Jantziaren Zentroa: arropa, historia ezagutzeko leihoa
Iraultza Dantza Taldea ez da ohiko dantza talde bat. Aspaldi apurtu zituen jarduera honen mugak gure ondasunaren babesean eragile aritzeko, jantzi historikoen bilduma sortuz. Bilduma Jantziaren Zentroan dago ikusgai. Kapitain Etxean –Errenteriako eraikin historiko batean– du egoitza, eta 2017ko udaberrian abiatu zen. Egun hauetan "Donostiako udaldiak (1900-1910)" erakusketa aurkeztu berri du. Iraultza Dantza Taldeko kideen eskutik ezagutu dugu egitasmoa.
Urtebete pasa da Jantziaren Zentroa abiatu zenetik. Zein izan da publikoaren erantzuna proiektuaren inguruan? Zer balorazio egiten duzue?
Balorazioa baikorra da. Jantziaren Zentroa pixkanaka ezaguna egiten ari da, gero eta jende gehiago hurbiltzen da guregana. Zenbakiei dagokienez, urtebeteko epean 1.400 bisitari baino gehiago pasa dira Kapitain-etxetik.
Hainbat estilo eta arotako piezak daude bilduman. Zer nolako funtsa motek osatzen dute sorta?
Bilduma XVIII-XX. mende arteko piezek osatzen dute, gehientsuena emakumezkoen arropa da. Bi ataletan banatuta dago: Euskal Herriko jantziak (herri jantziak) eta XVIII. mendetik hasi eta XX. mende hasiera arteko arropa, zeinaren bidez modaren historiaren errepasoa egin daitekeen.

Iraultza Dantza Taldeak hogei urtez bildutako materiala jasotzen da. Nolakoa izan dira piezen lokalizazioa eta kontserbazio lanak?
Euskal Herriko jantziei dagokienez, familia batek horietako bat zuela ezagutu ahala eurekin harremanetan jarri gara, jantzi horren zainketaren ardura gure gain hartzeko proposamena egiteko. Beti ere, helburua jantzi hori baldintza hobeagotan gorde eta kontserbatzea izan da.
Euskal Herritik kanpoko jantziak erosi egin ditugu Iraultza Dantza Taldearen baliabide ekonomikoak inbertituta. Urteetako bilaketa eta erosketa lana izan da; brokanteetan, antikuarioengana joanda edo ta bigarren eskuko merkatuetan.
Kontserbaziorako Errenteriako Udalaren 80 metro koadroko lokala erabiltzeko baimena du Iraultza dantza taldeak.
Honetaz gain, funtsen ikerketa eta katalogazioari ere ekin diozue, ondare honi guztiari testuingurua emanez. Nolako zailtasunei egin behar izan diezue aurre piezak dokumentatzean?
Donazio bidez eskuratutako arroparen informazio ugari dugu, jantzia zein lekutakoa den, zein urtetakoa eta kasu batzuetan jabearen izena, jaiotze ta heriotze datak ezagutzen ditugu.
Erositako arroparen inguruan, oso informazio gutxi dugu, asko jota saltzaileak jantzia zein lekutan topatu duen. Hori dokumentatzeko jantzietan dugun jakituriaz gain, liburu espezializatuetara jo dugu, helburua jantzia zein garaikoa, zehazki zein hamarkadakoa den gutxienez zehazteko.

2017. urtean Errenteriako Udalak Kapitain Etxea utzi zuen –XVIII. mendeko eraikina– bilduma publikoaren esku egon zedin. Nola garatu zenuten proiektu museografikoa? Nola egituratzen da espazioa?
Urteak joan ahala, jantzi bilduma hazten joan zen, eta batutako hori guztia herritarrei erakusteko lekuaren beharra ikusi genuen. Jantzia erakusteaz gain, garaia eta testuingurua azaldu ahal izateko.
Errenteriako Udalarekin harremanetan jarri ginen. Proiektua interesgarria iruditu zitzaion eta berau kokatzeko herrian leku bila hasi zen. Herrigunean kokatutako eraikina eta aldi berean barruan jasoko zuen bildumarekin bat egingo zuen lekua.
Proiektu museografikoa garatzeko Madrilgo “Museo del Traje”-ko arduradun eta errestauradoreekin harremanetan jarri ginen. Bertara joan eta zuzenean funtzionamendua ezagutu eta lanerako erabiltzen zituzten aretoak ikusteko aukera izan genuen.
Jantziaren Zentroa Kapitain-etxean dago kokatuta, XVIII. mendeko eraikina da eta hainbat gauza ezin izan dira aldatu. Horregatik etxearen antolamendura moldatu behar izan dugu. Hala ere, eraikina berritzeko orduan, bertan jatorrizko jantzien museoa kokatu behar zela kontutan hartu zen.
Behe solairuan, behin behineko erakusketak kokatzen dira; lehenengoan, “Herri Jantziak” eta bigarrenean, “Jantziaren bilakaera” deiturikoan modaren errepasoa egiten da. Halaber, tarteko solairu bat du, eta horretan bulegoa eta liburutegi pribatua daude.
Gordailuak ere proiektuarekiko babesa adierazi du, bildumaren kontserbazioa eta difusiorako konpromisoa hartuta. Zer suposatu du babes honek? Nola gauzatuko da?
Babes horri esker jantziak kontserbazio baldintza ezin hobetan egongo dira, Gordailuaren eraikinak horretarako ezaugarriak betetzen dituelako.
Iraultza Dantza Taldeak Gordailura eramango ditu Jantziaren Zentroko erakusketan ikusgai ez dauden jantzi guztiak. Behin betiko erakusketa aldatzen den bakoitzean, hau da 6-8 hilero, Gordailutik ekarriko da arropa Kapitain-etxera prestaketarako (lisatzea eta behar izatera errestaurazio lana) eta ondoren ikusgai jartzeko.

Kapitain Etxea ez da mugatzen funtsen erakusketak antolatzera. Zein beste ekimen eta jarduera burutzen dituzue?
Bisita gidatuak eskaintzen ditugu euskaraz, gazteleraz eta frantsesez, horrez gain Euskal Herriko jantzien inguruan informazioa eta aholkuak ematen ditugu, herri jantzien inguruan hitzaldiak, bisita bereziak eta tailerrak egin dira. Gainera, norbanako edo taldeentzako euskal jantziak josi ditugu.
Zein da Jantziaren Zentroaren ibilbide-orria datozen urteei begira?
Jantziaren Zentroaren bilduma handitu nahi dugu, halaber Euskal Herriko jantzien eta modaren historiaren ikerketa eta zabalpen lanarekin jarraitzea da luzerako helburua.


