Hiria margotuta: Gasteizko horma-irudiak ezagutzen

  • Hiria margotuta: Gasteizko horma-irudiak ezagutzen

(Auzoan hazi, hezi eta bizi, Gasteizko alde zaharreko Ramón Bajo ikastetxe publikoan uda honetan egindako horma-irudia).

Hiri-paisaiak zeharo aldatu dira azken urteotan. Hazkunde demografikoaren eta higiezinen burbuilaren aztarnak begien bistakoak dira hirietan. Ez dira horiek, baina, giza aztarna bakarrak. Gasteizko Horma-irudien ibilbidea, Verónica Werckmeister artista gidari dela, horren erakusle da. Proiektu honek –biztanlea da hiri-paisaiaren metaformosiaren protagonista–. Arabako hiriburuko paretak margolanen aire zabaleko euskarri bihurtu ditu.

Zer da Gasteizko horma-irudien ibilbidea? Zertan datza proiektua?

Horma-irudien ibilbidea kultura-plataforma bat da, espazio publikoa, herritarrak eta artea batzen dituena. Produktu artistikoen aldean, lankidetza- eta partaidetza-prozesuak lehenesten ditu. Hori bai, gure ustean, partaidetza eta kalitatea ez dira osagai kontrajarriak artean.

Arte publiko parte-hartzailea duindu nahi dugu izaera monumentaleko proiektu funtsatu eta kalitate tekniko nahiz material handikoen bidez.

Zein da ekimenaren jatorria? Zer lor dezake?

Esku-hartze parte-hartzaile mota hori ez da orain gutxi sortua, modu autokudeatuan egin izan baita munduko leku askotan. Gasteizko horma-irudien ibilbiderako, AEBn 1990eko hamarkadan landutako proiektuak hartu ditugu eredutzat (Los Ángeles, Chicago, Philadelphia etab.).

Proiektu honek, baina, eredu horiek erabiltzeaz gain, hobetu ere egin nahi ditu, proiektu artistiko berritzaileak garatuz, Gasteizko inguruabarrera ekarrita.

Horma-irudi bakoitzean artistek eta boluntarioek parte hartzen dute. Nola osatzen dituzue lan-taldeak? Nolakoa da horma-irudia sortzeko prozesua?

Proiektu bakoitzaren hasieran aurkezpen publikoak egiten dira, lantegiak, egutegia, kokapena, artista zuzendaria eta gaia (baldin badago) azaltzeko.

Aurkezpen horietan, balizko parte-hartzaileek ohiko lantegi artistiko batekoak ez diren prozesuak ezagutzen dituzte (adibidez, zentro zibikoetan izan daitezke).

Uztailean, hiriko alde zaharreko Ramón Bajo ikastetxeko horma-irudi batean aritu zarete lanean. Ikastetxe hori proiektuaren filosofiarekin bat dator (balio positiboetan heztea, elkarlana, inklusioa eta aniztasunaren aldarria etab.). Proiektuaren zuzendaria zaren aldetik, zer eragin dizu proiektu honek? Nola egin duzue lan?

Erronka pertsonal handia izan da, eta oso barnetik bizi izan dut, eskolaren proiektuarekin lotura izan baitut nire haurrak 2009an bertan matrikulatu nituenetik. Auzoko eskola horrek sekulako aldaketa izan du azken hamar urteetan, batik bat, eskolako gurasoen eta irakasleen inplikazioari eta Gasteizko alde zaharreko ehun sozialak emandako babesari esker.

Aktibismoak, gizarte-mugimenduek eta herritarren parte-hartzeak haurrengan eta, oro har, auzoko bizitzan egiatan eragin dezakeela erakusten du.

Horma-irudia prozesu horren isla da; haziak ereitea garrantzitsua da, baina baita hazkuntza zein hezkuntza zaintzea ere, elkar lagunduz biziz, gure ingurunea eremu atsegin, bizigarri eta bidezkoa izan dadin.


Alde zaharretik kanpo, ibilbidea Zaramagara edota Ariznabarra auzora iristen da. Azken horretara, 2018 honetan, Matías Mata artistaren lanarekin. Nola aukeratzen duzue horma-irudiaren kokapena? Zein ezaugarri izan behar ditu?

Ariznabarrako esku-hartzea bertako emakume batek orain bi urte egindako proposamenetik eratorri da. Orduan ez zen aurrera atera, baina bizkar emandako auzo ezezagun horri errepara geniezaion eragin zuen.

Lehen urratsa auzora joatea da, eta, besterik gabe, atea jotzea. Proiektuaren asmoak eta helburuak azaltzen ditugu eta proiektuaren berri ematen diegu jabeen kidegoei.

Jakina, arrazoi teknikoak direla medio, «eten» arkitektoniko gutxiko fatxadak bilatzen ditugu —alegia, leiho, balkoi eta abar gutxikoak—, eta jabeen kidegoak aho batez fatxadaren erabilera lagatzea erabaki ondoren hasten gara lanean.

Ariznabarran, jabeen kidegoak adierazitako gogoarengatik hautatu genuen eraikin hori, baita auzoaren erdian bertan kokatuta dagolako ere (zentro zibikoaren parean). Egia da horma-irudia ikusteko autotik jaitsi eta auzoan barna joan beharra dagoela, baina kokapenak merezi du. Auzoa eta auzotarrak ezagutzera emateko helburua bete dugu, irudia ez baitago auzoaren ingurabideren batean, baizik eta muin-muinean.


Margotu bitartean jarduera osagarriak antolatzen dituzue, esaterako, martxoaren 3ko gertakarien inguruko eztabaida-mahaiak Zaramagan, edo ikus-entzunezkoen lantegiak, Frantzia kaleko horma-irudian bideo-mapping ikusgarria egiteko balio izan zutenak. Zer ekarpen egiten diote jarduerok proiektuari?

Proiektu guztiak desberdinak dira, izan gaiarengatik izan artista zuzendariaren lan egiteko moduarengatik. Jarduera osagarrien bidez proiektua aberastea da gure asmoa, esaterako, irudiaren gaia lantzeko edo teknika artistiko berritzaileak ikertzeko (esaterako, aipatu dituzun horiek biak).

Hiri margotuak hiriaren beraren mugak gainditu ditu, landaguneetara hedatuz (Zigoitia, Galarreta, Egilaz, Narbaxa, Dulantzi etab.). Hala, auzolanaren protagonista herri horietako biztanleak dira. Zer emaitza izan du esperientziak?

Muralismo parte-hartzailearen tresna ia edozein inguruabarretan aplika daiteke, helburuak sustatu eta zaintzen badira.

Herrien historia kontatzea inoiz baino garrantzitsuagoa da, tradizio asko eta asko ari baikara ahazten eta galtzen... Horma-irudietan bederen iraun dezaten ahalegintzen gara.

Baduzu ibilbidean sar nahi zenukeen txoko kutunen bat, erronka bereziren bat?

Helburuak non bete daitezkeen, haraxe joatea da gure xedea, eta gure erronka, berriz, horma-irudien bitartez istorioen kate bat sortzea. Esaterako, Ariznabarran lehen horma-irudia egin dugu, baina auzoak zeresan handia du.

Horma-irudien ibilbidea sortzea, herritarrek bere hiriari eta bizilagunei buruz ikastea... horretan datza gure erronka nagusia.