Eskina femenina, Hip Hop-aren munduko emakumezkoen lana zabalduz

  • Eskina femenina, Hip Hop-aren munduko emakumezkoen lana zabalduz

Aneguria eta La Basu ez dira izen berriak Hip Hop-aren arloan. Urte asko daramatzate oholtzan eta euren lana ezaguna da gure mugen barnean zein kanpoan (Aneguria iazko Banden Lehiako irabazlea izan zen, La Basuk bigarren toki txalogarria lortu zuen iazko Suns Europe Hizkuntza Gutxituen kantu lehiaketan). Beraiek bezala, euren lana ezagutarazteko zailtasun handiak dituzten emakume asko ari dira lanean musika genero honetan. Oztopo hauei guztiei aurre egiteko eta emakumeen lana zabaltzeko Eskina Femenina jarri zuten martxan. Egitasmoaren gakoak ezagutzeko, Kulturkliken beraiekin mintzatu gara.

 


Noiz eta nola gurutzatu ziren La Basu eta Aneguriaren bideak?

Egia esan, aspalditik ezagutzen dugu elkar, baina duela bost urte elkartu ginen lan egiteko. Emakumeek egindako rapak bultzada bat behar zuen eta proposamen honekin elkartu ginen.


Biek autoekoiztu zenuten zuen iazko diskoak, Aneguriak “Horchata de Chufa” eta La Basuk “Ni naiz Izotz Erregina”. Zuen esperientzia oinarri hartuta, zeintzuk dira autogestioaren alde onak eta txarrak?

Ez da erraza izan, autogestioa gogorra da. Lan handia egin behar da. Batzuetan gaiak menperatu gabe gestionatu behar dira eta kriston marroietan sartzen zara (barreak). Baina beno, asko ikasten duzu... 

Oso konplexua da musika egiteaz gain disko bat sortzea, hedapena kudeatzea eta berez, kultura burujabea egitea. Proiektuan parte hartu duten sortzaile guztien ekoizle eskubideak kudeatu behar dira... 

Alde ona ere badauka, nahi duzuna egiten duzula beti. Hau da, zure lanaren jabea zara eta dena nahi duzun moduan kudeatzen duzu.


 

2013. urtean Eskina Femenina ekimena aurkeztu zenuten. Zertan datza? Zein helbururekin jarri zenuten martxan?

Eskina femenina Hip Hop-aren esparruan emakumezkoen lana zabaltzeko eta erreferente berriak sortzeko jaio zen. Mundu hau gizonezkoena izan da beti eta zaila da toki txiki bat egitea. Lan handia egin dugu gure proiektuan: irratsaioak, idazketa tailerrak, emanaldiak... Eta 3 urte daramatzagu “Bazterfest“ jaialdia antolatzen. Honetaz aparte, kanal bat daukagu youtuben 1.600 bideoekin, eta poliki poliki handitzen goaz.

 

Zein da plataformatik burutzen duzuen lan praktikoa?

Gure sare sozialetan artisten lanak eta ekimenak partekatzen ditugu. Kontzeptu erraza da: bilatu, identifikatu, partekatu eta jarraitu. Harremanak landu eta sarea sortu, hori da gure lan praktikoa.

 

 

Hip Hop-aren arloan emakumeen lana ezagutarazi eta zabaltzeko orduan lagun izan dituzue sare sozialak. Izan ere eta lehen aipatu bezala, 1.600 bideo baino gehiago batzen dituen youtube kanala sortu duzue. Nolakoa izan da material honen guztiaren ikerketa eta bilaketa lana?

Ufff! Oso lan gogorra izan da. Euskal Herrian ez dago emakume asko, estatuan gutxi batzuk eta, beraz, kanpoan bilatu behar izan ditugu. Bideokliparik ez duten emakume askorekin ere topatu gara, eta orduan ezin izan dugu haien lana kanalean zabaldu….

Oso interesantea da kanalean ikustea emakume txinatarrak rapeatzen edo palestinako emakumeak grafittia egiten…


Emakumeek Hip Hop-ean egiten duten lana eta haien presentzia eta ikusgaitasuna sustatzea helburu duen BazterFest Jaialdiaren hirugarren edizioa ospatu zenuten abenduan. Abiatu zenetik, zein da hitzordu honen inguruan egiten duzuen balorazioa?

Balorazioa oso positiboa izan da. Jendeak proiektua ezagutzen du eta emakumeak oholtza gainean ikustera etortzen dira.

Artistei ere, aukera ederra ematen zaie haien lanak zabaltzeko eta Euskal Herrira etortzeko.

 

 

Honetaz aparte, aurreko Durangoko Azokan Eskina Femeninaren lana oso publiko gaztearen aurrean aurkezteko aukera izan zenuten, Ikasle Egunaren testuinguruan. Nola bizi izan zenuten esperientzia hura?

Bai, Durangoko azokan rap tailer bat egin genuen eta giro polita sortu zen. Gazteek kuriositate handia daukate hip hoparen inguruan. Parte hartzen dute eta interesa jartzen diote. Guretzako oso polita da haiek ikastea, apur bat, kultura hau nondik datorren eta ez gelditzea soilik telebistan erakusten digutenarekin.


Zein da Eskina Femeninari eman nahiko zenioketen ibilbidea?

Bide berdinetik jarraituko dugu lanean, erreferente berriak sortzen eta emakume berriak bilatzen. Hau da gure mundua, maite dugu egiten dugun hau!