzeko gaitasunarekin, edota webaren parte izatera igarotzen diren edukiak askatasunez ekoizteko gaitasunarekin.
(Berezi hau 2018ko urriaren 2an argitaratu zen).


