José Luis González: "Nire ilobarekin Teleberri-a ikusten nengoenean etorri zitzaidan antzezlan baterako testua idaztearen ideia"
- DataEkainak 11
- Gaia Arte eszenikoak
José Luis González ‘Poxpolo’ Eibarko (Gipuzkoa) Coliseo antzokiko programatzailea da. Gainera, bere denbora librean antzerki testuak idazten ditu, betiere bere arau propioen arabera – “poliki, denborarekin eta lasaitasunez” –. Horietako batek sari bat jaso du Lucenako 'Luis Barahona de Soto' lehiaketan.
- “La odisea del papá de Wangari” antzerki testuarengatik saritu zaituzte Lucenako 'Luis Barahona de Soto' lehiaketan. Zer sentitu duzu irabaztean?
Poza, kriston poza. Saria ematen dizutenean poza sentitzen da, besterik ez. Lucenako “Luis Barahona de Soto” sarriak bi arlo ditu eta “La odisea del papá de Wangari”k umeei zuzendutako textuen saria jaso du. Gero sariaren nondik-norakoak ikertzen hasten zara. Besteak beste, epaimahikdeak zeintzuk izan diren, lehiaketak atzean dituen urte guztiak, eta agian gauzarik garrantzitsuena: Lucena herriko Duque de Rivas Antzerki Eskolak antzeztuko duela.
- Nola izan da istorioa prestatzeko prozesua?
Antzerki textuak idazten ditut. Poliki, oso poliki. Errutina batekin, baina poliki. “La odisea del papá de Wangari” duela hamar urte idatzi nuen. Gero birmoldaketak egiten hasi nintzen … eta Itzulpena ere bai. Galizierazko eta euskarazko bertsioak baditut dagoeneko. Ideia nere ilobarekin Teleberri-a ikusten nengoenean etorri zitzaidan. Teleberri-ak itsasoan gaueko irudiak eman zituen: alde batetik etorkinak uretan, beste aldean Guardia Zibilak salbatzen saiatzen. Nere ilobak galdetu zidan ea zergatik gertatzen zen hori, zer ziren irudi horiek… Eta bapatean kontu txikia hasi nintzaion kontatzen. Ideiak apuntatu eta pixkanaka hasi nintzen istorioa idazten.
Textu honetan aipagarriena zera dela esango nuke: Eibarko Musika Bandaren zuzendaria den Carlos Sanchez Barbak irakurri zuen, eta handik hiru hilabetetara dagoeneko zenbait abesti eta musikarekin etorri zitzaidan “La odisea del papá de Wangari” antzezlanean uztartzeko.
- Ez da zure lehen textua izan, lehenik ere beste testu bat idatzi baitzenuen eta Euskal Herriko zirkuitu amateurrean antzeztu zen. Zein ibilbide izan zuen testu hark?
Nire lehenengo saria da. Talde edo konpania baten parte ez izateak oztopoa da idatzitako antzezlanak taularatzeko. Textu antzerki lehiaketek, zentzu horretan, aukera ematen dizute gutxienez zure lana ebaluatzeko. Hala ere, soilik irabazten dutenek dakite beren lana ona dela, besteek ez dutelako inoiz baloraziorik jasotzen.
“El oxímoron de la abuela” da taularatu den nire lehenengo antzez-lana. La Red Teatro Eibarko talde afizionatuak jakin izan zuen testuak idazten nituela eta galdera zuzena egin zidaten: ea bi pertsonaientzako antzezlanen bat idatzita neukan. Irakurri bezain pronto taularatu nahi zutela erantzun zidaten, eta, harrezkero, aukera eman digute Ermuan, Eibarren, Jumillan eta Ourensen. Une honetan mila pertsonek ikusi dute “El oxímoron de la abuela”. Profesionalak ez garen heinean pozik gaude emaitzekin. eta saiatzen ari gara zirkuito amateur horretan sartzen.
- Programatzaile bezala aritzen zara Eibarko Coliseo antzokian. Nondik ateratzen duzu astia antzoki batean lan egin eta etxera joatean antzerkian pentsatzen jarraitzeko?
Une honetan bost textu ditut idatzita eta beste hiru antzezlan idazteko zenbait ohar eta zirriborro ditut prest. Hamabost urteko produkzioa da. Denbora dudanean eta animoz nagoenean idazten ditut. Obligaziorik gabe; ez daukat eperik. Gauza horiek lasaitasuna ematen didate. Eta baita ere nahi dudanean testuak aldatzeko aukera.
- Zer suposatzen du antzerkiak zure bizitzan?
Inguruan suertatzen diren gauzak eta bururatzen zaizkidan ideiak “enkapsulatzeko” modu bat da. Esaterako, nire aitak nire amamaren gerra zibileko bizipen bat kontatu zidan. Nire buruari galdetu nion: istorio horrek pena merezi du? Ba koadernora joaten da.
- Zure esperientzia pertsonalaz haratago, nola ikusten duzu antzerkigintzaren egoera gurean, oro har?
Antzerkigintza ondo doa. Inguruan sare eta konpainia potenteak ditugu. Dugun publikoa mantentzea eta publiko berriei heltzea dira erronka nagusiak.
- Aurrera begira, antzerki testu gehiago idazteko asmoa duzu? Ze asmo dituzu buruan?
Bai. Textu gehiago idatziko ditut, baina beti nere arauekin: poliki, denborarekin eta lasaitasunez. Horretaz aparte, ditudan testuak taularatzea gustatuko litzaidake, baina oso zaila izaten da. Testuak konpaniei, antzezleei eta zuzendariei heltzeko ez dudan denbora behar dut, eta hori zaila da niretzat.


