Gorka Urbizu: 'Konfiantza handia daukagu gure kantuetan'

  • Gorka Urbizu: 'Konfiantza handia daukagu gure kantuetan'
eitb.eus

  • DataMartxoak 15
  • Gaia Musika

"Infrasoinuak" munduaren bestaldean hedatzen hasi eta gero, Berri Txarrakek larunbatean, martxoak 17, aurkeztuko du disko berria Euskal Herrian, BECen, taldeak inoiz egin duen kontzerturik handienean.

Berri Txarrak erronketara ohitutako taldea da. 24 urteko bidean, hamaika aldiz egin diote muzin erosotasunari, errazkeriari eta aurretik egindakoekiko atseginkeriari, setatsu. Lan gogorrak, koherentziak eta publikoaren oniritziak ahalbidetu dien lorategi erosoan goxo gelditzeko aukera errefusatu, eta baso berri eta ezezagunetan barneratzera jo dute etengabe, arriskuak, rockaren ezinbesteko bizigaiak, gidatuta.

Horregatik irten dira nazioartera beste batzuk euskal eszenan, gure mikrokosmosean, jaun eta jabe ibili direnean.

Horregatik grabatu zuten disko punk eta zakar bat, ‘Jaio.Musika.Hil’ ezinbesteko diskoarekin hainbat koskako jauzia egin eta gero.

Horregatik sortu zituzten hogei kantu ezberdin hiru ardatz estilistikoren gainean beren hogeigarren urteurrenaren kariaz "Denbora da poligrafo bakarra" lanean, beste askok egiten duten bezala atzera begiratu eta zuzeneko disko bat edo bilduma bat kaleratu ordez.

Horregatik da talde berezia Berri Txarrak, xerka amaigabean bizi delako, aurrera begira.

Orain, enegarren erronka dute aurrean: BEC erakustazokako Bizkaia Arena pabiloi erraldoian egingo dute “Infrasoinuak” bederatzigarren diskoaren Euskal Herriko aurkezpena, aurreko biran aretoak lepo bete ondoren.

Gorka Urbizu taldeko gitarrista, abeslari eta konpositore nagusiarekin hitz egin dugu, taldeak Lekunberrin duen lokalean, BECeko kontzertu horren atarian.

Diskoa aurkezteko bira Asian eta Ozeanian abiatu duzue. Zer moduz joan da?

Egia esan, oso pozik itzuli gara. Atzerrian edukitzen dugun arazoetako bat guretzako eszena egokia aurkitzea izaten da, estilistikoki ondo dagokigun toki bat topatzea, eta batzuetan tokatu zaigu nahiko kontzertu bizarroak jotzea.

Oraingoan, esango nuke bete-betean asmatu dugula eta Txina izan dela bira honetan ezustekorik handiena: aretoekin asmatu dugu, bertako punk rock eszena ezagutu dugu, kontzertuetara jendea etorri da…

Oro har, bira indartsua izan da: hamazazpi kontzertu guztira, herrialde berri batzuk, Zeelanda Berrian jotzea, Rise Against talde lagunarekin berriz batu eta Australian 2.000 lagunen aurrean jo ahal izatea…

Nola kalkulatzen da kolpea non jo, hemendik kanpo irteten zarenean?

Egia esan, gure atzaparrak ez dira oso sendoak hemendik kanpo, herrialde batzuetan. Guk ez daukagu azpiegiturarik, gure kasa egiten ditugu gauza guztiak, eta ez da erraza.

Batzuetan, txinparta bat behar izaten duzu, eta oraingoan Rise Againsten gonbidapena izan zen abiapuntua. Gainera, beti izan dugu jomugan Australian jotzea.

Tekla egokiak jo ditugu. Hego Koreara, adibidez, duela zortzi urteko bisitan gurekin lan egin zuen promotore berarekin joan gara, eta igarri dugu koska bat igo dugula bertan oihartzun aldetik eta baldintza aldetik.

 

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri