Liburu-saltzaileen saria jaso dute Eider Rodriguezek eta Vivian Gornick-ek
- DataMaiatzak 16
- Gaia Literatura
Irakurzaletasunerako bidean lagun izan zituzten liburuzainak Eider Rodriguez zein Vivian Gornickek eta, horregatik, biek ala biek aitortu zuten atzo Gipuzkoako liburuzainen eskutik jaso zuten Zilarrezko Euskadi sariengatiko esker ona. Errenteriarrak «Bihotz handiegia« (Susa) ipuin-bildumagatik jaso zuen euskarazko lan onenaren saria eta idazle estatubatuarrak, aldiz, «Apegos feroces» narrazio autobiografikoagatik (Sexto piso), gaztelerazkoari dagokiona.
Dela New Yorkeko Bronx auzunean, dela Errenterian, grina duenak beti aurkitzen du irakurketan murgiltzen lagunduko dion liburuzainen bat. Hala gertatu zitzaien Vivian Gornick eta Eider Rodriguezi eta, horregatik, saria itzuli eta esker ona adierazi zieten liburuzainei Euskadiko Zilarrezko sariak jasotzeko ekitaldian, irakurleei eskuen artean ilusioak, jakintza eta bestelako bizitza posibleak esku artean jarri zizkietelako. Izan ere, sariak Gipuzkoako liburuzainen iritziz urteko euskarazko eta gaztelaniazko lan onenak izan direnak saritzen ditu eta, iazko uztatik, Eider Rodriguezen “Bihotz handiegia” eta Vivian Gornicken “Apegos feroces” (Sexto Piso) hautatu dituzte.
Haurtzarora itzulita, Rodriguez Errenteriako Etxenike liburu-dendako Mariasunez oroitu zen: «Astero joaten nintzen amarekin, couché paperezko aldizkariak erostera. Nik banuen halako harreman niretzat misteriotsua Mariasunekin; mostradore atzetik ateratzen zenean bere takoi hotsa zoriontasunaren preludioa zen niretzat, banekien aholkatzen zidana gustatuko zitzaidala». Gerora ohartu omen zen euskarazko liburuak aholkatzen bazizkion ere Mariasunek ez zekiela euskaraz eta, beraz, irakurri gabeak zituela: «Baina askotan itzulpenak ziren; berak bazekien gustatuko zitzaizkidala edo, agian, nik nahi nuen hala izatea. Nire bizitzako pertsona garrantzitsuenetakoa izan da Mariasun. Orain ez dakit ezer berataz, ezta bizirik dagoen ere, baina, hemendik, nire esker ona helarazi nahi diot», egin zion eskertza.



