Intermezzo: «Koruaren ikusgarritasuna landu behar da operaren arloan»
Intermezzo egitasmo aitzindaria 2004an jaio zen, Donostian, antzoki eta jaialdiei ikuskizunetarako abesbatzak izateko lana erraztea helburu. Horretarako, bai abesbatza osoak bai jada egonkortutako abesbatzentzako unean uneko errefortzuak eskaintzen ditu. Hamalau urte igaro eta gero, filosofia berarekin jarraitzen du egitasmoak, eta, gainera, lirikaren sektorean, egonkortutako eta prestigio handiko proiektua da egun Intermezzo. Horren erakusle da datorren apirilaren 9an emango diren International Opera Awards sarietarako izendatu dutela. Konpainiako presidentearekin hitz egin dugu, Jon Plazaolarekin.
Nola sortu zen Intermezzo? Zeintzuk ziren sortzerakoan zituen helburuak?
Intermezzo abeslari moduan lan egiten nuela izan nuen ideia batetik jaio zen. Konturatu nintzen antzoki guztiek zailtasunak zituztela abesbatzekin, batik bat ekoizpen jakin batzuetan, abesbatza indartzea beharrezkoa zuten horietarako errefortzuak lortzeko orduan. Hori horrela, Intermezzoren hasierako helburua opera-antzokietako ekoizpen-sailei bizitza erraztea zen, unean uneko beharren arabera euren abesbatzak abeslari profesionalekin indartzeko aukera izan zezaten.
«Abesbatzak nahieran» bataiatu genezakeen ideia berritzaileak zer abantaila eta zer zailtasun ditu lan sistema gisa?
Abantaila nagusia honako hau da: abeslari profesionalen datu-base zabala izanik, sor daitekeen edozein beharri erantzuteko gaitasun handia dugu. Abeslari bakoitzaren ezaugarriak aldez aurretik ezagutuz, antzokien, jaialdien edota askotariko tamaina, kokapen edo errepertorioko ekitaldien eskaeretara egokitzeko aukera dugu.
Intermezzoko lantaldearen egitekoa beharrezko kudeaketa lan guztiak (kontratazioak, gizarte segurantzako altak, artisten koordinazioa...) denboraz eta behar bezala egiten direla bermatzea da, horrela antzoki, auditorium eta programatzaileen ekoizpen-lana erraztuz.
Ekimenak Gipuzkoan hasi zuen ibilbidea, baina bertako mugak gainditu ditu. Horren erakusle, hasieratik bertatik estatu osoan lan egin duzue, eta, gerora, baita nazioartean ere. Zeintzuk izan dira hori lortzeko gakoak?
Zalantzarik gabe, lana eta ilusioa dira hori lortzeko gakoak, letra larriz idatzita. Hasieratik bertatik izan genuen konfiantza gure ustez irtenbide oso baliagarria eskaintzen zuen egitasmo batean, eta, horregatik, genuen ideiari forma emateko buru-belarri lanean jarri ginen. Gaur egun, Intermezzoko administrazio-sailak 12 pertsonako lantaldea du, eta hasierako ilusio hori mantentzen du, lan gaitasun handiarekin gainera. Eta emaitzak hor daude: iaz 216 funtziotan parte hartu genuen orotara.
2009tik Madrilgo Errege Antzokiko abesbatza titularraren ardura ere baduzue. Zer-nolako lana du tamaina horretako abesbatza bat kudeatzeak?
