Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu biharko itsasbazterreko nabigaziorako eta abisu horia kostaldeko inpaktuagatik.

Argitalpen-data: 

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du bihar asteazkenerako, urtarrilak 17, itsasbazterreko nabigaziorako lehenengo bi milietan 00:00etatik 24:00etara bitartean, eta abisu horia kostaldeko inpaktuagatik 4:00etatik 6:00etara bitartean eta 16:00etatik eta 18:00etara bitartean.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Atlantikoan, Britainiar Irlen ipar-mendebaldean, kokatutako behe-presioko aldearen eraginez olatu handiak sortzen ari dira eta Euskadiko kostalderantz hedatzen ari dira hondoko itsaso moduan.

Gaur, asteartea, beraz, arratsaldean, olatuen altuera adierazgarriak 3.5 metroak gainditu ditzake eta azken orduetan 4.5 metrora ere irits daiteke. Hala eta guztiz ere, bihar, asteazkena, hilak 17, iritsiko dira EAEra olatu indartsuagoak, eta olatuen altuera adierazgarria 5-6 metrokoa izango da.

Iritsiko den hondoko itsasoaren ondorioz olatu bortitzak sortuko dira, eta marea biziak ere izango direla kontuan hartuta kostaldeko inpaktua espero da. Ostegunean, hilaren 18an, behera egingo du olatuen altuera adierazgarriak, nahiz eta 4-5 metro ingurukoa izango den.

Berez, ostegunean, hilaren 18an, EAEn abisu horia egongo da aktibatuta nabigaziorako egun osoan eta abisu horia kostaldeko inpaktuagatik itsasgoretan, hau da, 4:00etatik 7:00etara bitartean eta 17:00etatik 19:00etara bitartean. Ostegun goizaldeko kostaldeko inpaktua izango da, beraz, egunotako adierazgarriena.

Hurrengo egunetan egoera ez da askorik aldatuko, eta olatuen altuera adierazgarria 4 metrotik gorakoa izango da ia igandera arte, hilaren 21era arte. Litekeena da, beraz, abisu horiarekin jarraitzea nabigaziorako eta kostaldeko inpaktuagatik. Hori erantsi behar zaio asteburuan prezipitazio ugari izatea espero dela.

 

Oharra: Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet).