Soinuenea, Herri Musikak Oiartzunen duen txokoa
Musika herri guztietako egunerokotasunean agertzen da. Nola edo hala, mendeetan zehar azaldu da eta gure herri kulturaren partea da. Herri musika bizirik dago, eta hala den heinean, eraldatzen doa, jendartearen parera. Horregatik du beharrezko lan metodologia zientifikoa, ondo ikertu, katalogatu, gorde eta hedatzeko. Hau da Soinuenea Herri Musika Txokotik burutzen duten lana. Juan Mari Beltran musikologoak, proiektuaren buruak, eman dizkigu xehetasunak.
Zein helbururekin jarri zenuten martxan txokoa?
Txokoak hainbat helburu izan ditu hasiera hasieratik:
Euskal Herriko kultura eta bereziki herri musika era didaktiko, ulergarri eta entretenigarrian mota guztietako hartzaileen eskuetan jartzea. Euskal kulturan, eta batez ere hemengo eta munduko herri musikan nolabaiteko interesa edo kuriositatea duten guztiei, bai bertakoei eta baita ere, arlo honetan gure herria ezagutu nahi duten kanpoko bisitariei aukera erakargarria zabaltzea.
Hezkuntzari lotuta, ikastetxeetako eta musika eskoletako ikasleei musika klase teoriko, praktiko eta aktiboak eskaintzea beraien musika ikasketen osagaitzat. Baita irakasleagoari formazio hobekuntzarako ikastaro teoriko, praktiko eta aktiboak eskaintzea ere.
Era ezberdinetan herri musikan aktiboki jarduten dutenei ikasketak, ikerketak, topaketak eta formaziorako ekintzen antolaketa.
Azken finean, elkartzeko toki bizia izatea, hitzaldi, emanaldi, ikus-entzunaldi eta erakusketak antolatuz.
Soinuenea bizitza oso baten lanaren emaitza da. Zein da museoaren eta fundazioaren historia? Nola hasi zen forma hartzen bilduma?
Gure web gunean azaltzen dugun moduan, orain Soinuenea dena 1994an hartu zuen herri musikaren dokumentazio zentroa izateko norabide sendoa. Orduan erabaki nuen nire bizitzan bildutako herri-musikari buruzko material ezberdinez osatutako bildumarekin Herri Musikaren Dokumentazio Zentroa antolatzea.
Ondo azaltzen genuen 2008. urtean argitaratutako Herri Musikaren Txokoa Oiartzunen nola joan zen bilduma osatzen eta hasierako urrats horiek nolakoak izan ziren. Oso liburu gomendagarria da.
1995. urtean Oiartzungo Udalarekin lortutako akordio baten bitartez martxan jarri ziren egitasmoaren antolaketa lanak. Lan horretan laguntzaile asko batu ziren. Eskola eta lan ordutik kanpo pertsona asko aritu ziren bere borondatez proiektu hau aurrera ateratzen ordenagailu aurrean liburu, disko eta bestelakoen fitxak betetzen eta soinu-tresnen erakusketa antolatzen. Milaka lan orduren ondorioz, 2002. urteko martxoaren 1ean Herri Musikaren Txokoak publiko ororentzat ireki zituen ateak, eta geroztik zabalik ditu erakusketa zein dokumentazio zentroa bera.
2011ko abenduaren 22an aurkeztu eta sinatu genuen notaritzan Soinuenea Fundazioaren sorrera eta 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera izaera berriarekin funtzionatzen ari gara.

Profil guztietako publikoa hartzen baduzue ere, profesionalen eta ikerlarien interesa piztu duzue bereziki, dokumentazio zentroari esker. Zein da azken hauek Soinuenea Herri Musikaren Txokoan eskuragai duten material mota?
Ikerle, egile, jole eta irakasle gisa herri musikari emandako urte hauetan guztietan, bai soinu-tresnak eta baita herri musika eta soinu-tresnei buruzko dokumentazio asko (batzuetan editatua eta besteetan ez) bildu dugu.
Zentro honek nagusiki ondorengo sail edo atalak batzen ditu:
• Soinu-tresnen bilduma: Soinu-tresna bilduma osoa biltegian eta erakusketan ikertzaileentzat kontsultagarri.
• Tailerra: Soinu-tresna eta hots-jostailuak egiteko eta konpontzeko.
• Fonoteka: Herri musika grabazioen bilduma, abestuak nahiz soinu-tresna desberdinekin emanak.