Oso lan intentsua da, baina poztasun handiak ere ematen ditu. Errege Antzokiko makineriak pertsona askok norabide berean arraun egitea eskatzen du: funtzio bakoitzeko aretozainetatik hasi eta antzokiko zuzendariarengana. Eta guk ere bat egiten dugu korronte horrekin. Ekoizpen bakoitzak dituen beharretara egokitzen gara, bai musikako entseguen antolakuntzan, bai agertoki gaineko entseguetan, bai jantzi-probetan, bai funtzioetan bertan ere. Denboren kudeaketari dagokionez, lan milimetrikoa da, baina, behin opera bat estreinatu ondoren, oso pozgarria da kritikak irakurtzea, balorazio gehien-gehienak oso positiboak izaten baitira. Intermezzok 51 abeslari egonkor ditu denboraldian zehar, baina oraintxe, adibidez, kopuru hori ia bikoitza da, Aida opera eskaintzen ari baikara eta hark abesbatza handi bat eskatzen baitu. Horrenbestez, etengabeko lana da, geldialdirik ez duena. Orain dela gutxi amaitu ditugu Dead Man Walking eta Street Scene lanen funtzioak, eta, orain, berriz, bete-betean gabiltza dagoeneko Aida operarekin.
Bestelako zer egitasmo dituzue uneotan esku artean?
Intermezzon beti dugu helburu aurrerapausoak ematea, eta, horretarako, aukera berriak bilatzen ditugu. Gure negozio ideia gure mugetatik kanpo esportatzeko asmoarekin jarraitzen dugu. Dagoeneko noiz edo noiz egin dugun arren, modu orokorrean egin nahiko genuke, orain arteko emaitzak bikainak izan baitira. Bien bitartean, Errege Antzokiko Intermezzo Abesbatza titularraz arduratzeaz gain, Bartzelonako Gran Teatre del Liceu antzokiko, Oviedoko Operako, Kataluniar Musikaren Auditoriumeko edota Menorcako Mahoneko abesbatzak indartzen ditugu. Horrez gain, beste proiektu batzuen artean, Peraladako Jaialdi ospetsuarekin ere lan egiten dugu maiz.
Ekitaldien saila ere abian jarri dugu, ekitaldi pribatu edo profesionaletan (adibidez, bileretan, kongresuetan, azoketan...) jarduera musikal edo artistikoak sartu nahi dituzten enpresei begira. Hasieratik antolatu izan ditugu horrelako zerbitzuak, baina, orain, enpresaren barruan protokolo profesionalizatuagoak ezarri ditugu, sektore gehiagotara iristeko. Gure zerbitzu-eskaintza ere zabaldu dugu.
Intermezzok Musikeneko azken kurtsoko ikasleei euren ibilbide profesionala abiatzeko aukera ere eman die, Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiarekin sinatutako hitzarmen bati esker. Zertan datza zehazki hitzarmena? Izandako emaitzen zer balorazio egiten duzue?
Aspaldi genuen buruan modu batean edo bestean Musikenerekin elkarlanean aritzea. Gure enpresa abesbatzen munduan aitzindaria dela eta Musikene egungo goi-mailako musika eskola prestigiotsuenetakoa dela kontuan izanik, uste genuen guretzat ezinbestekoa zela horrelako saiakera bat egitea. Azkenean, iazko denboraldiaren amaieran, elkarlan hori gauzatu ahal izan genuen, espediente oneneko ikasleetako bati Errege Antzokiko abesbatza titularreko kide izateko gonbidapena eginez ekoizpenetako batean. Horretarako, noski, hautagaien kalitate artistikoa bermatzea ahalbidetzen diguten entzunaldiak egin genituen aldez aurretik. Hori horrela, Musikeneko ikasle bat izan zen Intermezzo Abesbatzako emakumezko ahotsetako bat Errege Antzokiko Madame Butterfly ekoizpenean. Gainera, ekoizpen hori, Errege Antzokian emateaz gain, beste leku askotan jarritako pantailetan ere ikusi ahal izan zen. Horrez gain, telebistaz ere eman zen zuzenean. Horrelako elkarlanak ikasleek operarekin lehen harreman bat izateko apartak direla uste dugu, non eta ingurugiro guztiz profesional batean eta punta-puntako areto batean, Errege Antzokian. Eta guk ikasleei horrelako aukerak emateko abagunea badugu, bada, bikain. Aurten ere abian dugu dagoeneko beste kantu-ikasle bati ekoizpen batean parte hartzeko beka bat emateko hautapen-prozesua.
