Dagoeneko hautatu dira Arteshop Bilbao 2018 sarietan parte hartuko duten hamar artelanak eta saltokiak
- DataEkainak 12
- Gaia Ikusizko arteak
Xabier Ochandiano Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak establezimenduak bisitatu ditu gaur goizean, eta artea eta merkataritza uztartzen dituen ekimen honetan parte hartu duten Arte Ederren Fakultateko ikasleen talentua nabarmendu du.
Artearen eta merkataritzaren alorretan ibilbide luzea duten pertsonekin osatu dute epaimahaia, eta proposamenak ebaluatu eta irabazleak aukeratuko dituzte bihar.
Bilboko Udalak sustatu du ARTESHOP BILBAO ekimena, eta EHUrekin eta Bilbao Arte Fundazioarekin lankidetzan egin du. Helburua da hiriko merkataritza-jarduera bultzatzea, baina sormena erabiliz, erosteko esperientzia artearen bitartez aberasteko.
Dagoeneko hautatu dituzte ARTESHOP BILBAO 2018 sariak irabazteko aukera izango duten hamar saltokiak, non artelanak ikusi ahal izango diren. Honako hauek arduratu dira hautaketa egiteaz: Arantza Lauzirika EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoa, Juan Zapater Bilbao Arte Fundazioko burua eta merkataritzan adituak diren Bilbao Ekintzako langileak. Bestalde, Xabier Ochandiano Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak finalera iritsi diren erakusleihoak bisitatu ditu gaur goizean. Bihar, ekainaren 13an, ordea, artearen zein merkataritzaren alorretan ibilbide aintzatetsia duten 13 epaimahai-kidek hamar lan finalistak ebaluatu eta onenak aukeratuko dituzte.
Xabier Ochandianok hautatutako proposamenen kalitate ona azpimarratu du, zeinen bitartez gure gazteen talentua eta sormena jartzen diren ikusgai, bai eta hiriko merkataritza-jarduera sustatzeko ekintzetan parte hartzeko duten gogoa ere. Aurtengo ARTESHOPen edizioan, guztira, 75 saltokik hartuko dute parte. Hiriko hainbat auzotan daude eta EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleen esku utziko dituzte erakusleihoak, jendeak merkataritzarekiko eta artearekiko duen interesa pizteko estilo oso desberdinetako lanak gauzatzeko. Ekitaldia Bilboko Udalaren ekimen bat da, eta EHUrekin eta Bilbao Arte Fundazioarekin lankidetzan antolatu du. Helburua da hiriko merkataritza-jarduera bultzatzea, baina sormena erabiliz, erosteko esperientzia artearen bitartez aberasteko.
Hauexek dira hautatu diren hamar proposamenak eta saltokiak:
CHIC BILBAO (Urkixo zumarkalea 94)
Egilea: Jon Lopez-Arostegi Eskauriaza
Izenburua: DOTORE...
Egileak izatez ederra, purua eta dotorea dena irudikatu nahi du. Horretarako, honako motibo hauek irudikatu ditu: hegazterren bat eta peonia batzuk. Elementu horiek banaka irudikatuak izan dira, euskarri desberdinetan, hartara, erakusleiho osoa har dezaten eta, aldi berean, erakusleihoarekin harmoniaz erlazionatu daitezen.
REKALDE BURDINDEGIA (Gordoniz 90)
Egilea: Lucía Cámara Mesanza
Izenburua: Rekalde bitxi-denda
Artistak artea beti hierarkia baten menpe egon dela planteatzen du. Objektu artistikoak “arte txikietan” eta “arte handietan” sailkatu izan dira. Lan honen bidez, egileak planteamendu horiek zalantzan jarri nahi izan ditu, eta galdetzen du ea zergatik gizarteak ez ote dituen objektu erabilgarriak artetzat jotzen. Lanaren izenean ideia horrekin jokatu du.
TRUFAS SILMAI (Agirre Lehendakariaren kalea 37)
Egilea: Aizpea de Atxa Cancel
Izenburua: Historia duten trufak
Tradizioa, artisautza eta txokolatea dira artistak erakusleihoa diseinatzeko uneoro kontuan hartu dituen kontzeptuak. Egileak pertsonengan esperientzia estetiko bat eragiteko gai den irudi bat bilatu du, eta garai desberdinetako eta kakaoz egindako irudiekin osatutako collage bat da.
URBAN BIKE (Bailen 2)
Egilea: Guillermo Achúcarro
Izenburua: Nola ikusiko gaitu Lurrera datorren estralurtar batek?
