Lorea Bilbao: "Foru-liburutegia bizirik dagoen espazio bat da, eta irakurmena sustatzea da funtsezkoena"
- DataUrtarrilak 22
- Gaia Artxibategiak eta Liburutegiak
Euskara eta Kulturako diputatuak Bizkaiko Foru Liburutegiaren 2018. urterako programazioa aurkeztu du. Bertan, besteak beste, erakusketak, ikastaroak, tailerrak, irakurtzeko taldeak, literaturako topaketak, berbaldiak, hitzaldiak eta literatura-lehiaketak eskainiko dira
Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako diputatuak foru-liburutegiaren programazioa aurkeztu du gaur, haren arabera "bizirik dagoen espazio bat da, eta irakurmena sustatzea da funtsezkoena".
Foru-liburutegiko jarduerak 2008. urtean antolatu ziren lehenengoz, eta hamar urte ondoren, askotariko kultura-programazioa gero eta zabalagoa da. Gainera, azken hamarkadan 41.849 pertsonak hartu dute parte jardueretan.
Kultura-programazioan 2018rako lau erakusketa eskainiko dira urte osoan zehar: Muga argazki-erakusketa, Jesús Mari Arruabarrene du egile eta komisario. Martxoaren 15etik apirilaren 30era egongo da ikusgai. Ondoren, Videre Discere Est erakusketa hasiko da, ekainaren 11tik uztailaren 21era. Bertan medikuntzari, zoologiari eta botanikari buruzko liburu grafikoen bilduma bat aurkeztuko da, foru-liburutegiaren funts zaharrean dagoena. Beste erakusketa bat edizio esperimentalen metakontakizun bat da, eta Juanje Sanz du komisario. Irailaren 17an hasi eta urriaren 31n amaituko da. Urtea amaitzeko Euskal Mitologiaren hirugarren edizioa egongo da ikusgai. Jende asko bertaratu ohi da erakusketara eta, iaz, esaterako, 3.129 pertsona egon ziren.
Foru-liburutegian, halaber, ikastaroak eta tailerrak antolatzen dira. Guztira, hamaika egingo dira. Gaur egun arte egon den prestakuntza-eskaintzarik handiena da; guztira, ehun eta berrogeita hamabi ordu egingo dira, 2017. urtean baino berrogeita hamabi gehiago. Ia ordu horien erdia euskarazko jarduerak egiteko erabiliko dira (aurreko urtean baino % 8 gehiago).
Irakurtzeko zaletasuna sustatzeko helburuarekin, irakurtzeko lau talde egingo dira, bi gaztelaniaz eta bi euskaraz. Ehun eta hogei toki egongo dira. Euskararen kasuan, Txani Rodríguezek eta Julen Gabiriak zuzenduko dituzte irakurtzeko tailerrak, eta gaztelaniazkoak, berriz, Aixa de la Cruzek eta Ivan Repilak koordinatuko dituzte. Foru-liburutegia, gainera, literaturako topaketak egiteko lekua izango da. Besteak beste, 2017ko Euskadi Literatura Sarietako bi saridun egongo dira: Arantza Urretabizkaia eta Asier Serrano. Euskaraz bost topaketa egingo dira Ana Malagón, Asier Serrano, Nerea Arrien, Arantza Urretabizkaia eta Anjel Lertxundirekin, eta gaztelaniaz, aldiz, lau Fernando Marías, Galder Reguera, Aixa de la Cruz eta Txani Rodríguezekin.
2018. urtean hamazazpi berbaldi eta hitzaldi antolatuko dira. Horiez gain, beste hiru jarduera egingo dira. Hainbat egun iraungo duten jardunaldiak izango dira, azken urteetan ere antolatu direnak: Irakurleak eraikitzen (5. edizioa), LiburuTEKia (7. edizioa) eta Letrak eta futbola (9. edizioa). Mahai-inguruak, ziklo monografikoak, aurkezpenak eta abar egongo dira. Bestalde, honako hitzaldi hauek antolatu dira, besteak beste:
Clásicas y Modernas: emakumeek historian zehar izandako paperari buruzko hitzaldiak. Rosa Montero, Josune Muñoz, Laura Freixas, Cristina Morató eta Carmen Alborch bilduko dira.
Literatura y viajes, Ander Izagirreren eskutik.
Novela histórica, Oskar Benegas, Galder Izarzugaza, Aitziber Etxeberria eta Toti Martínez de Lezearekin.
Monólogos de humor, Gurutze Beitia eta Amaia Arkotxarekin.