Beste elkarlan posible batzuk indarrean jartzeko lanean ere ari gara, baina oraindik ez dugu behin betiko beste proiekturik.
Intermezzok urteotan lortutako mailarekin oso harro bagaude ere, ez dugu inolaz ere ahazten gure jatorria, nondik gatozen. Horregatik, gure komunitatearekin konpromisoak hartzea maite dugu, eta, horren erakusle, Musikenerekin elkarlanean aritzeaz gain, bestelako proiektuak ere baditugu. Urtero, adibidez, kontzertu solidario bat egiten dugu Martuteneko espetxean, musika horrelako ikuskizunak ikusteko aukera ez duten guneetara eramateko asmoz. Azken urteetan, Donostiako Musika Hamabostaldiaren hasierako jardunaldian ere parte hartu dugu, hainbat kontzertu solidario emanez adinekoentzako egoitzetan. Ekimen horiek guztiak gure erantzukizun sozial korporatiboko politikaren parte dira.
Abesbatza Onenaren kategorian lehiatzeko izendapena lortu duzue International Opera Awards sariketan, zeina datorren apirilaren 9an egingo den, Londresen. Zer esan nahi du aitortza horrek zuentzat?
Guretzat izugarria izan da izendapena lortzea. Azken batean, egunero-egunero Intermezzon egiten dugun lana saritzen da; zehazki, Errege Antzokian Intermezzoko lantaldeak eta abeslariek egiten dutena. Gure ustez, oso garrantzitsua da abesbatzak ikusgarritasuna lortzea operaren munduan, eta horrelako sariek lehen lerroan jartzen gaituzte. Ez diot hainbeste Intermezzorengatik beragatik, baizik eta abesbatzak operaren barnean duen funtzioagatik; izan ere, azken emaitza gauzatzea –hau da, opera bat agertoki baten gainean estreinatzea– laguntzen duen elementu bat gehiago da abesbatza. Sariek une hori heldu arte atzean dagoen lana azaleratzen dute, atzean dagoen abesbatzak egindako lana, hautemanezina dirudiena baina izugarria dena eta baloratu egin behar dena.
International Opera Awards sariketan, lau izendapen lortu ditu Errege Antzokiak. Abesbatza Onenaren kategorian ez ezik, Ekoizpen Onenarenean ere lortu du izendapena, Benjamin Brittenen Billy Budd obrarekin, zeinak Deborah Warnerren ekoizpen bikaina duen. Bada, hor ere parte hartu du Intermezzok. Lortutako beste izendapenetako bat Berreskuratze Onenaren kategoriakoa da; zehazki, Ginasteraren Bomarzo operaren ekoizpenarekin lortutakoa. Intermezzok hor ere parte hartu du zuzenean, ekoizpeneko abesbatzaren arduradun gisa.
Zeintzuk dira Intermezzoren erronkak etorkizunera begira?
Erronkak beti daude hobetzearekin lotuta. Helburua ahalik eta abeslari kopuru handienari kalitatezko abesbatzetan kantatzeko aukera ematea da. Eta, kalitateaz hitz egiten dugunean, ez diogu soilik arlo artistikoari begiratzen, baita administratiboari ere. Jabetzen gara horrelako jardueretan artistak ahalik eta ondoen tratatu behar ditugula. Ildo horretan, Intermezzon, ditugun bitarteko denak jartzen ditugu gure artista guzti-guztiak modu erregularrean kontratatuak izan daitezen eta eskaintzen duten zerbitzuarekin bat egiten duen ordainsaria jaso dezaten. Kalitate artistikoari dagokionez, berriz, ezarrita dauzkagun kudeaketa-prozesuak nabarmendu behar dira, ISO 9001 kalitate-zigilua duen enpresa bakarra baikara sektorean. Horrek, noski, agertokiko oihala igotzen denean kalitate musikala bermatua izan dadin laguntzen du.