Arte erlazionalaren, kontzeptualaren eta eszenifikazioaren formetan oinarritutako metodologia erabiliz, espazioa berrogeialdian jarri da. Horrela, ilunantza eten eta apeu bisualak sortzen dira, saltokiaren espazioa arretaz betetzen dutenak. Zientzia fikzioa proposamenaren funtsezko inspirazioa da.
BILBOLAMP (Colon de Larreategui 10)
Egilea: Urko Briales
Izenburua: Argia
Proposamen honek argiaren eta ideien arteko harremana du oinarri, lexikoaren adierazpenen bidez, adimen-argitasuna ulertzera ematen dutenak: esaterako, buruargia izatea edo argitsua izatea. Proiektuak bi zati ditu. Lehenengoa bisualago edo metaforikoagoa da, eta, bestea, hausnarketakoa eta hitzez hitzekoagoa, argiarekin eta ideiekin zerikusia duena.
EL ÁRBOL DE LA VIDA (Gordoniz kalea 53)
Egilea: Colectivo 42 (Alba Rebollo eta Miriam Inza)
Izenburua: Herbarioa
Egileek erakusleihoaren kanpoaldean kokatutako gortina bat sortu dute; horren bidez, saltokiaren espazioarekin elkarrekintzan aritzera gonbidatzen dute publikoa. “El Árbol de la Vida” saltokiaren izenak —eta batez ere anagramak— ondokoa ekarri dute artisten gogora: elkarri lotutako bi mundu, simetria, batasunerako ate bat, eta zeruaren eta lurraren eta barrualdearen eta kanpoaldearen lotura.
EL CORTE INGLÉS (Kale Nagusia 7-9)
Egilea: Javier García García
Izenburua: Dama
Obrak presentzia izatea eta boterea azaltzea du helburu. Egileak, pieza honen bidez, dotorezia eta autoritatea aditzera eman nahi izan ditu. Ez da kasualitatea izan aukeratutako elementua xake-pieza bat izatea. Horrela, analogia bat ezarri nahi da damak sinbolizatzen duenaren eta artistak saltokitik nabarmendu nahi duenaren artean.
CICLOS LA FERRO (Martzana 5)
Egileak: Inés Martínez pardo eta Elisa Moreno Vitas
Izenburua: Fluorra
Egileek zerbait deigarria eta ikusgarria sortu nahi izan dute, erakusleihoan publikoarenganako leiho bat islatuz. Bizikleta baten sintesian datzan egitura bat da, baita neoizko argi moldakorrez estalitako ingurune bat ere. Horrela, kanpotik begiratuz gero, irudi ikaragarri eta distiratsu bat sortuko da.
PARAGÜERÍA LEOZ (Belostikale 25)
Egilea: Emilio Cordero Checa
Izenburua: Euria ari duela dirudi
Egilearen arabera, euria naturaren nortasun melankoniatsua da. Hodeiak bereizi egiten dira, ura erori egiten da, ustekabean aurrera egiten du eta Bilboren gainean jausten da. Orduan, ildoak sortzen ditu, kaleak urez betetzen eta garbitzen ditu, busti eta laztandu egiten gaitu, geldiarazi eta hiriaren erritmoaz hausnartzera bultzatzen gaitu.
RAEL DECORACIÓN (Colon de Larreategui 50)
Egilea: Ekain Izquierdo Velasco
Izenburua: Tex-zatiak
Konposizio-ariketa batean datza, eta establezimenduak erabiltzen dituen gainazalak estaltzeko materialak erabiliz sortu da. Garatutako espazioan agertzen diren elementu desberdinak, mota askotako materialekin egindakoak, dira protagonistak.
ARTESHOP BILBAO 2018 SARIAK
ARTESHOP BILBAOren VIII. edizioaren sariak ekainaren 14an, ostegunean, emango dira Erriberako Merkatuan. Epaimahaiaren lehenengo saria 1.200 eurokoa izango da, bigarrena 900 eurokoa eta hirugarrena 600 eurokoa. Bilboko biztanleak ere protagonista izango dira Publikoaren Sariarekin, 450 eurokoa izango dena. Nahi dutenek 75 sarien artean gustukoen duten aldeko botoa eman ahal izango dute hilaren 13ko, asteazkena, gaueko hamabiak arte. Telefonoz, doan egin ahal izango dute, parte hartuko duten saltoki guztietan dagoen zenbaki batera deituz.
Berritasun gisa, aurtengo edizioan, Erriberako Merkatuan eta Turismo Bulegoan dauden artelanetatik obrarik onena aintzatesteko sari bat egongo da. Lanak BilbaoArte Fundazioko ibilbide luzeko 10 artistek jarri dituzte ikusgai, aldi berean, saltokietan lanak ikusgai jarriko dituzten 75 ikasleen tutoreak ere izan diren horiek, hain zuzen ere.


