María Gembero-Ustarroz: «Musika gure bizitzaren parte da, baita gure memoriarena ere»

  • María Gembero-Ustarroz: «Musika gure bizitzaren parte da, baita gure memoriarena ere»
    JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Berria.eus

  • DataOtsailak 5
  • Gaia Musika

Historialari, musikologo eta piano jotzailea da Gembero-Ustarroz. Bartzelonako CSICen musikologiako ikerlari izendatua da, eta Nafarroako musikaren historian aditua
Musika eta historia. Historia eta musika. Biak loturik daude Maria Gembero-Ustarrozen ibilbidean (Iruñea, 1959). Tesian XVIII. mendeko Iruñeko katedraletako musika aztertu zuen. Iruñeko kontserbatorioan irakasle izan zen, baina urte gehien Granadan eman du Musikologia karreran irakasle. Egun, Katalunian ari da ikerlari, eta, iaz, Nafarroako musikaren historiari buruzko liburua argitaratu zuen. «Musika ez dut maite soilik dibertsio bezala, baizik eta historiaren, gizartearen eta kulturaren parte bezala», dio.

Historia karrera eta piano titulua une berean atera zenituen. Biak lotu dituzu beti?

Garai horretan ez zen musikologia karrerarik; beraz, historia egin nuen, asko maite nuelako, eta pianoa, hori ere asko maite nuelako. Tesirako, biak elkartu nituen.

Granadara doktoretza bukatzera joan zinen halabeharrez?

Hainbat gauza nahastu ziren. Bederatzi urtez irakasle izan nintzen Iruñeko kontserbatorioan. Esperientzia oso ona izan zen, ikasle oso onak zeuden, baina Granadara joatea erronka bat zen, ikasten jarraitzeko aukera zen.

Nondik heldu zaizu musikarekiko zaletasuna?

Familian lehenbizikoa naiz, nik dakidala behinik behin. Gurasoek kontserbatoriora eraman ninduten, anai-arrebak bezala, eta nik jarraitu nuen.

Ez zen ohikoena haurrak kontserbatoriora eramatea, ezta?

Egia esan, ez. Garai hartan ez zen bekarik atzerrian ikasteko eta. Zortea izan nuen, piano ikasketen azken garaian Pascal Aldabe zelako zuzendari, eta hark Frantziako irakasleak ekarri zituen. Horiek mundu bat zabaldu zidaten.

Bi aldeetan izan zara. Nola bizi dituzu irakasle eta ikasle rolak?

Klaseak ematen hasten zarelarik ikaraturik zaude, ardura handia delako. Baina, egia esan, beste batzuei irakasteak asko irakasten dizu zuri. Bi aldeek dituzte alor interesgarriak. Piano irakasle nintzen, baina berehala hasi nintzen Musikaren Historia eta Estetika ematen. Oso interesgarria zen, kontserbatoriokoen musika ikasketen maila altuagoa baitzen unibertsitatean musikologia egiten zutenena baino.

Musikologia hasi berritan joan zinen Granadara. Zer moduzko hasiera izan zen?

Musikologia espezialitatearen bigarren urtea zen nirea. Zerbait berria hasi behar izan genuen; beraz, lan handia genuen. Irakasgai berriak egin behar genituen, baina oso interesgarria izan zen, era berean. Zure lurreko perspektiba ere ematen dizu; zure kultura eta musika ibilbidea beste ikuspegi batetik ikusten duzu. Bestalde, ordura arte Nafarroako musika ikertu nuen, eta orduan hasi nintzen Iberiar penintsularen eta Amerikaren arteko musika harremanak aztertzen.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri