Oteitza Lizeo Politeknikoari diru-laguntza, lanbide-espezializazioko programa bat martxan jar dezan (Gobernu Bilera 2018-11-27)

logoconsejo.jpg

2018.eko azaroak 27

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Zarauzko Oteitza Lizeo Politeknikoa BHIP ikastetxeari 133.505,10 euroko diru-laguntza zuzena ematea. Laguntza hau ikastetxeak “Abiadura Altuko eta Errendimendu Altuko Material Berezien Mekanizazio Aurreratua” deituriko Lanbide-espezializazioko Programa abian jar dezan ematen zaio.

Espezializazioko programa hau martxan jarrita, Hezkuntza Sailaren helburua da, Urola Kosta eskualdean mekanizazio industrialaren arloan diharduten enpresek, edo indarra hartzen ari diren sektoreetakoek dituzten berariazko kualifikazio premiei erantzuna ematea, askotan bete gabe gelditzen baitira egun.

Espezializazio programa honek, bertan ikasten duten ikasleei ahalbidetzen die aipaturiko sektore horretako enpresek (mekanizatua jarduera nagusi duten enpresek) eskatzen duten ezagutza sakonagoa hartzea eta gaitasun profesional egokiagoen jabe egitea. Era honetan, egun bete gabe gelditzen diren lanpostuak hartzeko prestatzen dira ikasleak.

“Abiadura Altuko eta Errendimendu Altuko Material Berezien Mekanizazio Aurreratua”  800 orduko prestakuntza espezializatua duen programa da, eredu dualekoa. Horietatik 680 ordu ikastetxean betetzen dira, eta 120 ordu enpresako proiektuan, ikastetxeak jarraipena egiten diola. Honen bidez, ikasleak prestakuntza maila altua jasoko du, maila teknologiko handikoa eta berritzailea. Programa honekin lotutako titulua Ekoizpenaren programazioko goi-mailako teknikariaren titulua da.

Lanbide-espezializazioko Programa hau Zarauzko Oteitza Lizeo Politeknikoan ezartzeko, eskualdeko enpresek dituzten prestakuntza premien analisi sakona egin da, horrela antzemandako langileen kualifikazio eta espezializazio behar horiei erantzun zehatza eman ahal izateko. Formula honek ikasleen enplegagarritasuna eta enpresen lehiakortasuna hobetzen ditu.