"Gipuzkoako Ontziolak" liburuaren aurkezpena Untzi Museoan
- DataOtsailak 15
- Gaia Literatura, Museoak, Ondarea
Untzi Museoan egin den ekitaldian, Gipuzkoako ontziolak. Azken itsas arotzen historia, teknika eta bizimodua liburua aurkeztu dute gaur Maria Jose Telleriak, Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia, Juan Aguirre Sorondok, editorea eta liburuaren egilearen anaia, Jose Ignacio Espelek, Gipuzkoako Ozeanografia Fundazioko presidentea, eta Raul Perez Iratxetak, Untzi Museoko zuzendari nagusia.
Antxon Aguirre Sorondok 1988 eta 1993 artean ontzigintza tradizionalari buruz eta Gipuzkoan egurrezko itsasontziak eraiki zituzten azkenei buruz egindako ikerlana biltzen du liburuak. Bere lana egiteko, autoreak erriberako azken arotzen testigantzak jaso zituen, beren ofizioaren xehetasunei buruz.
Antxon Aguirre Sorondo 2014an zendu zen, eta Aldundiak erabaki zuen hain lan bikain eta baliotsua argitaratu egin behar zela. Editatu aurretik, obra osoa berrikusi egin behar zen, eta, horretarako, bere anaia Juan Aguirre Sorondorekin jarri zen harremanetan Aldundia. Berrikuspen lan hori egiteko, Juanek laguntza eskatu zien aurreko mendeko 80ko hamarraldian elkarrizketatu zituzten erriberako arotzetako biri, gaur liburuaren aurkezpenean egon diren biei alegia. Luis Loinaz eta Manuel Sorondo dira, Urumea Ontziolakoak. Ontziola hori Donostian jardunean mantendu zen azkeneko ontziola tradizionala da, Martutene auzoan hain zuzen, zubiaren ondoan (1984 arte).
Aurkezpenean egon da, baita ere, Luis Goldaracena, Gipuzkoako erriberako arotz familietako baten ondorengoa. Izan ere, Goldaracena ontziola, lehendabizi Lezon, bere aitona Clemente Goldaracenak zuzendu zuen, eta, ondoren (1937tik), Pasai Donibanen, bere aita Luisek, 1970ean itxi arte.
Liburua Kultura Departamentuak argitaratu du, Ondare Historiko-Artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzuko Ondare Bildumaren barruan.