• Liburutegia: Herri musika eta soinu-tresna herrikoiei buruzko liburu, aldizkari eta era guztietako idazlanak.
• Irudi artxiboa: Argazkiak, pelikulak eta bideo filmazioak.
Honetaz aparte, hitzaldi, ikastaro eta entzunaldietako aretoa ere badugu.
Gordetzen dituzuen materialek zaintzeko eta kontserbatzeko neurri edo baldintza berezirik behar dute?
Ba oro har material organikoek behar dituztenak: deshumifikadoreak, tenperatura kontrola, pipien aurkako tratamentuak udaberri oro…
Bestetik, bilduma bere osotasunean zaintzeko, 5 urtean behin soinu-tresnen inbentarioa burutzen da.
2002.-az geroztik Herri Musika Jardunaldiak antolatu dituzue urtero, gure ondarearen arlo hau babestu eta zabaltzeko asmoa duen ekimena. Zeintzuk dira hitzordu eta topaleku honen gakoak? Zein izan da 2018ko Herri Musika Jardunaldien ardatza?
Herri Musikaren Txokoaren proiektuan hasieratik garbi aurreikusten genuen bere helburu eta egin beharren artean herri musika inguruan mota guztietako jarduerak sustatzea eta bultzatzea eta horien artean aurkezpenerako, eztabaidarako eta hedapenerako jardunaldiak antolatzea.
Jardunaldiak herri musikaren alde ezagunak eta ezezagunak aurkezteko eta ezagutzeko, herri musika inguruan eztabaida orokorra sortzeko eta bideratzeko, bultzatzeko eta herri musika biziaren alde ekiteko antolatu nahi genituen eta martxan jarri genuen.
Urtean behin eta edizio bakoitza herri musika gai monografiko baten inguruan antolatzeko asmoarekin abiatu ginen. Gure Jardunaldietan herri musika inguruko arlo eta gai ezberdinak aurkeztu ditugu. Hamaika hizlari, hamaika gai eta herri musikazale asko izan dira orain arte antolatutako edizioetan. Bertan euskal musikari, dantzari eta bestelako ikertzaileekin batera kanpokoak ere izan ditugu. Horrela, gurea den hori gure ikuspuntutik jorratzeaz gain, guretzat aberasgarriak diren kanpokoen esperientziak eta iritziak ezagutu ditugu.
Aukeratutako gaia kontuan harturik, edizio bakoitza gai horretan aritzen den beste erakunde edo elkartearekin batera antolatzen saiatu gara. Geroztik, urtez urte, hutsik egin gabe, gai ezberdinak aurkeztuz eta jorratuz hasitako bidetik jarraitu dugu.
2018ko Herri Musika Jardunaldietan Emakumeak herri musikan, eta orokorrean herri kulturan, izan duen parte hartzea aztertu da. Jardunaldiak Gari Garaialdek prestatutako Emakumeak maskapean argazki erakusketaren aurkezpenarekin hasi ziren martxoaren 16an. 24an goizez eta arratsaldez aritu ginen mintegietan, eta 25ean bazkari batekin eman genuen amaitutzat aurtengo edizioa.

Zentroak herri musikaren inguruan antolatzen dituen jardueraz aparte, Soinueneak hainbat liburu eta disko argitaratu ditu. Azkena, Elkarrekin batera ateratako “Soinu-tresnak euskal herri musikan (1985-2010)”. Zein da herri musikaren ondarearen hedapenari argitalpenak egiten dion ekarpena?
Argitalpenaren analisi sakona egin genuen gure urriko buletinean. Bertan jasotzen denez, orain dela hogeita hamar urte baino gehiago egin zen lana da Euskal Herriko Soinu Tresnak. Laurogeiko hamarkadan egin zenean, formatu ezberdinetan argitaratu zen, bakoitzak eskura jartzen zituen baliabideak erabiliaz eta ahalik eta jende gehienaren etxeetara euskal kulturaren harribitxiak zirenak helarazteko ahaleginean. Nik neuk zuzendutako lan hau LP, CD eta VHS formatuetan plazaratu zuen IZ argitaletxeak. Lehenengo bi formatuek audioaz gain, liburuxka mardulak zituzten, grabazioetan entzun zitezkeen musikari eta soinu-tresnei buruzko testuekin.
