Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu biharko itsasbazterrerako kostaldeko inpaktuagatik.

Argitalpen-data: 

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du bihar ostegunerako, urtarrilak 18, kostaldeko inpaktuagatik 4:00etatik 7:00etara bitartean, eta abisu horia, berriz ere kostaldeko inpaktuagatik, 17:00etatik 19:00etara bitartean.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenaren arabera, Atlantikoan, Britainiar Irlen ipar-mendebaldean, kokatutako behe-presioko aldearen eraginez olatu handiak sortzen ari dira eta Euskadiko kostalderantz hedatzen ari dira hondoko itsaso moduan.

Berez, gaur, asteazkena, hilak 17, EAEra olatu handiak iristea espero da, eta olatuen altuera adierazgarria 5-6 metrokoa izango dela aurreikusten da. Gainera, hondoko itsasoa iritsiko denez olatu indartsuak sortuko dira, eta marea biziekin bat egingo dutenez, kostaldeko inpaktua espero da.

Horrela, bihar, osteguna, hilak 18, EAEn abisu horia egongo da aktibatuta nabigaziorako egun osoan eta alerta laranja kostaldeko inpaktuagatik lehenengo itsasgora inguruan, hau da, 04:00etatik 07:00etara bitartean eta abisu horia, kasu horretan ere kostaldeko inpaktuagatik, bigarren itsasgoran, 17:00etatik 19:00etara bitartean, alegia. Goizaldeko kostaldeko inpaktua izango da, beraz, egunotako adierazgarriena.

Ostegunean, hilaren 18an, olatuen altuera adierazgarria goizaldean 5 metro ingurukoa izango da oraindik, baina goizean zehar behera egingo du eta egunaren bigarren erdian 3.5-4 metro ingurukoa izango da. Ostiralean olatuen altuera adierazgarria 3.5-4 metro ingurukoa izango da.

Ostiralean, hilaren 19an, abisu horia egongo da aktibatuta nabigaziorako egun osoan, eta abisu horia kostaldeko inpaktuagatik lehenengo itsasgoran, hau da, 05:00etatik 07:00etara bitartean.

Astebururako ziurgabetasuna handia bada ere, olatuen altuera adierazgarriak segur aski behera egingo du, nahiz eta litekeena den oraindik ere 3.5 metrotik gorako olatuak izatea. .

Gomendioak:

  • Ez hurbildu olatuen inpaktu guneetara, olatuek jo eta eraman egin baitzaitzakete.
  • Argazki ikusgarri batek ez du alferrikako arriskua konpentsatzen.
  • Itsasora eroriz gero, saiatu olatuak lehertzen diren lekutik aldentzen, eskatu laguntza eta itxaron erreskatatu arte.
  • Olatuek eramaten bazaituzte, zaude lasai; ez egin igeri korrontearen aurka; itsasertzeko korronteek indarra galtzen dute tarte batzuetan.

Udalek hartu beharreko neurriak:

  • Zaindu eta kontrolatu itsasertzeko errepideetako edo pasealekuetako arrisku guneak.
  • Herritarrak ohartarazi denboralearen ondoriozko arrisku-egoeraz eta hartu beharreko prebentzio-neurriez.

 

Oharra: Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet).