María Mur: «Proiektu artistiko esperimentalen ekoizpena sustatzeko jaio zen consonni»

  • María Mur: «Proiektu artistiko esperimentalen ekoizpena sustatzeko jaio zen consonni»
    2017an consonnin egindako con_textos tailerra, Rosa Llopekin (Argazkia: consonni)

XX. mende amaieran, Guggenheim museoaren ateak zabaldu berri zeudenean eta egungo mapa artistikoa oraindik itxuratzen ari zenean, gune txiki bat sortu zen Bilbon, proiektu artistikoen produkzioa babesteko/laguntzeko asmoarekin. Geroztik, gauzak egiteko modu paralelo eta malgu baten adierazle izan da consonni, non denborak eta espazioak, ideia abstraktuak ez direlarik, lan-ildo bakoitza eratzen baitute, eta beren mugak etengabe hausten. Pentsamendu eta ezagutzarako aterpe, gauzak egiteko modu zainduaren eta kritikoaren sinonimo, etengabeko hausnarketan. Kulturklikek Maria Mur zuzendariari egin dio elkarrizketa gaur.

Zein helbururekin jarri zen martxan consonni orain dela 20 urte baino gehiago?

consonni izena Zorrotzaurre penintsulako (Bilbo) fabrika huts batetik datorkio, eta, 1996an, «praktika artistiko garaikideen zentro» izatera pasa zen, Franck Larcade Iparraldeko artistaren eskutik, haren fundatzailea baita. Momentu horretan gutxi babesten zen produkzioa; batik bat erakusketetara bideratuta zegoen orduan. Esaterako, oraindik ez zen BilbaoArte existitzen, hurrengo urtean sortu baitzen. consonni artistei babesa eta laguntza eskaintzeko asmoarekin sortu zen, proiektu artistiko esperimentalak ekoitz zitzaten.


Nolakoa izan da produkzio-etxearen lanaren bilakaera denbora tarte honetan?

Arte produktorea izatea ez da ohiko definizio bat; nortasun nahasgarria da, aztoratua, hein batean queer esan ohi duguna. Horri esker, consonni produkzioen bidez birdefinitu daiteke, lan bakoitzak eragiten eta eraldatzen baitu. 1998ko azarora arte, consonniren produkzioak fabrikan egiten ziren. Ondoren, consonnik fabrika utzi, zentroaren ideia baztertu eta egun produkzio-etxe gisa duen nortasuna hartu zuen. consonnik artista eta proiektu bakoitzerako metodologia egokienak bilatzen ditu, bulego batetik lan eginez. Praktika artistikoen askotariko aukerak erregistratu ziren, ibilbide-orri gisa feminismoak hartuta, eremu publikoa sortzeko. 2011tik aurrera, lehen aldiz, leihate handiak dituen espazio bat dugu, kalera irekia, San Frantzisko auzoan. Gure gela propio partekatua deitzen diogu, Virginia Woolf-i argi eta garbi erreferentzia eginez, eta ekoizteko, pentsatzeko eta gauzatzeko tokia bilakatzen da. Lokala artistekin, konplizeekin eta bisitariekin partekatzen dugu. Hala, ekiteko aukerak areagotzen dira, eta programa zehatzak garatzen. Lokal ireki eta irisgarri horrek consonniren komunitatearekiko elkarrizketa elikatzen du, eta balio du bertatik lan egiteko eta hainbat kultur eduki azaleratzeko.


Zuen lan-ildoetako bat, hain zuzen ere, GPP egoitza-programa da, tokiko sektore artistikoari espazioa eta baliabideak eskaintzen dizkiona. Zein dira proposamen horren gakoak?

Gorte kalean lokal hori dugunetik oso erraza eta organikoa egiten zaigu programa zehatzak garatzea tokiko eta nazioarteko talentu sortzailea babesteko moduak zabaltzeari begira. Horrela, artean espezializatutako liburutegi bat dugu, behar bezala katalogatutako mila titulu baino gehiagorekin, zeinak eskuragai dauden edozeinek kontsultatzeko edo maileguan hartzeko; hainbat programa ditugu, esaterako, con_textos tailerrak, GPP egoitzak eta aurten, Alberto de la Hoz soinu-teknikari eta irratiko espezialistak koordinatuta, martxan jarri dugun podcasting kulturala egiteko laborategi bat.