Lanaren helburua Euskal Herriko berezko musikan erabiltzen ziren soinu-tresnen aurkezpen orokor bat egitea zen. Konkretuki, 1980ko hamarkadara arte erabiltzen zirenak landu ziren. Honen aurrean, lan horretan azaltzen diren soinu-tresna gehienak gaur egun ere gure herrietako kaleetan entzuten jarraitzen dugula esan beharra dago.
Soinu-tresna bakoitzaren ezaugarriak azaltzeaz gain, bakoitzak bere inguru jakinean betetzen zuen funtzioa eta izan zitzakeen aldaerak ere aipatzen ziren. Horrela, soinu-tresna horien bidez Euskal Herriko eskualde ezberdinetan bidaia aberatsa proposatzen zuen lan hark, txoko bakoitzean bizirik jarraitzen zuen euskal herri musika aurkeztuz.
Orduko hotsak, joerak, estiloak, musika motak eta soinu-tresna taldeak erakutsi nahi ziren. Aldi berean, jasota geratu zen musika haren funtzioa zein zen azaltzen zen. Eta nahi eta nahi ez, musikari haien ingurua islatzen zen; audioaren kasuan hizkeran, erabiltzen zuen euskalkian, nabaritzen zen zein lurraldetan zeuden, eta ikus-entzunezkoan baita irudietan ageri ziren paisaietan ere.
Proiektu haren zati bat besterik ez zen ikus-entzunezkoa Soinueneak 2010ean berriro argitaratu zuen bi ikus-entzunezkoz osatuta zegoen Soinu-Tresnak Euskal Herri Musikan lanean. Kasu horretan, Euskal Herriko Soinu Tresnak-i azpitituluak sartu zitzaizkion euskal herritar guztiek hizketan azaltzen ziren musikarien esanak ulertzea errazteko, eta Euskal Herriaren mugetatik kanpora ere lan hau erabilgarria izan zedin. Azpitituluak hizkuntza hauetan jarri ziren: jatorrizko euskara, euskara batua, gaztelera, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa.
Bigarren ikus-entzunezko bat ere gehitu zen proiektu haren nondik norakoak azalduz. Bertan non grabatu zen, nola, zein baldintzetan, eta gertatu ziren xelebrekeriak gogoratzen nituen.
Ordutik hona, IZ argitaletxeak lan egiteari utzi zion eta gaur egun Elkar da haien funtsen jabea. Euskal kulturako lan interesgarriak ditu funts horrek bere baitan eta Elkarrek pixkanaka berrargitaratzeari ekin dio. Hori dela eta, Euskal Herriko Soinu Tresnak lanean bildutako materiala berriro argitaratu du. Oraingoan, aurretik argitaratu zen material guztia elkartuta argitaratu du hala ere. Honek zer esan nahi du? Bada, laurogeiko hamarkadan LP-arekin zihoan testuarekin liburu bat egin da eta liburu horri bi disko gehitu zaizkio. Diskoetako bat audio hutsekoa da eta bestean berriz 2010ean Soinueneak argitaratutako Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan lana doa.
Testuak errebisatu eta eguneratu egin ditut. Horretaz gain, beharrezko eta interesgarri ikusten nituen audio grabazioak gehitu ditugu emaitza ederra lortuaz. Erreferentziazkoa izateari utzi ez dion lanak berriro jendartera iristeko bidea egin du oraingoan.
Zein da Euskal Herriko herri musikaren egoera gaur egun? Ikerketa eta ekoizpen aldetik, bada baikor izateko arrazoirik?
Orokorrean euskal herri musikaren egoera txarra ez dela esan dezakegu. Herri musikaz gozatzeko hainbat bide sortu dira. Alde batetik, hainbat giro eta ingurutan taldeka herri abestiak kantatzeko joera dago. Bestetik, musika eskoletan eta bestelako musika ikasteko elkarteetan alboka, dultzaina, txistu, trikitixa, txalaparta eta herri-perkusioan eskaera handia dago, eta bereziki gazteen artean. Honen ondorioz gaur egun badira errepertorio tradizionala eta berria jotzen duten goi mailako albokariak, dultzaineroak, trikitilariak, txitulariak, txalapartariak eta herri-perkusio jotzaileak.
Etorkizunean, nondik pentsatzen duzue joango dela Soinuenearen ibilbidea?
Gurea erakunde txikia da eta bere neurrian urte hauetan guztietan egindakoari eustea da helburu nagusia. Datozen urteotan gure datu base osoa, eta batez ere landa lanean grabatutako materiala, sarean publikoaren esku jartzea izango da erronka nagusietako bat.


