Ezagutu "Oreina" filmeko protagonistak
- DataIrailak 14
- Gaia Ikus-entzunezkoa
Koldo Almandoz zuzendariaren filma Donostiako Zinemaldian lehiatuko da, New Directors sailean. Pelikulako bost pertsonaia nagusiak aurkeztuko dizkizuegu
Khalil gazte arroztua hiriaren aldirietan bizi da, industrialdea ibaiarekin eta padurarekin elkartzen den lekuan. Khalil ahal bezala ateratzen da aurrera, eta ezkutatutako agure batekin ematen ditu egunak. Agurea ibaiertzean bizi da, anaiarekin, baina urteak dira harekin hitz egiten ez duela. Paduraren ertzean, itsasaldiek markatzen dute amodioaren eta desamodioaren, adiskidetasunaren eta mendekuaren denbora. Hori da Oreina Koldo Almandozen (Donostia, 1973) filmak kontatzen duen istorioa.
EiTBren parte-hartzea duen istorioa kontatzeko, Almandozek bazterreko bezain egunerokoak diren bost pertsonaia irudikatu ditu: Khalil, Jose Ramon, Martin, basozaina eta Joana.
Khalil: Bizirauteko lehian
Laulad Ahmedek Khalil gazte deserrotuaren papera egiten du. Hiriaren periferian bizi da, industrialdeak ibaiarekin eta padurarekin bat egiten duten tokian. Droga salerosketak, maitasun kontuetako desengainuek eta lagun zahar batekin duen adiskidetasunak markatzen dute bere bizitza.
Errefuxiatu sahararra da Ahmed, eta bere bizipen propioak filmeko pertsonaiarengan islatzen dira. Paper hori izan da film batean parte hartzen duen aurreneko aldia, eta, beretzat esperientzia guztiz berria izan arren, Lauladek konpromiso irmoa erakutsi zuen entseatu eta ikasteko garaian. Hasiera-hasieratik izan da beste taldekide bat, eta uneoro lagundu du filmaketan giro ona sortzen.
Jose Ramon: Bertako animalia
Patxi Bisquert Jose Ramon izango da filmean, bizileku duen naturagune basatian guztiz integratua dagoen paduratar bat. Bakartia eta isila, ezkutuko arrantzan aritzen da. Gauero-gauero itsasadarrera irteten da txalupan Khalilekin, angula preziatuen bila.
1981ean aritu zen zinemagintzan lehen aldiz Bisquert, Imanol Uriberen Segoviako ihesa filmean. La conquista de Albania (Alfonso Ungría 1983) eta Akelarre (Pedro Olea, 1984) filmetan lan egin eta gero, Montxo Armendarizen Tasio-ren bidez lortu zuen errekonozimendua.
Hogeita hamar bat filmetan hartu du parte eta telebistan eta antzerkigintzan ere aritu da. Horretaz gain, gidoilari, produktore eta zuzendari gisa ere egin du lan.
Martín: Animalia migratzailea
Ramon Agirre Martin izango da, liburu artean bizi den irakasle bat. Martin aspaldi joan zen atzerrira, eta duela gutxi itzuli da berriz etxera. Familiako etxean bizi da Jose Ramon anaiarekin, baina urteak daramatzate elkarri hitzik esan gabe. Bat-batean, gazte atzerritar bat iritsiko da haien bizitzara. Orduan hautsiko da isilaldi luzea.
Ramon Agirrek Arkitektura ikasi zuen Valladoliden eta Donostian, eta interpretazio-ikasketak egin zituen Antzertin, Eusko Jaurlaritzaren Arte Dramatikoko Eskolan. Aktore gisa lanean aritu da zineman, antzerkian eta telebistan 1983an Bruno Carrièrek telebistarako egin zuen Txirula Miresgarria filmean debuta egin zuenetik.
Basozaina: Harraparien harraparia
Iraia Eliasek basozainaren papera egingo du. Profesionala da, parkea zaintzea da bere lana, eta horregatik arituko da Jose Ramon eta Khalilen ezkutuko ibilaldien atzetik, ez du ezer pertsonalik haien kontra. Harraparien harraparia da. Errespetua nahi du, besterik ez.
Irakasle-ikasketak egin ditu Eliasek, eta Hezkuntza Berezian espezializatu da. Horrez gain, pedagogia sistemikoko masterra egin du, eta clown, dantza, bikoizketa eta antzerkigintzako prestakuntza jaso du Estatuko hainbat zentrotan eta Buenos Aireseko antzerkigintzaren eta mugimenduaren nazioarteko Cabuia eskolan (Argentina).
Aktore eta sortzaile gisa antzerkian 10 urteko ibilaldia egin eta gero, zineman estreinatu zen Amama filmarekin (Asier Altuna, 2015). Lan horri esker, emakumezko aktore berri onenaren Goya Sarirako izendapena lortu zuen 2016an.
Azkenaldian antzerkigintzako zenbait produkziotan egin du lan: A lurpean (Amancay Gaztañaga, 2018), Agur eta dolore (Teatro Ttak, Kamikaz, 2018), Sherezade eta tipularen azalak (Compañía Vaivén eta Chapitô, 2018), Zuek (Rouge Eléa, 2015).
Joana: Animalia kaiolatua
Erika Olaizolak Joanaren papera egingo du. Neska gazte bat da, gazteegia harrapatuta egoteko, gustatzen ez zaion lan batean aitarekin eta herriko gazte guapo eta dirudunarekin duen harremanean. Ihes egin nahi du. Borroka bizian dago, gauza bat egin nahi duelako baina guztiek beste zerbait espero dutelako. Khalil gustatzen zaio, baina uste du harreman hori ez dela inora iritsiko.
Andoaingo Zinema eta Bideo Eskolan errealizadore-titulua eskuratu eta gero, Erikak bere prestakuntza osatu du hainbat ikastarorekin.
Telebistan, Goenkale (Olatz Beobide, 2012) eta Conociendo el País Vasco (Producciones Baule, 2006/07) produkzioetan egin du lan. Antzerkigintzan ere aritu da: Lur (Getari Etxeragai, 2018), Francoren bilobari gutuna (Ximun Fuchs, 2016/17), Euli giro (Colectivo Kamikaz, 2014), Traganarru (Urki Muguruza, 2013), Lotsagabe (Dorleta Urretabizkaia, 2011), Eguzkilore (Grupo Hortzaka, 2009/12), Zutani (Erika Olaizola, 2012).