 GPP siglek Gela Propio Partekatua adierazten dute. Artistentzako egoitza-programa bat da, tokiko sektore artistikoa babesteko helburua duena, azpiegitura, baliabideak eta ezagutzak eskainiz, eta esperimentu publiko bat sortzen du consonnin. Geldialdi bat artisten ikerketa eta lan-prozesuan. Profil eta hizkera oso desberdineko artistek hartzen dute parte. Horietako batzuk dira Pablo Marte, Sahatsa Jauregi, Johanna Gustafsson Fürst, Black Tulip, Fermín Jiménez Landa, Mabi Revuelta, Sra. Polaroiska, Diego del Pozo, Macarena Recuerda eta Moonshakers. Auzoan talentu musikala dutenen casting bat egin ondoren, ilunpeko kontzertuak antolatu dira, parapsikologia saioak, skype publiko bat Donna Haraway-ekin Hika Ateneoan; baleak ikusteko txangoak egin dira itsasora, cocktailak sortu, auzoko tabernetako objektuekin eskulturak erakutsi...


consonni Sarean San Frantzisko auzoko sarean inbrikatzen da, baina, era berean, ENPAP arte produktoreen Europako sareko kide da. Zein da mota horretako konplizitateen garrantzia? Nolako onurak ekartzen ditu tokikoaren eta nazioartekoaren arteko elkarrizketak?

consonni konprometituta dago hurbileko komunitatearekin, hau gabe ez luke zentzurik izango kultura kritikoko edukiak ekoizteak. Gainera, publiko hori, askotan, lankidetzako konplizea izaten da, gugan eragina du eta harengandik ikasten dugu. Garrantzitsua da tokikoaren eta nazioartekoaren arteko elkarrizketa hori, hurbileko komunitate hori ez delako tokikoaz soilik elikatzen. Muga geopolitikoak gainditu ditzake. ENPAP (European Network of Public Art Producers) sarearen bidez, eta baita gure liburuak Latinoamerikan zabaltzeari esker, nazioarteko lankidetzak eta konplizitateak elikatzen ditugu, zeinak funtsezkoak diren ikuspegiak dibertsifikatzeko eta erreferentziazko komunitate hori handitzeko.

Komunitate hori ez du publikoak soilik osatzen, komunitateak berak osatzen eta sostengatzen baitu consonni. Arkaitz Olea, Munts Brunet, Iñaki Landa eta María Mur Dean gara eguneroko lantaldea osatzen dugunak. Hala ere, talde hori askoz ere zabalagoa da, kontuan hartzen baditugu gurekin denbora eta espazioa partekatzen dituzten artistak, kideak, ahaideak, ohiko eta noizean behingo konplizeak eta askotariko praktiketako ikasleak. Momenturen batean consonniren parte izan diren pertsona horiek guztiak gabe, gurekin lan egin duten artista eta profesionalak gabe, gure liburuak irakurri eta jardueretara etortzen direnak gabe, honek guztiak ez luke zentzurik izango. Horren komunitateari esker da consonni. Hurbilekotik eta tokikotik abiatzen gara, San Frantzisko auzoko Gorte kaletik, ondoren mugak gainditzeko, hainbat formatutako kultura kritikoko edukien bidez (podcastak, irratsaioak, tailerrak, liburuak...).


Produkzio artistikoari gehitu behar zaio zuen proiektuen osagarri gisa 2009tik egiten duzuen argitaratze-lana. Zein da liburuaren garrantzia prozesu sortzaileak jasotzen dituen formatu gisa?

Argitalpen-produkzioa, guretzat, ez da liburuak fabrikatzea bakarrik. Batez ere ideiak eta pentsamendu kritikoa erreproduzitzea da. Argitalpen-ildoa definitzeko prozesuan, ikusi genuen Espainiako testuinguruan hainbat aldizkari, katalogo eta blogetan idazten duten arte-kritikariek, kuradoreek eta artistek ez dutela liburu propiorik. Talentu sortzaileari hitza emateko eta hausnarketa eta kultura kritikoa hedatzeko beste formula bat aurkitu genuen. Irakurketak, bakarkako ekintza bat izanagatik ere, ondorio kolektiboak dituen eraldatze-ahalmena du. Liburuak, oraindik ere, kultura kritikoko edukia zabaltzeko indar handia du eta, gainera, paperean idatzitako testutik online idatzitakora, ahozkora, entzunezkora, eszenikora eta abar eraldatu daiteke.


2016an argitaletxe bihurtzeko behin betiko pausoa eman zenuten eta Paper bildumaren bidez kritika kulturalari buruzko hainbat saiakera argitaratzen ari zarete. Zein da bildumak ezagutza corpus horri egiten dion ekarpena?

Berrogeita hamar izenburutik gora ditugu eta, gutxika, argitaletxeen munduan txoko bat edukitzea lortzen ari dira, batez ere Paper bildumako kritika kulturalari buruzko saiakeren bidez, bilduma hori nazioartean goraipatu baitute, publikoak eta kritikariek. Paper dantzan dabil kritika kulturalaren eta kultura kritikoaren artean. Kritika kulturalak fenomeno eta produktu kulturalak aztertzen ditu, eta kultura kritikoa haren testuinguruko pentsamendu kritikoaz elikatzen den kultura da. Creative Commons lizentziapean argitaratzen da, eta autore berriak eta izendunak bateratzen ditu, lokal eta nazioartekoak; itzulpen zainduak lantzen dira eta formatuekin, edukiekin eta literatura-generoekin esperimentatzen da, kritika kulturala idazteko, editatzeko, argitaratzeko eta irakurtzeko aukerak ugalduz.


2018-2019 ikasturtean Azkuna zentroko talde egoiliarra izango zarete. Bertan, Radio Shows direlakoen aurretiazko esperientziak izan dituzue dagoeneko. Zertan datza dinamika hori? Nola garatuko da zuen lana egoitza horretan?

Irrati-jarduera consonnin egin dugun proiektu luze eta konplexuenaren ondorioa da, LaPublika proiektuarena, alegia. Eremu publikoari buruzko ikerketa artistikorako laborategi bat izan zen, hiru urte iraun zuena (2014-2016) eta DSS2016 eta Tabakalerarekin koprodukzioan egin zena, Azkuna Zentroaren parte-hartzearekin. Proiektu osoa irratiaren espirituak zeharkatzen zuen. Proiektua amaitu zen, baina irratia formatu gisa mantendu genuen.

Azkuna Zentroari guk irrati-jarduerarekin eta podcastingarekin jarraitzea interesatzen zitzaion, eta beraz, gonbita luzatu ziguten hori egiteko talde egoiliarra izateko aukera horren bidez. Irratia oso maite dugun komunikabide bat da, aldi berean intimitate eta distantzia esperientziak sortzen dituelako eta bertan gorputzik gabeko ahotsek gorputz irudikatuen eta egiazko gorputzen forma hartzen dutelako, egunerokotasuna, partekatutako bizitza eraikiz. Beraz, hainbat gairi buruzko radio show sail bat egingo dugu, eta baita AZko programaziotik abiatutako podcast programa bat. Lehenengo irratsaioa martxoaren 22an izango da.


Zein da consonniren agenda datozen urteetarako?

Oso lanpetuta ibiliko gara, egia esan. AZko radio showez gain, zeinek egundoko lan karga eragiten diguten, gure argitalpen-jarduera handituko dugu, liburu eta bilduma kopurua areagotuz, eta gure argitalpenen hedapena Espainian eta Latinoamerikan finkatzen jarraituko dugu. Era berean, gure asmoa da gure liburutegi publikorako sarbidea eta hedapena hobetzea, katalogatuta dauzkagun liburuen inguruan programak garatzea, katalogoa online jartzea eta beste hainbat gauza egitea. Eta gure espazioan ohiko programak egiten jarraituko dugu, GPP artisten egoitza eta con_textos tailerrak (otsailean bertan egingo dugu tailer bat Vernica Gerber artista mexikarrarekin, Mudanzas eta Conjunto Vacío bezalako liburuen egilearekin). Gainera, ikerketa kulturalen programa bat abiatuko dugu, podcasting laborategi bat. Eta askoz gauza gehiago ari gara lotzen. Beraz, ekinazea eta C bitamina asko hartzen ari gara, egun hauetan mehatxatzen gaituen gripea ez hartzeko.