Oier Guillan: "Apusturik handienak itzalean egiten direnak dira"

  • Oier Guillan:
etzi.pm

  • DataUztailak 10
  • Gaia Arte eszenikoak

Etzi eta Pitz (VII): Oier Guillan

Franco hil zen urtean jaioa, 1975ean, Donostian. Errenteriakotzat du bere burua, eta hamabost urte dira Oiartzunen (Gipuzkoa) bizi dela. Sortzailea, sormen kolektiboaren su-piztailea. Su izan nahi, eta su izan. Egunotan Ean (Bizkaia) da, Metrokoadroka kolektiboko (10 urte bete ditu) beste hamalau lagunekin batera, performance bat prestatzen. Larunbatean, hilaren 14an, Eako kaleetan ikusi ahalko da Zanbuia! lana estreinakoz (17:30), eta ziur aski, azkenekoz. Guillanen lerroak eta azpilerroak Zauri Bolodia liburuan irakur daitezke (Txalaparta, 2018). Oso pozik dago liburu horrek sorrarazi dituen erreakzioekin. Euskarazko antzerkigintza berriaz badu zer esana Guillanek.

Ekainaren 16an, Eztena antzerki jaialdiaren 10. urteurrena ospatu zenuten Errenterian. Nola joan zen?

Oso ondo joan zen, oso hunkigarria izan zen arrazoi askorengatik. Izan zen erokeria bat. Orain arteko formatua guztiz puskatu genuen, zerbait ezberdina egin nahi genuen. Eztenak etapa bat itxi du, eta ez dakigu trantsizio bat datorren edo zer. Ospakizun bat izan zen, geure buruarena eta antzerkilariena, oro har. Jaialditik pasatutako jende guztia saritzea erabaki genuen, sarien dinamikari buelta emanez. Sektore osoa eta jendearen ahalegin guztiak saritu genituen, aitortu genuen. Euskal Herri osotik etorri zen jendea, eta oso hunkituta zegoen. Parodia bat ere izan zen, lau ordukoa, dibertigarria eta ganberroa.

Ez da ezer hiltzen, transformatu baizik. Antzerki liburuak argitaratzeko plataforma bilakatuko al da orain Eztena?

Sei liburu argitaratu ditugu Eztenaren bidez. Okurritu zitzaigun nolabaiteko ondare bat uzteko bidea, edo Eztenaren transformazio bat emateko beharra. Ikusten dugu Eztenaren beharra badagoela, nola edo ahala. Eztenak jarraitu ala ez, antzerki testuen bilduma horrek bete dezake Eztenak betetzen duen hutsunea beste modu batean: beste dramaturgia batzuen aldarrikapena eta topagunea izatea. Liburuen ideiak jarraituko duela uste dugu.

Liburuak editatzen, argitaratzen eta zabaltzen aritu izan zara beste lagun batzuekin batera Edo! argitaletxean. Amaitu da Edo! Haren bidea nola laburbilduko zenuke? Zer balantze egiten duzu?

Horrelako proiektuak amaitzen dira, baina arrastoa uzten dute. Uste dut Edo!-k arrastoa utzi duela. Liburuen kasuan errazagoa da, objektua gelditzen delako eta liburuak bizitza propioa hartzen dutelako. Esperientzia apasionantea izan zen niretzat. Pentsatzen dugu zenbaitetan proiektuak luzerako izango direla. Batzuetan hori akatsa da, eta ondo dago asimilatzea proiektu bat buka daitekeela, eta ez oso berandu. Edo!-rekin hasieratik kontziente izan ginen buka zitekeela. Ezin izan genuen saihestu amaiera. Azkenean, bospasei urteko esperientzia izan zen. Asko ikasi nuen. Liburuek markatu zuten bide bat, eta hor aritu ginen batzuek jarraitu dugu liburugintzan beste proiektu batzuetan.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri