Ikusmira Berriak 2018: Ikus-entzunezko proiektuak garatzeko egonaldiaren deialdia
- DataOtsailak 5
- Gaia Ikus-entzunezkoa
Zinemako hizkuntzaren eta ekoizpen-moduen berrikuntzaren eta esperimentazioaren alde egiten duten ikus-entzunezko proiektuei laguntzeko egonaldi programa bat da IKUSMIRA BERRIAK.
Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldia elkartearen elkarlanaren ondorioa da.
IKUSMIRA BERRIAK programaren helburu nagusia ikus-entzunezko sormena bultzatzea da, eta bi ardatz ditu: prestakuntza eta ikus-entzunezko proiektuen laguntza.
IKUSMIRA BERRIAKen proiektuak garatzeko egonaldi-programak talentu berriak zein berrikuntza eta hizkuntza berriak bultzatzen dituzten ikus-entzunezko ekoizpen-etxeak eta industriak inplikatu nahi ditu.
Egonaldiak sormenaren garapenerako espazioa, testuingurua eta denbora eskainiko ditu, ekoizpenaren hasierarako laguntza bat eta postprodukzioari laguntzeko sari gisa jasoko den plan bat izango du. Sei astez, hautatutako errealizadoreek beren proiektuak zehaztu ahal izango dituzte Tabakalerak Donostian dituen instalazioetan. Egonaldia Donostiako Zinemaldian egongo diren bertako, estatu mailako eta nazioarteko industriaren aurrean egingo den proiektuen aurkezpen batekin amaituko da.
Guztira lau egonaldi emango dira, talde hauetako bakoitzeko bat:
1. Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketaren azken bost urteko (EIECINE) zuzendariak (2017 - 2013); Donostia Zinemaldiak antolatuta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin elkarlanarekin. Topaketak mundu osoko zinema-eskoletako ikasleak biltzen ditu, beren lanak direla-eta aurrez aukeratuak izan direnak. Ikasle horiek beren film laburren emanaldietan, solasaldietan eta industriako profesionalek ematen dituzten maisu-eskoletan parte hartzea da xedea.
2. Euskal Autonomia Erkidegoko errealizadoreak. Deialdi irekiko zuzendariek Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) erroldatuta egon behar dute, gutxienik oinarri hauek argitara eman baino urtebete lehenagotik, edota, EAEn jaioak izanik, 5 urtez jarraian bertan bizitakoa izan behar dute, edota aldika 10 urtez.
3. Espainiako gainerako lurraldeetako errealizadoreak. Espainian erroldatutako deialdi irekia. Nortasun Agiri Nazionala (NAN) erantsi beharko da.
4. Atzerriko errealizadoreak. Atzerritarrentzako deialdi irekia. Nortasun Agiri Nazionala (NAN) edo Pasaportea erantsi beharko da.
Kasu guztietan, eskatzaileek ingelesez hitz egiteko gaitasuna izan behar dute.
Baloratzeko irizpideak
Proiektuaren kalitatea eta sormena lehenetsiko dira, baita narrazio-estetika berriak sustatzen dituzten adierazpen-modu berritzaileak jasotzea ere.
Zinema-hizkuntzaren bide berriak aztertzea eta prozesuari garrantzia ematea baloratuko dira.
Halaber, batzordeak proiektua gauzatzea bideragarria izatea ere baloratuko du.
Programa 2018ko abuztuaren 20an hasi eta irailaren 30ean amaituko da. Lau astez, egoiliarrak lanean arituko dira beren proiektuak garatuz. Egonaldiaren bosgarren astean, parte-hartzaileek pitching-a prestatuko dute eta beren proiektuak aurkeztuko dituzte Donostia Zinemaldian, industria zinematografikoaren profesionalen aurrean. Zinemaldia bukatu bitartean, Zinemaldiko jardueretan profesional gisa integratuta egoteko aukera izango dute, eta EIECINEn programatutako eskola magistraletara agertzeko aukera izango dute, hala nola agenda profesionaleko topaketetara. Zinemaldiko programazio osorako doako sarbidea izango dute, eta horrela osatuko dira egonaldiaren 6 asteak.
Egonaldiaren kokapena
Egonaldia Tabakalerak Donostian dituen instalazioetan egingo da. Kultura-proiektua ez ezik, Tabakaleraren eraikinak Euskadiko Filmategiaren, Donostia Zinemaldiaren, Etxepare Euskal Institutuaren eta Kutxa Fundazioaren egoitzak hartuko ditu, sormenezko komunikazioa indartzeko eta eragileen zein herritarren arteko elkarlan eta harremanerako guneak ahalbidetzeko.?
Egonaldiaren garapena
Egonaldiaren helburua sormen-garapenerako espazioa, testuingurua eta denbora ematea da. Parte-hartzaileek sei aste izango dituzte proiektuak zehazteko, eta epe horretan beren obrei egokitutako jardueretan parte hartu ahal izango dute.
- Prestakuntza: Hainbat maisu-eskola programatuko dira hautatutako proiektuen arabera.
- Sormen-aholkulariak: Hautaketa Batzordeko kideek proiektu guztiak aholkatuko dituzte, eta horien garapena orientatu eta ikuskatuko dute.
- Hautatutakoekin jendaurreko jarduera bat egingo da IKUSMIRA BERRIAK herritarrei ezagutarazteko. Tabakalerak bere zine aretoa (229 eserlektu, DCP eta 35mm) eta lau gutun zuri eskeintzen ditu parte hartzaileek beraien bidean garrantzitsuak izan diren eta beraien motibazio zinematografikoak eta proiektuak ulertzen laguntzen duten lanak programatzeko.
Pitching-saioa
Proiektua garatzeko egonaldia amaitu eta astebete lehenago, parte-hartzaileek proiektuak pitching-saio batean aurkeztuko dituzte: memoria, errodeja/ekoizpen plana eta aurrekontu zehatz bat. Zinemaldiaren baitan egingo da euskal, estatu mailako eta nazioarteko ekoizleen aurrean.
Pitching-saio horren aurreko lau egunetan prestaketa-tailer bat emango dute sormen-aholkulariek proiektuak aztertzeko eta bakoitzarekin banako lana egiteko.
Proiektuak ingelesez, euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu beharko dira.


